Azeria oilategian

Real Unionek eta Real Madrilek Espainiako Kopako final-hamaseirenetako itzulikoa jokatuko dute gaur, Santiago Bernabeun

AITOR MANTEROLA DONOSTIA
2008ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Espainiako Kopako final-hamaseirenetako zozketak Real Union eta Real Madril aurrez aurre jarri zituenean, bi gauza zabaldu ziren: batetik, aurreko mendean bi taldeek izandako lehiak, eta, bestetik, final-zortzirenetarako espainiarrak sailkatuko zirela. Bigarrenari dagokionez, egoera ez da aldatu, Real Madril da faborito, baina Real Unionen inguruan bada ezustea eman dezaketen ustea. Joaneko partidan oinarritzen da irudipen hori. 3-2 irabazi zuten irundarrek, eta ilusioa eragin du horrek. Gaur jakingo da ametsa beteko den edo ez, 21:00etatik aurrera.

Ametsa betetzea oso-oso zaila izango da, baina. Horregatik, hain zuzen, batere lotsarik gabe jokatu behar dute Iñaki Alonsoren jokalariek Madrilen. Jakin badakite Bernabeun etxekoen aurka hamar partida jokatzen badituzte bederatzi galdu egingo dituztela. Baina etxekoek irabaziko ez duten hamargarren neurketa hori gaurkoa izan daiteke. Real Madrilek etxeko partida ia guztiak irabazten ditu, ondo edo gaizki jokatu. Baina azkenaldian larri antzean ari da. Sufritzen. Madrilen, askotan gertatzen den bezala, futbolarekin batere zerikusirik ez duten arazoez gehiago hitz egiten da. Oilategia da. Sergio Ramosek bereak eta bi esan dituela, Guti parrandan harrapatu dutela goizaldeko ordu txikietan, Raul balekoa dela eta ez dela... Oilategian sartzen den azeria izan behar du Real Unionek gaur. Bere buruaz seguru dagoen taldea. Ondorio txarretan pentsatu ere egin behar ez duena.

Konfiantzaz egoteko eta aritzeko oinarriak astez aste ari da jartzen Irungo taldea. Bigarren B Mailako lehen multzoko onena da oraingoz, gainerako talde guztiak atzetik dituelako, eta oso bolada onean dabil: Ligako eta Kopako partidak kontuan hartuta, zazpi partida jarraian irabazi ditu. Etxean eta etxetik kanpo. Hainbesteko garaipen kopurua jarraian lortzeak esan nahi du oso talde ona dela. Gauzak ederki egiten dituela. Konfiantzaz daude jokalariak, eta hori ezinbestekoa da Real Madrili aurre egiteko. Bernabeun beldurrez eta konplexuz beterik ateratzen den taldeak badaki zer daukan: astindua eta burua makurtuta etxera joan beharra.

Bigarren B Mailako taldea izan arren, ustez munduko onenen artean dagoen aurkariari min egin diezaioke. Gaur egun, edozeinek jar dezakeelako estutasunetan Real Madril. Ez baita taldea. Oso jokalari onak elkarren ondoan jokatzen jartzea ez delako multzo trinko eta bateratua. Astea joan eta astea etorri, aurkariek min egiten diote baloiarekin. Asko sufritzen du Bernd Schusterren taldeak baloirik gabe, jokalari askok ez dutelako ezer jakin nahi defentsako lana egitea tokatzen zaienean. Ondorioz, gola sartzeko aukera garbiak sortzea ez da zaila espainiarren aurka. Zerbaitegatik izaten da askotan onenetakoa Iker Casillas, lan mordoa ematen diotelako aurkariek eta bere taldekideen jarrera eskasak. Espainiarren gabezia hori baliatu beharra daukate euskaldunek gaur.

Izango dituzte golak sartzeko aukerak. Asmatzea beste kontu bat izango da. Eta gaurko lehian alde nabarmenena horixe izan daiteke, golak sartzeko kalitatea. Litekeena da Real Unionek aukera gehiago izatea, baina Real Madrilek aukera erdi batekin gola sar dezake. Horren jakitun izan behar dute Alonsoren jokalariek. Une txarrak igaroko dituzte batzuetan, baina momentu horietan ez makurtzeko gaitasuna badaukate, ezustea emateko aukerak ugaritu egingo dira.

Ezohikoak eta besteak

Hamaikakoei dagokienez, etxekoek normalean aritzen ez diren jokalariak zelairatuko dituzte. Zelaian izango dira, besteak beste, Dudek, Metzelder, Javi Garcia, Michel Salgado eta Saviola. Jokalari onak, baina elkarrekin partidak jokatzen ohitu gabe daudenak. Talde itxura inondik ere emango ez dutenak. Real Unionek, berriz, kanporaketa jokatu aurretik zehaztu zuen jokalari guztiek izango zutela Real Madrilen aurka jokatzeko aukera. Ondorioz, joanekoan aritu ez zirenak ariko dira gaur. Horiek ere elkarrekin jokatzen ohitu gabeak izan daitezke, baina talde itxura emango dutela ez da dudarik.

Ezustea ematen laguntzeko, zaleen babesa izango dute. Izan ere, zazpi bat autobus abiatu dira gaur goizean goiz Espainia aldera. Denera, 500 bat zale, autoetan-eta doazenak kontatuta. Partida historikoa da gaurkoa. Jokatu aurretik hala da, eta atera kontuan zer izango den azeriak oilategian triskantza egiten badu. Itxaropen horrekin aterako dira jokalariak, eta itxaropen horrekin doaz zaleak. Lotsarik gabe, eta konplexuak zer diren jakin gabe. Final-zortzirenetarako sailkatzeko aukera oso gertu dago. Gertuegi, beldurtuta jokatzearen ondorioz harrika botatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.