Jokatzeko moduan egonez gero, zuri-gorrien lehendakaria da Caparrosen apustu nagusia bigarren aurrelari gisa jokatzeko -Mestallan jokatzeko prest egongo da-. Baina, lesioak tarteko, zelaietatik kanpo egon behar izan du azken jardunaldietan. Athleticeko entrenatzailak izan du non aukeratu Toqueroren lekua betetzeko, ezaugarri ezberdinak izan arren jokalari dezente baitaude taldean bigarren aurrelariaren lanak ondo bete ditzaketenak. Zuri-gorri askok gustuko duten postua da. Iker Muniainek baloiaren jabetza eta azken pasea emateko gaitasuna eskaintzen ditu. Berandu baino lehen nafar txikia izango da postu horren jabe. Athleticen erasoko jokoa antolatuko duen futbolaria. Baina, orain, beste ezaugarri batzuk dituzten futbolariak aukeratzen ditu Caparrosek lan horretarako: futbolari langileak eta azkarrak, hegalak aprobetxatzeko erraztasuna duten jokalariak. Markel Susaetak eta Ion Velezek ondo bete dezakete entrenatzaileak eskatutakoa. Halaber, taldeko beste bi arabarrak ere aproposak dira Llorenteren ondoan jokatzeko: Oscar de Marcos zein Igor Martinez, arabarrak biak, Alaveseko azken harribitxi biak.
Aukera guztien artean Igor Martinezen alde egin du Caparrosek. Erabaki harrigarria izan da askorentzat. Hasiera baten ez zirudien hautagai nagusia. Besteak beste, denboraldi-aurre ona egin ostean, gasteiztarrak bigarren taldean jokatzen hasi duelako sasoia. Bitxia bada ere, Luis de la Fuenteren taldearekin jokatu izanak bidea erraztu dio aurrelari txikiari. Batetik, Athletic B-n lan ona egin duelako. Eta, bestetik, jokatu izanak lehen taldean ari diren taldekide askok falta duten erritmoa eman diolako. Entrenamenduak ezinbestekoak dira. Gauza asko ematen dizkio jokalariari, baina futbolariek, duten onena emateko, beharrezkoa dute jokatzea, partida ofizialek ematen baitute konfiantza eta erritmoa.
Lehen Mailan jokatzeko aukera izatea gaitza da. Igor Martinezek izan du. Eta aukera izatea bezain gaitza da aukera hori aprobetxatzea. Ba, Igor Martinezek hori ere lortu du. Azken hiru neurketetan hasieratik aritu da. Athleticen elastikoarekin jokatu dituen hiruretan, alegia. Eta hiruretan egin du lan ona. Nabarmendu egin da erasoko jokoan. Sasoian dagoela erakutsi du. Nola jakiten den hori? Aurrelari gazteak dituen ezaugarriekin ez da nekeza. «Bizia, azkarra, zuzena eta langilea naiz», esan zuen bere burua definitzeko eskatu ziotenean. Bada, Sportingen, Mallorcaren eta Bartzelonaren kontra azkar eta bizi aritu da. Oso ondo konpondu da Llorenterekin. Inor gutxik sumatu du Toqueroren hutsunea. Eta hori baino gauza esanguratsuagorik ez dago aurrelariaren lana nolakoa izan den aztertzeko orduan. Eskatzen hasita, ate aurrean asmatzea falta izan zaio bakarrik, ez baitu golik sartu.
Aspalditik begiz jota
Oraindik goiz den arren, badirudi prest dagoela maila nagusian jokatzeko eman dioten lehenbiziko aukera aprobetxatzeko. Bigarren Mailan, Alavesekin, txukun aritu zen, baina hark gora egiten zuen abiadura berean egin zuen behera Gasteizko taldeak. Igor Martinezen golek ere ezin izan zuten salbatu Alaves. Jokalariarentzat bere alde ona ere izan du Arabako taldearen gainbeherak. Athleticen eta gorengo mailaren ateazabaldu dio. Izan ere, Alaves Bigarren Mailan jokatzen egon izan balitz, nekez fitxatuko zuen talde zuri-gorriak. Aurtengo ekainekoa ez da izan Athleticek hura fitxatzeko egin duen lehen ahalegina. Lehen aukeran, baina, Alaves Bigarren Mailan ari zen, eta ez ziren ados jarri. Bigarrenean, berriz, ezinbestean elkar ulertu dute alde guztiek: Athleticentzat futbolari interesgarria da; jokalariari, berriz, sekulako aukera eman diote elitera bueltatzeko; eta Alavesek diru eskasiari aurre egiteko beharrezkoa duen diru kopurua eskuratu du, 200.000 euro inguru.
21 urterekin, helduago eta eskarmentu handiagoarekin, lehenaukera dauka onenekin lehiatzeko balio duela erakusteko. Gaztea da, eta ez dauka zertan itsutu. «Entrenatzaileak bigarren taldera bueltatu behar dudala erabakitzen badu, onartu eta lanean jarraitu beharko dut», aitortu du. Oso jarrera ona da. Hala ere, lehen taldean dagoen lehia kontuan hartuta, egin beharrekoa egiten ari da: jokatzea merezi duela erakutsi.
Nortasun agiria
Izena. Igor Martinez Casares.Jaioterria. Gasteiz.
Jaioteguna. 1989ko uztailaren 19a.
Garaiera. 1,70 metro.
Pisua. 65 kilo.
Postua. Erdilaria.
Ibilbidea. Alaves (2007-2010) eta Athletic (2010etik).
Sasoi honetako estatistikak. Hiru partida jokatu ditu, guztiak hasieratik.