Aurretik atzera ere bai

Eibarrek zortzi partida jarraian galtzearen eragileak asko izan ziren, eta azalpenak emateko erabili izan diren betiko esaldiez haragokoak daude. Erasoko jokoa sortu eta garatzean baldar ibili izana da eragile handienetakoa.

Eibarreko jokalariak, elkarri bostekoa ematen, Granadan, partida amaitu berritan. MIGUEL ANGEL MOLINA / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2015eko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Futbola bizirik dago, eta etengabe ari da aldatzen. Dena asmatuta dagoela esan ohi da, baina baieztapen okerra da. Aldatzen eta berritzen ari baita. Pep Segura entrenatzaile kataluniarrak, Liverpooleko harrobiaren arduradun ohiak, berriki esana da hau: «Erasoko jokoa gero eta gehiago lantzen hasita daude entrenatzaile batzuk, eta datozen urteetako joera hortik joango da».

Atzetik aurrera antolatu behar direla taldeak mila bider entzun izan da, eta askotan, esaldi horren ondorioa hau izaten da: atzealdea lantzen da, eta aurrealdea gutxiago edo batere ez. Seguraren iragarpenari jarraituz, hemendik aurrera taldeak aurretik atzera ere eraiki beharko dira.

Euskal Herriko talde baten bueltan ere azaleratu da gai hori azkenaldian. Eibarrek zortzi partida egin ditu punturik batu gabe, eta taldearen arduradun nagusiak, Gaizka Garitanok oso garbi esan du zertan ibili diren edo dabiltzan oker: «Erasoan gehiegitan ari gara baloia galtzen, eta Lehen Mailan, ezinbestean eduki behar duzu baloia».

Bigarren itzuli osoan, bederatzigarren partidan urratu zuen puntua Eibarrek, joan zen larunbatean, eta horren aurreko bolada txarraz asko hitz egin izan da. Halakoetan ohi den bezala, eragileen eta zergatien bila ibili dira solasaldi eta azterketa guztiak. Horietako asko betiko esaldietan oinarritu izan dira, baina eragileak futbolarekin dute lotura: futbolaren berezko ezaugarrietan egon dira Eibarren arazoak. Goazen xehatzera.

ERASOAN, TRAKETS

Zortzi partidako bolada txarrean, batean bakarrik moldatu zen ondo Eibar erasoan. Elxen aurka izan zen, Ipuruan. Bigarren zatian, hain justu. Jokoa inoiz baino gehiago sortu zuen, baita aukerak ere horri esker, baina kale egin zuen gola sartzean. Gainontzeko partidetan, kamuts aritu da taldea erasoan. Jokoa sortzen ere lanak izan ditu —defentsatik erasora igarotzeko une azkar horietan, barne—, eta jakina, sortzen ez bada, nekez iristen da talde bat bukatzeko aukerak edukitzera.

Horrek guztiak erasoan ez ezik, defentsan ere sekulako eragina izan du; azken batean aurpegi beraren bi alde baitira erasoko eta defentsako lana.

DEFENTSAN, DENBORA ASKO

Erasoan trakets aritzeagatik, baloiaren jabetza gutxiagotan eduki du Eibarrek. Hau da: aurkariak izan du baloia berak baino gehiagotan. Horren ondorioa izan da Garitanoren taldeak bestetan baino denbora gehiago igaro behar izan duela defentsako lanean. Garitanok berak esan izan duen bezala, «estatistika kontua da». Gehiago defendatu beharrak arriskua dauka: aurkariak aukera gehiago izaten ditu gola sartzeko. Nekea ere gehiago pilatzen zaio talde bati defendatzen denbora asko egotean: neke fisikoa eta psikologikoa.

Bolada txar honetan, golak jaso ditu Eibarrek partida guztietan; lehen itzulian ez bezala. Golak era guztietakoak sartu dizkiote, baina nabarmendu jokalarien akats zehatzek eragindakoak nabarmendu dira. Horra beste eragileetako bat.

BAKARKAKO HUTSAK

Xabi Iruretak egin du huts gehien. Erreskadan egin zituen Deportivoren aurka, Elxen kontra eta Vila-realen zelaian, eta huts horien eraginez, besteak beste, joan zitzaizkion puntuak taldeari. Aulkian egotearekin ordaindu ditu hutsak atezainak. Atzeko lerroan ere egon dira hutsak, eta larriak, gainera. Horietako batzuk geldikako jokaldietan izan ziren; esaterako: Elxen eta Athleticen aurka. Jokoaren alor horretan indartsu ibili zen Eibar lehen itzulian, baina orain ez dabil batere ondo. Ez defentsan, ezta erasoan ere.

Atzealdeko huts horiek sakontzea ere komeni da, horiek eragin izan dituzten arrazoiak ere badaudelako. Nagusiki bi: Raul Albentosak alde egin izana, eta atzelariekin lerro titularra osatu ezina, lesioak eta txartelen ondoriozko zigorrak direla medio.

ALDAKETAK ATZEALDEAN

Albentosaren gabezia handia izaten ari da, nahiz eta azkenaldian Txema Añibarro lekua hartzen ari den, lan txukuna osatuz. Joan zena ordezkoak baino hobea den edo ez alde batera utziz, joan izanak aldaketak egitera behartu du Garitano, eta hain landua zegoen atzeko lerroan zerbait aldatzea nekosoa izan da. Gainera, nahi baino gehiagotan egin behar izan ditu aldaketak entrenatzaileak, lesioak eta txartelen zigorrak eraginda.

Lehengo sendotasunari eustea zaila da hainbeste aldaketarekin, eta taldeak lehen baino denbora gehiago igarotzen duenez defentsan, ez da harritzekoa izan atzealdean arazoak edukitzea. Erabat finkatu gabeko lerroak lan handia izan du, eta ezin bada aurkarien oldarraldi guztiak geratu horrela.

Finkatzeko aukeraren bila, Albentosaren zuloa betetzen saiatu zen kluba, baina huts egin zuen Rafa Paezen fitxaketa lotzeko burokrazia lanean, eta Eibarren den arren, ezin du jokatu erdiko atzelariak. Taldea motz geratu da, eta hori ere gabezia izan du, eta izango du.

TALDEA INDARTU GABE

Kontu honetaz orain jardutea errazegia da. Izan ere, lehen itzulia 27 punturekin amaitu eta gero, inork ez zuen aipatu taldea indartu beharra egongo zenik bigarren itzulirako. Zegoena balekotzat jotzen zen. Emaitzen bolada txarra heldu denean ez da bidezkoa klubari kritika egitea taldea ez indartzeagatik.

Hala ere, horretan atera beharko luke ikasgaia klubak. Izan ere, ez jaisteko borrokan dabiltzan talde guztiek egin zituzten fitxaketak neguko merkatuan, eta indartu egin dira. Ez dira lehen itzuliko talde berberak; Eibar bai. Baina daukanarekin bete beharko du helburua Garitanok, eta berak dioen bezala, «emaitza txarrak aukera ona dira guk geuk geure jarduna hobetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.