Athleticek denboraldiko neurketarik gaitzenetakoa jokatu beharko du lehen itzulia amaitzeko. Santiago Bernabeun ariko dira zuri-gorriak. Real Madrilen historia luzea eta loriazkoa da, eta beti izan da gaitza Madrilen irabaztea. Athleticek talde txapeldunak izan dituenean ere ez du sarri irabazi Bernabeun. Azken hamarkadetan jipoiak hartzea egokitu zaio batez ere. Azken garaipena 2005ean lortu zuen. Ernesto Valverde zen entrenatzailea (0-2). Llorentek, Iraolak eta Gurpegik bakarrik jarraitzen dute taldean. Orduko Athletic eta gaur egungoa ezberdinak dira, baina bistakoa da zenbait ezaugarri bertsuak dituztela ere: joko landuaren eta erasoko futbolaren aldeko apustuan pareka daitezke.
Zaleen artean ilusioa eta itxaropena sortu duten ezaugarri horiek ez galtzeko eskatu behar zaio Athletici gaur. Orain arte berdin-berdin jokatu du etxean zein kanpoan. Aurkaria zein den begiratu gabe, ausart eta inolako beldurrik gabe zelairatu da. Real Madril handiaren kontra ere berdin egin beharko luke. «Bernabeun irabazi ahal izateko, arriskatu egin behar da», esan zuen herenegun Fernando Llorentek. Hala egin ezean, litekeena da egurra jasotzea. Baita jarrera ona erakutsita ere, aurrean munduko talderik indartsuenetariko bat izango duelako., Bartzelona izan ezik, neurria hartua dion eta historian arrastoa uzten ari den taldea izan ezik, aurkari guztiak txikitzen ari da Real Madril. Etxean zazpi partida irabazi ditu eta bakarra galdu —Bartzelonaren kontra, noski—. Ia guztia irabazi du. Eta nola, gainera. Batez beste lau gol sartzen ditu bere zaleen aurrean jokatzen duenean.
Real Madrilek beldurra ematen du. Bartzelonaren hiru urteko aro arrakastatsua amaitu gura du. Eta bide zuzena hartu duela dirudi, lan erdietara ailegatzear dagoela bost punturen aldea baitauka. Bartzelonari ezin dio aurrez aurre jokatu, baina Pep Guardiolaren taldea huts egiten ari den zelaietan erraz ari da irabazten Jose Mourinhorena. Beraz, pentsatzekoa da Bartzelonaren kontra jasotako hamaikagarren kolpea lehenbailehen ahaztu eta orain arte pilatutako abantailari eusten ahaleginduko dela. Horretarako, arma asko eta onak ditu: defentsako lan sendoa, gol sen aparta duten erasoko jokalari asko, neurketa askotan jokoaren ekimena eramateko gaitasuna… baina, batez ere,Real Madrilen kontraerasoa da beldurgarria. Bi edo hiru pasetan area batetik bestera ailegatzeko gai dira Ronaldo, Higuain eta enparauak. «Beharbada Bartzelonaren kontra jokatzea baino gaitzagoa izango da guretzat Real Madrilen kontrakoa. Guk baloiaren jabe izanda erasotzea dugu gustuko, eta euren kontraerasoa oso ona da. Beraz, jokaldiak amaitu beharko ditugu. Horrela, jokalari bakoitzak bere lekua berreskuratuko du», adierazi zuen atzo Ander Herrerak.
Amorebieta ezker hegaletik
Marcelo Bielsak ez du ezer berezirik egingo Real Madrili aurre egiteko. Txartel pilaketa tarteko, Jon Aurtenetxek neurketa bateko zigorra bete beharko du. Hutsune hori aprobetxatuz hiru erdiko atzelarirekin joka zezakeela ere pentsa zitekeen, baina lau jokalariko atzeko lerroarekin jarraituko du. Real Madrilek erdiko aurrelari bakar batekin jokatzen duenez, ez dago atzea indartu beharrik. Aurtenetxeren lekua Fernando Amorebietak beteko du. Iurretakoak erdiko atzelari postuan jokatu du beti Bielsarekin, baina gaur ezkerretik ariko da. Mikel San Josek hartuko du haren postua.
Ausardia galdu barik
Athleticek ezin dio uko egin bere estiloari, baina argi izan behar du gaur huts bakoitza garesti ordainduko duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu