Futbolean gauza eta egoera gehienei jartzen zaie izena. Ezagunak dira, esaterako, baloia jotzeko hainbat modu nola izendatzen diren. Nik orain gutxi izan dut beste izen baten berri. Moda-modan dago azkenaldian. Eurokopan eta Bigarren Mailan. Azken minutuetan sartutako golei buruz ari naiz. Bada, minutu horiek badute izena: Cesariniren minutuak.
Delako Cesarini hori Renato zen izenez. Futbolaria Italian eta Argentinan. Chacarita Juniorsen, Juventusen eta River Platen. 20ko eta 30eko hamarkadetan. Aurrelaria. Golak sartzea zen bere lana, eta ongi betetzen zuen zeregina. Baina berezitasun honekin: partidetako azken minutuetan sartzen zituen gol asko. Horregatik esaten zaie azken minutuei Cesariniren minutuak.
Hala, herenegun gauean, Turkiak Cesariniren minutuetan bota zuen haizea hartzera Txekiar Errepublika. Larunbatean, Espainiak Cesariniren minutuetan irabazi zion Suediari. Joan zen astean, Austriak Cesariniren minutuetan zapuztu zuen Poloniaren poza.
Zale askok modu arruntean azaltzen dituzte gol horiek. Zorte onak edo txarrak guztia estaltzen baitu. Zortearen kerizpean gordetzen dute azken minutuetako golen argia. Aldeko edo kontrako izan.
Cesariniren minutuen berri eman zidan Lehen Mailako entrenatzaile ohiak beste azalpen bat dauka. Haren ustez, ez da harritzekoa minutu horietan golak sartzea. Jokalarien nekean oinarritzen da hori baieztatzeko. Nekea pilatuta, errazagoa omen da hutsak egitea eta arreta galtzea. Zenbat eta minutu gehiago jokatu, orduan eta neke zein arreta falta handigoa.
Hari horri tiraka, ez da harritzekoa Eurokopan gol batzuk Cesariniren minutuetan sartu izana. Partida beraren nekeaz gain, denboraldi osoko lana daukate bizkar gainean jokalariek. Nekatuta daude, eta arreta errazago galtzen dute.
Azalpen bat besterik ez da. Baina zortearen kontuari baino sinesgarritasun handiagoa ematen diot nik. Zorteari aitzakia deitzen baitiot futboleko nire hiztegian.
AUSTRIAKO ETA SUITZAKO EUROKOPA. KOPAREN BUELTAN. ATEA ZAINTZEN. Cesariniren minutuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu