Italiari gertatzen ez zaiona gertatzen zaie Herbehereei. Txapelketak hasi aurretik izaten da denen hizpide. Erasoan, baloia ondo erabiltzen du zelaiaren gainean, eta ikusteko polita da. Horregatik soilik aipatzen da horrenbeste Herbehereak txapelketen atarian. Denen gustukoa izan ohi da. Baina hortik faborito izatera alde handia dago, eta, beste behin, oso gutxik jotzen dute faborito.
Talentua soberan daukate, eta baloia erabiltzen oso teknika ona dute. Baina ez da nahikoa txapelketetan puntan ibiltzeko. Horretaz ohartu da Marco Van Basten, eta entrenatzaile denetik, Herbehereak ez dira betiko Herbehereak. Talentua eta betiko estiloa ez ditu aldatu, baina baloirik gabeko lanean besteetan baino sendoagoa da. Ez zaizkio ahaztu Van Basteni Milanen ikasitakoak, eta selekzioan txertatzen saiatzen ari da. Hiru aste hauetan ikusi beharko da emaitza, txapelketaren ondoren Ajax entrenatzera joango delako.
Sendotasuna gehitu nahia ez da herbeheretarren gustukoa. Izan ere, selekzioaren jokoa 'aspergarriagoa' da orain. Horregatik, etxean jokatu dituen zenbait partidatan txistuak entzun dira. Betiko estiloa aldatzearen ajeak. Txapelketa ona egiten badute, baina, ez dute txisturik joko. Gai ote dira Herbehereak berezko edertasunari sendotasuna gehitu eta txapelketa polita egiteko?
AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. C MULTZOA. Edertasunari sendotasuna gehitu nahi dio oraingoan
Herbehereak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu