AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. A MULTZOA. Errematearen bila

Portugal

Aitor Manterola Garate.
2008ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
Cristiano Ronaldo, Deco, Nani, Simao, Quaresma eta Ricardo Carvalho. Jokalari horiek dauzkan selekzioak Eurokopa irabazteko faboritoetako bat izan behar du. Halako jokalari onak zuzentzen Luis Filipe Scolari baldin badago, faborito izaera sendotu egiten da. 2004ko Eurokopan bigarren eta 2006ko Munduko Kopan laugarren izan den taldeak bilakaera on horri eusteko aukerak dauzka, eta faboritoetako bat izan behar du. Hortaz, Portugal da Austriako eta Suitzako Eurokopa irabazteko hautagaietako bat. Baina Portugalek askotan eduki ditu jokalari onak, askotan entrenatzaile onak, eta tituluen otarrean ez dauka garaipenik.

Gai izango ote da oraingoan errematea emateko? Jokalarien zerrenda ikusita, aukerak badauzka. Baina Scolarik gabeziak ikusten ditu. «Lider bat falta zaigu», esan du. Litekeena da Figoren eta Rui Costaren falta sumatzea, baina haiek biak taldean egonda ere ez du irabazi. Beraz, liderra edukitzea ez da irabazteko ziurtagiria. Ez, behintzat, Portugalen. Hurrengo belaunaldiari entrenatzaileak bota dion amua izan daiteke. Deco, Carvalho eta Simao dira, besteak beste, bi izarrek zuten lidergoaren ordezkoak, eta haiei dagokie taldea bide onetik eramatea. Haiei eta, jakina, Cristiano Ronaldori.

Manchesterreko jokalari gaztearen mende egongo da, neurri handi batean, Portugalen maila. Bera da izarra. Bera omen da munduko onena. Begi guztiak hari begira egongo dira. Onerako edo txarrerako hark neurtuko du taldearen maila. Ondo jokatzen badu, Portugalek txapelketa ederra egin dezake. Baina ez badu ondo jokatzen, taldearen mailak behera egin dezake. Baldin eta gainerakoek ez badute erantzukizuna hartzen. Horretaz ariko da, agian, Scolari, liderrik ez dauketala bota duenean.

Ikusiko da, baina, zenbat emango duen Ronaldok. Oso jokalari ona dela ez dago zalantzan jartzerik. Halaber, burua bere lekuan edukitzeko zailtasunak dituela ematen du. Non ote du orain burua? Eurokopan edo bere etorkizunean pentsatzen? Portugalek haren beharra dauka, eta zenbat eta arreta handiagoarekin egon, hobe.



ZAMA HISTORIKOA. Eusebiok futbola utzi zuenetik makina bat urte pasatu dira. Harrezkero ere jokalari onak eduki ditu Portugalek. Baina txapelketak jokatu ahala, agerian gelditu da zein den taldearen gabezietako bat. Ez du eduki golegilerik. Horregatik, Portugalen ibilia antzekoa izaten da txapelketa guztietan. Baloia txukun erabili, gola sartzeko aukera asko eduki, baina garaipenak ematen dituzten golak sartzeko zailtasunak.

Ronaldok sekulako erraztasuna dauka horretarako, eta zama historikoa gainditzeko jokalari aproposa izan daiteke. Erantzukizun handiegia izan lezake gazteak, baina denboraldi honetan erakutsi du ez dela kikiltzen den horietakoa. Manchesterreko izarrak gai izan behar luke Portugalen ardura bera hartzeko. Bestelakoan, aurrelari peto-petoek, Nuno Gomesek, Helder Postigak eta Hugo Almeidak ez dute ematen gabezia historikoa iraultzeko gai direnik. Simao, Quaresma eta Deco ez dira kamutsak golak sartzeko lanean, baina ardura hori ezin daiteke haien mende utzi.

Scolari aulkian izanik, jakina da talde sendoa izango dela Portugal. Lan bikain horrek fruituak emateko, errematea falta zaio. Errematatzaileak. Halako jokalariak azaltzen badira Austrian eta Suitzan, azken urteetako lanari errematea emango dio Portugalek. Bestela, beste askotan bezala, txapelketa ona jokatuko du. Eta tituluen otarrak garaipenik gabe jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.