Ametsa. Ametsa da azken egunotan Eibarko kaleetan gehien entzuten den hitza. Lehen mailara igotzea herriko taldearen esku dago eta ilusioa taberna zein lagun koadrila guztietako solasaldietara iritsi da. Taldeari, baina, hamahiru pauso falta zaizkio oraindik. Hamahiru jardunaldi falta diraeta behetik datozenek asko estutu dute sailkapena azken partidetan. Badago liga bukaera Eibarri luzeegia egingo zaiola uste duenik, bakan batzuk dira ordea. Herritar gehienak taldeak aurtengo San Juan jaiak gozatu egingo dituen ustekoak baitira . Egunotan futbol giroa arnasten da Eibarren. Eibarrek bigarren mailan jarraian egindako hamazazpi denboraldietan gozoena bizi du aurten. Halere oraindik ez du Ipurua betetzerik lortu. Teneriferen aurka jokaturiko azken partidan 3.500 lagun joan ziren zelaira, 1.700 eserleku hutsik gelditu ziren. Azken hamahiru jardunaldietatik Eibarrek zazpi etxean jokatuko ditu, eta taldeko zuzendaritzak ondo daki ikusleen bultzada beharrezkoa izango dela ligako azken txanpan. Hori dela-eta, Eibarreko presidente Jaime Barriusok, laguntza deia egin dio herriari: «Taldearekiko atxikimendua duen orok bukaera arte lagundu behar digu. Orain edo inoiz ez, sinestezina da hain denboraldi ona egin ostean jendea Ipuruara joan gabe jarraitzea». Zuzendaritzak, zaleez gain, jokalarien grina sustatu nahi izan du. Liga bukaeran taldeak lehen mailara igotzea lortzen badu, jokalariek diru sari berezia jasoko dute. Horretarako Eibarreko zuzendaritzak kapital handitze txiki bat bideratu du, zaleek akzio gehiago eros ditzaten. «Behar dugun dirua da. Herri guztiak lagundu behar du denoi komeni zaigun helburua lortzen». Dena da zilegi amets baten truke.
Getafek eta Extremadurak lortu bazutenÉ
Taldeko presidentea oso baikor ageri bada, Ipuruako zaleak ez dira gutxiago. Eibarren jada ez da eguraldiaren inguruan hitz egiten. Balkoiak bandera gorri urdinekin apaintzen dituzten herritarrek aurten mintzagai hobea baitaukate. Tabernetako lagun koadriletan galdera bat oso ohiko eginda. «Aurten lortuko al dugu?», erantzunak, berriz, baikortasun otzandua erakusten du. «Etxeko puntuak lotuz gero auskalo!, gainera, Extremadurak eta Getafe igo baziren gu zergatik ez».
Eskozia la Brava Eibarrek Eibarren duen zale talde ofizial bakarra da bestea Katalunian dago. Adolfo Vicente taldeko ordezkarietako bat da eta oso baikor ageri da liga bukaerari begira. «Eibar mailaz igoko da, Celtarekin eta Recreativorekin batera» dio. Eskozia la Bravak erlazio zuzena du Ipuruako zaleekin, eta Vicentek harmailetan itxaropena nagusi dela nabarmentzen du. «Hasieran kasualitate hutsa izan zitekeela uste zen, eta jardunaldiak pasa hala ilusioa hazi egin da. Egun igoera lor daitekeela uste du jendeak, hori sinesten hasiak gara».Taldeko presidenteak herri guztiaren inplikazioa eskatu zuen eta apurka Eibarren gero eta futbol giro gehiago arnasten da. Halere, Vicenteren iritziz, bultzadak gora egin behar du. «Hemendik aurrerabeharrezkoa da herriaren inplikazioa. Azken jardunaldiak garrantzitsuak dira eta hor denda, ostalari eta abarrek lagundu behar dute. Taldea lehen mailara igotzea herri guztiarentzat ona delako.»Astero jende gehiago joaten da Ipuruara, halere oso urrun ageri da harmaila guztiak beteko diren eguna. Eserleku hutsek, baina, ez dute urduritzen. «Ipuruan giro ona arnasten da, gero eta gehiago gara eta bero animatzen dugu. Taldeak berdin jarraitzen badu, liga bukaerako jardunaldietan Ipurua beteko da.»Eskozia la Bravak Eibar kanpoan ikusteko bidaiak antolatzen ditu urtero. Sasoi honetan antolaturiko irteera guztiek harrera ona izan dute . «Irteerak arrakastatsuak izan dira, Salamancakoa eta Valladolidekoa igande eguerdizizan baziren ere denak bete ditugu.»Taldearen emaitza onak ikusita liga bukaera arte bidai gehiago antolatuko dituztela aurreratu du. «Murtziakoaren ostean hurrengo hiru irteerak Kataluniara dira, Tarragonara, Lleidara eta Terrassara. Zuzendaritzarekin hitz egin dugu eta lagunduko gaituzte. Eibarreko zaleek bertan animatzeko aukera izango dute».Gainera, Vicentek harriduraz nabarmentzen duenez, «sasoi honetan, Eibarrek askoz hobeto jokatzen du etxetik kanpo Ipuruan baino». Ezin gehiago eskatu.
FUTBOLA. ESPAINIAKO LIGA. BIGARREN MAILA. EIBAR
Aurten edo inoiz ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu