Azaldu da Vettel

Alemaniarrak bolada txarra atzean utzi, eta 'pole'-a lortu du; haren atzetik bi McLarenak izan dira bizkorrenak

Laurentzi Garmendia
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Sebastian Vettelek (Red Bull) pole-aren zapore gozoa gogoratu zuen atzo Hungaroringen, Ingalaterran eta Alemanian nolakoa zen ia ahaztu ondoren. Zortzigarrena du aurten, baina balio berezia izan zuen azken aldian indarra galtzen ari baitzen. Hala sailkatzeetan, nola lasterketan, Vettelek behera egin zuen difusoreen afera korapilatsua hasi zenetik. Atzokoa du bere lehen kolpea zalaparta guztiaren ondoren. Lewis Hamilton (McLaren) Alemanian berriro agertu zen, eta bigarren izan zen berriro ere. Jenson Buttonen (McLaren) hirugarren postuak agerian uzten du taldeak zerbait aurkitu duela. Felipe Massak (Ferrari) aurrea hartu zion Fernando Alonsori (Ferrari), eta bosgarren irtengo da espainiarra.

Moral aldetik behar zuen Vettelek atzoko pole-a, txapelketako liderra ez baita izan azken lasterketetako gidaririk sendoena. Denbora onena lortu ondoren taldearekin irratiz egindako hartu-emanean nabari zuen pilatutako tentsio asko zeramala, eta nolabaiteko «azkenean!» oihua bakarrik falta izan zuen. Mark Webber taldekideak gainditu zuen azken bi sari nagusietan, aitzakiarik gabe, gainera, eta atzo buelta eman zion egoerari. Australiarra, gainera, espero baino makalago aritu zen, seigarren postuarekin konformatuz. Aurrekoetan ez bezala, Vettelen lehia ez zen taldekidearekin izan, McLaren eta Ferrarirekin baizik.

Horregatik izan zen ezustekoa McLareneko bi autoak garbi Ferrarien aurretik sailkatu izana. Hamilton bere buruarengan—eta gidatze ahalmenean— konfiantza berreskuratu duela esaten zebilen paddock-ean. Lasterketa txar bolada zeraman Alemaniara arte, baina han egoera erabat irauli eta atzo frogatua gelditu zen ez zela izan egun bakarreko kasualitatea. Erregulartasun faltak sari gutxi ematen du gaur egungo puntu banaketarekin, eta, horregatik, atzerapen handia pilatu du ingelesak. Alonsoren pare dago txapelketan, nahiz eta biek oso ibilbide desberdina osatu duten bertara iristeko.

Bederatzi lasterketa falta dira, edozein abantaila jateko nahikoa. Alonsok eta Hamiltonek, talde desberdinetakoak izanda ere, helburu bera dute: Vettelen aldea jatea. Horretarako, elkarren beharra daukate, bitxia bada ere. Zalantzarik gabe, bi horiek edozein lasterketa hausteko gai dira, baldintzak edozein direla ere. Button, halaber, azal daiteke lasterketaren batean. Webberrek ere izan dezake bere igandea. Alonso eta Hamiltonena, ordea, baldintza orotan aurrean egotea espero den bikotea da, lehen posturako lehian. Txapelketan tartea hartu duen gidaria hain urrun egonda, Ferrarikoak eta McLarenekoak elkarren beharra daukate Vetteli ahalik eta puntu gehien lapurtzeko.

Aurreratzea, ia ezinezkoa

Ezer arrarorik gertatzen ez bada, gaur ere sendoenak Vettel, Hamilton eta Alonso izango dira. Ez da espero Massak Vetteli puntuak lapurtzea, eta Webberrek ere ez du baimenik bere taldekidea aurreratzeko. Horrek elkarlanean aritzera behartzen ditu Hamilton eta Alonso, nahiz eta bien artean opari gutxi izango den. Aurkariak helburu komun baten bila batu dira, bitxia den arren. Duela urte batzuk ezin ikusia zen bien artean; orain, aldiz, biek harreman hobea dutela argi ikusten da prentsaurrekoetan.

Hamiltonek bere rola ondo bete zuen atzo, Alonsok ez, ordea. Kale egin zuen, eta aurkariek ez dute barkatzen. Hungaroring ez da aurreraketak egiteko pista, irteera baita ia aukera bakarra. Iaz hemeretzi aurreratzea izan ziren lasterketa osoan, eta haietatik hamasei lehen itzulian. Ondorengo 69 itzulietan hiru posizio aldaketa egon ziren bakarrik. Aurten EMSak hori zertxobait alda badezake ere, ezin da espero iraultzarik euria agertzen ez bada. Pole-ak beste zirkuituetan baino garrantzi handiagoa duenez, Vettel dago ondoen kokatua puntu gehien lortzeko. Alemaniarrak, halere, ez du lasterketa erraza izango, sailkatzean hain tarte txikia lortzea ez baita seinale ona haientzat. McLaren eta Ferrari gerturatu egiten zaizkio lasterketan, eta kasu horretan aukera gutxi du lehen postuari eusteko.

Hori ikusita, ezin da esan Vettel faborito argia denik. McLarenek zirkuitu honetan duen historia ikusita, ia gehiago esan daiteke Hamilton eta Button direla aukera gehiago dutenak. Massa ez da Alonsorentzat oztopo izango, ia ziur irteeran bertan gaindituko duelako. Hortik aurrera bere lehia McLaren autoen bila joatea izango da. Vettelek garaipena itsu-itsu bilatuko du, oraindik nagusi bera dela erakutsi nahian. Horrek aurkariei seinalea igartzeko balioko lioke. Baina jakina da Alonso eta Hamilton ez direla erraz izutzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.