Ausarten arteko derbia da biharkoa

Athletic eta Osasuna aurrean eginiko presioarekin ahaleginduko dira irabaztenZuri-gorriek ligako aurreneko garaipena eskuratu gura dute San Mamesen; gorritxoek, berriz, etxetik kanpoko lehena

Haritz Gallastegi-Asier Legarda-Ereño
2011ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Sasoiko bigarren euskal derbia jokatuko dute Athleticek eta Osasunak San Mamesen. Bihar izango da. Bai, astelehenean. Futbolarekin inolako loturarik ez daukan egunean. Kalte egin die bi taldeetako zaleei telebista eskubideen jabe denak hartutako erabakiak. Katedralera egun-pasa joateko asmoa zuten jarraitzaile nafar gehienek bertan behera utzi behar izan dute txangoa. Talde zuri-gorriko bazkideen partetik, berriz, erantzun ona espero da. Betiko antzera. Baina inori ez dio graziarik egiten asteko lehen egunean futbola egoteak.

Baina astelehena, larunbata edo igandea izan derbiak beti dira derbi: erakargarriak, interes handikoak, beroak. Eta biharkoa ere intentsitate handikoa izango da, bizia, atseden gutxiko lehia, bi taldeek antzeko ezaugarriak baitituzte. Ausardia da Athleticen eta Osasunaren bertute nagusietako bat. Lehen minututik aurrera egiten duten taldeak dira. Irabazteko biderik egokiena aurkariaren defentsa gogor estutzea dela iritzi diote bi entrenatzaileek. Marcelo Bielsaren eta Jose Luis Mendilibarren taldeek berdin-berdin jokatzen dute etxean zein kanpoan. Aurrean duten taldea itotzen ahalegintzen dira. Arriskatu egiten duten taldeak izanik, jakinekoa da huts gutxien egiten duenak eskuratuko duela garaipena.

Athleticek zaleen babesa eta jokalarien berezko maila izango ditu alde. Bestalde, litekeena da jokalariak banan-banan hartuta talde bizkaitarrak abantaila izatea. Kalitate handiagoko taldea da. Entrenatzaileen taktikak alde batera lagata, euren kabuz taldeari garaipena eman diezaioketen jokalari gehiago ditu Bielsak bere aginduetara. Llorente eta Muniain, esaterako. Baina hori guztia zelaian dago erakutsi beharra. Eta Athleticek badaki gogor egin beharko duela lan etxean denboraldiko lehen garaipena eskuratzeko, aurrean duen taldea ez baita kikilduko. Eta aukera emanez gero, ez du huts egingo.

Athleticek konfiantza berreskuratzeko behar zuen garaipena eskuratu zuen Anoetan. Behar-beharrezkoa izan zen autoestimua berreskuratzeko. Hartutako bidea zuzena izan daitekeela erakutsi die futbolariei. Baina partida bat irabaztea ez da nahikoa bost jardunalditan bi puntu lortu dituen talde baten egoera aldatzeko. Alde ona da Athleticek irabazi egin dituela jokatu dituen azken neurketa biak —Paris Saint Germain eta Realaren aurka jokatutakoak—. Halere, amildegi ertzean dago oraindik, jaisteko postuetatik puntu bakar batera. Hortaz, hirunaka batzen jarraitzeko premia dauka etxeko taldeak. Garaipena ez den beste edozein emaitzak Anoetako partida aurretik zegoen egoera bertsura eramango du taldea. Kezka izango da nagusi berriz.

Horrelakorik gerta ez dadin, zenbait aldaketa egingo ditu Bielsak hamaikakoan. Batetik, partida bateko zigorra bete ostean, Borja Ekiza izango da Amorebietaren laguna defentsaren erdian. Nafarrak oso ondo jokatu du zelaian aritu denean. Ekizaren itzulerak zelai erdira eramango du Javi Martinez, eta aulkira, berriz, Gurpegi. Bestetik, Iturraspek jokatuko du. Abadiñoarra zelairatuta, baloia Athleticek izatea gura du Bielsak. De Marcos, berriz, defentsaren ezker aldera itzuliko da.

Hiru berdinketaren ondoren

Liga hasiz geroztik partida bakarra galdu du Osasunak, Bartzelonan, 8-0. Partida gutxi galtzea gauza garrantzitsua da Iruñekoa bezalako taldeentzat mailari eusteko helburua lortzeko bidean, baina azken emaitzek ez dute inor gustura utzi. Izan ere, galdu partida bakar bat galdu dute, baina irabazi ere partida bakarra irabazi dute gorritxoek, bigarren jardunaldian, Sportingen aurka, etxean. Azken hiru partidak berdindu egin dituzte, Sevilla, Granada eta Mallorcaren aurka. Liga ere berdinketa batekin hasi zuten, Vicente Calderonen (0-0). Galtzea baino hobea da berdintzea, hori argi dago, baina puntuak hirunaka batzen hasi nahi dute nafarrek, eta horretan ahaleginduko dira bihar iluntzean San Mameseko derbian. Ausart eta lotsagabe aritzea da asmoa.

Sergio eta Roversio erdiko atzelariak osatuta dauzka Mendilibarrek, eta Osasunako entrenatzaile bizkaitarrak hala erabakiz gero, Bilbon jokatzeko moduan dira biak. Ikusteko dago Nekunam eta Raitala euren selekzioekin jokatu ostean deialdian tokirik izango ote duten, azken bi asteetan bi egunetan soilik aritu baitira gainerako taldekideekin lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.