Roberto Garcia Ariño. Asegarceko intendentea

«Azken asteetan pilotari sen hori gabe ikusi dut Olaizola»

MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Zer moduz joan da aukeraketa?

Aimar gustura gelditu da, eta hori da garrantzitsuena. Sentipenak dira garrantzitsuenak, askotan buruan duzunak ondo aukeratzen laguntzen ez dizun arren. Irujorenak, berriz, espero genuena: bote handikoak, biziagoak...

Nola dago sasoiz Olaizola II.a?

Herenegun ikusi nuen entrenatzen, eta ondo aritu zen. Buruak hobeto funtzionatu izan dion garaiak izan ditu: lasaiago egon dena, orekatuago... Azken asteak gogorrak izan dira berarentzat, entrenamendu eta bidaiak ospitalean egindako orduekin uztartu dituelako. Klinikak ez dira toki onak egoteko.

Itxaronaldia ere ez da gozoa izan berarentzat.

Tira, hasiera pitzadura zirudiena haustura zela ikusi zen, eta dena zaildu zuen. Eta gero, ez dakit zergatik, baina Olaizolari mundu guztiak egiten dio eraso. Azken partidetan bi aldiz kexatu da pilotekin, eta badirudi sekulakoak bota dituela. Agian, gutxi hitz egiten duelako da. Berak ez dio inori erasotzen, baina berari bai erasoegiten diote: azeria dela, erabakiak bigarren asmo ezkutuekin hartzen dituela... eta ez da hala.

Nolako partida espero duzu?

Oso zaila. Irujo oso ondo dago. Aimar, aldiz, nik uste dut irailean oso ondo zegoela, eta hartaz geroztik bere sasoiak behera egin du. Dena den, azken lau egunetan hobera egin duela iruditu zait, buru aldetik bereziki. Azken hilabeteetan ez nuen hain 'pilotari' ikusten, pilotaria denak aurkariak egingo duenari aurrea hartzeko sena duelako, eta hori falta zitzaion. Eta hori, Olaizola berez oso pilotaria dela kontuan hartuta. Dena den, orain, behintzat, lasaiago sumatzen dut.

Atsedena da garrantzitsuena orain.

Bai, buruari buelta gehiago ez ematea; baina, tira, hori esatea egitea baino errazagoa da. Zoritxar eta atsekabeak bizitzaren kontuak dira, eta horiek ere asimilatzen jakin behar da. Finala, berriz, bere ogibidea du, eta, egunotan bere buruak apurka hobera egin duela ikusten badu, ziur horrek motibatuko du.

Kirol urtea bikaina izan da.

Bai, bai... Halako lesio larri baten ondoren berriz ere jokatzen hasi eta hiru finaletara iristen den norbaiti ezin zaio eskatu gehiago. Berrindartzea ikaragarria izan da. Barriolak lesio bera izan zuen, eta aurrera egiten duenean nabaritzen zaio, eta hori atzelaria dela. Ez nuke esango Olaizola lehen baino hobeto dagoenik, baina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.