Autokritika egin eta gero

Osasunak bolada txarra eten nahi du gaur, Huelvako Recreativori bere zelaian irabazita

2006ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Huelvako Recreativok 16 puntu ditu, lehendabiziko hamar jardunaldietan bost partida irabazi eta bat berdindu ostean. Talde igo berri batentzat ez da puntu kopuru makala, eta Marcelino Garciak zuzentzen duen taldeabederatzigarren da, Txapeldunen Ligako atarikoa jokatzeko aukera ematen duen laugarren postutik hiru puntura. Osasunak dauzkan puntuak halako bi dauzka Recreativok.

Bi taldeen egoerari erreparatuz gero, badirudi norbait faborito izatekotan Recreativo dela hori. Osasunako entrenatzaile Jose Angel Zigandak, ordea, autokritikaren ostean susperraldia etorriko dela uste du. «Aste barruan partidarik jokatu ez izana ongi etorri zaigula uste dut; denbora gehiago izan dugu lehia prestatzeko, eta autokritika egiteko ere balio izan digu, beste asteetan hausnartzeko astirik ere ez baitugu izan partiden ostean», esan zuen atzo goizeko lan saioaren ostean. Azken hilabeteetan benetan direnak baino hobeak direla sinetsita egon direla onartu dute aste honetan Patxi Puñalek, Javier Flañok eta Krutxagak, esaterako. Eta, Zigandaren ustez, orain bai, jokalariak konturatu dira zein izan den Osasunaren helburu nagusia beti. «Arriskuaz ohartu garela uste dut, eta bolada hau amaitzeko ordua dela erabaki dugu. Halere, hitz egiteak soilik ez du balio, eta zelaian erakutsi behar da autokritikaren osteko erreakzioa. Konfiantza handirik ez daukagu une honetan, baina hau oihana da, eta gogorrenak soilik salbatzen dira».

Azken boladan emaitza txarrak izan dituzte, eta horretaz hausnartu dute jokalariek, nonbait. Orain zelaian erakutsi behar da hori, ordea. Eta Zigandak badaki gaurkoa ez dela neurketa samurra izango: «Recreativo txukun jokatzen ari da, eta horrexegatik dauzka dituen puntuak. Futbolean jokatzen dakitenen aldeko apustua egin dugu guk, eta irabazteko asmoz joango gara, baina Recreativo une gozoan dago, eta ez da erraza izango». Hori bai, Osasuna irabaztera derrigortuta dagoela onartzerik ez zuen nahi izan Zigandak: «Garaipenak soilik balio digula ez da egia, baina partidak ez ditugu berdintzeko prestatzen. Hargatik, Recreativo nagusi izan bada jokoan, berdinduta ere pozik itzuliko gara».

HECTOR FONT, HASIERATIK ESTREINAKOZ. Zigandak bost aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan, Real Madrilen aurka azken jardunaldian hasieratik zelairatu zuen hamaikakoarekin alderatuz gero: Cuellar Miguel Flañoren tokian ariko da; Corralesekzigorra bete behar du, eta haren postua Monrealek hartuko du; David Lopezek zelai erdian tokia izango du, Nekounamen kaltetan; Milosevicek Webo ordezkatuko du aurrealdean; eta Hector Fontek Delporteren hutsunea beteko du ezker hegalean, frantziarra min hartuta baitago. Zalantzarik gabe, Fontena da berritasun nagusia. Udatik, Vila-realetik Osasunara iritsi zenetik, hiru partida besterik ez du jokatu Fontek Ligan, eta bigarren zatian zelairatu izan du Zigandak beti. Gaur Ligako partida bat hasieratik jokatzeko aukera izango du behingoz. «Bikain ari da lanean Font, eta aukera merezi du», esan zuen atzo Zigandak.

«Emaitza on bat lortzen ez badugu, sailkapenaren zuloan sar gaitezke, eta Huelvakoa finala da guretzat. Punturen bat lortzea da asmoa, eta hirurak eskuratuz gero, hobeto!», esan zuen Hector Fontek herenegun Taxoaren. Iragan sasoian Vila-realen taldekide zituen Lopez Vallejo (Osasunako atezain ohia), Arzo eta Cazorla aurkituko ditu zelaian Fontek gaur. Lagunak dira, baina gaurko norgehiagokan aurkariak izango direla ere badaki. «Hirurak ari dira jokatzen, eta pozik daude. Onena opa diet, baina ea etzi [gaur] partida oso pozik amaitzen ez duten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.