Miarritzeri berriz irabazten hasteko tenorea iritsi zaio. Bi bidaia zail egin behar izan zituen iragan astean, Montpellier eta Toulonera, eta bietan galtzaile atera ondoren atzerapausoa eman du. Gaur etxean ariko da berriz (14:30, Rugbyplus), eta irabazi egin behar du, Heineken Kopako postuek ihes egiterik nahi ez badu.
Jean Mixel Gonzalezen eta Jack Isaacen aurkaria, Agen, ez da izanen sasoi honetako bihurriena. Bigarren Mailatik igo berria da, eta mailari eusteko borrokan sartuta dago buru-belarri. Joan zen astean Baionari irabazi zion etxean, eta horrek konfiantza emanen dio, baina argi dago Miarritzek irabazi beharreko partida dela. Gainera, partidak zapore berezia izanen du miarriztarrentzat. Joaneko partidan, Agenek irabazi egin zion Miarritzeri (28-25), eta, aldi honetan, joaneko partidaren emaitza txarra ezabatu nahiko dute miarriztarrek.
Astea lasai joan da Miarritzen. Bi porrot jasan arren, entrenatzaileak gustura daude jokalariek emandako itxurarekin. Serge Blanco presidenteak, adibidez, Touloneko epailearen lana jarri zuen ezbaian, eta jokalariak babestu, Mediterraneoan galdutako partidaren ondotik.
Berri onak pilatu dira, gainera, aste honetan Agilera aldean. Taldeak jakinarazi du Balshawek, Yachvilik, Traillek eta Lauretek haien kontratua luzatu dutela Miarritzerekin. Zurrumurruak isildu ditu horrela Blancok, batez ere Traille eta Laureten kasuan. Beste berri ona Eduard Coetzee harroina osatu dela da. Taldea larri dabil postu horretan, Barcella, Afoa eta Johnstone galdu baititu. Hegoafrikarraren itzulerak gauzak lasaituko ditu, seguru.
Azken bi partidak galdu ondoren, Miarritze irabaztera behartuta dago
Agen konfiantzaz lepo iritsiko da gaur Agilerara, baina zuri gorriek hobeak direla erakutsi behar dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu