AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. C MULTZOA. Oilarrak kukurruku egin nahi du berriro

Frantzia

Aitor Manterola Garate.
2008ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
1998an eta 2000an, gailurra jo zuen Frantziak. Munduko Kopa eta Eurokopa irabazi zituen. Jokalari bikainak taldean txertatzea izan zen garaipen haien sekretua. Jokalari onak taldearen zerbitzura.

Lehengo bidetik jarraitzen du orain ere. Raymond Domenech entrenatzaileak argi eta garbi dauka taldea dela garrantzitsuena. Orain inoiz baino garrantzitsuago, gainera. Izan ere, Frantziak ez dauka Zidane. Hain zuzen, Austriako eta Suitzako Eurokopa izango da hura gabe jokatuko duten lehen txapelketa. Beste talde batzuentzat sekulako galera izango zen. Frantziak ere nozituko du haren hutsunea, baina taldea oinarria izanda, ez dute hainbeste nabarituko.

Duela bi urteko Munduko Kopan erakutsi zuten zein den jokoaren zutabea. Baloirik gabeko lan bikaina, eta erasoan, abiadura. Galdetu, bestela, Espainiari eta Brasili. Baloia oso ondo mugitzen zuten bi talde haiei txikizioa egin zien kontraerasoan jokatuta.

1998an eta 2000an futbolaren mundua esnatu zuten Frantziako oilarraren kukurrukuek. Ordutik ez du gehiago kantatu, baina eztarria ondo zainduta iritsiko da Austriara eta Suitzara.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.