Azken estutua hartuko dute

Herbehereetan hasiko da 2009ko Vuelta, eta erlojupekoetan baino gehiago, mendiko etapetan erabakiko da

Igor Susaeta.
2008ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Txirrindulariak, berez, nekatuta heltzen dira abuztua bukaerara, iraila hasierara. Baina hain justu data horietan jokatzen da Espainiako Vuelta 1995az geroztik. Denboraldiaren azken zatian sasoiko egoteko propio prestatu arren, txirrindulari gehienak gogaituta egoten dira ordurako. Esfortzu handiak eginda dagoeneko, pasada handiak hartuta. Hala ere, badira gorputzari azken estutua emateko sasoia dutenak, eta horiek parte hartzen dute Vueltan; batzuek gogotsu, eta beste batzuek, aldiz, ia derrigortuta. Atzo aurkeztu zuten Madrilen hurrengo urtekoa, eta, esan daiteke ibilbidea nahiko menditsua dela. Hortaz, denboraldiko azken estutua -edo azkenetakoa- hartuko dute txirrindulariek, 2009ko abuztuaren 29a eta irailaren 20a bitartean. 3.200 kilometro pasatxo. Bere historian bigarren aldiz Espainiatik kanpo abiatuko da Vuelta, eta, hartara, aurreneko lau etapak Herbehereetako eta Valoniako lurretan beteko dituzte txirrindulariek.

Aurrenekoa berezia izango da, 4,5 kilometroko bakarkako erlojupekoa Assen-eko zirkuituan jokatuko baita. Motoziklismoaren Katedrala ere deitzen zaioAssen-i. Gero, beste bi etapa egingo dituzte Herbehereetako lurretan, eta tartean Amstel Gold Race klasiko handiko Cauberg muinoa igoko dute. Laugarrena, berriz, Liejan bukatuko da. Valoniako hiria da, hain zuzen, Giroko, Tourreko eta Vueltako etapa bukaera izan den toki bakarra.

Espainiara bueltan, aurreneko atseden eguna izango dute txirrindulariek. Hiru egun geroago, aldiz, lasterketako lehen erlojupeko luzea, Valentzian, zazpigarren etapan. 30 kilometro besterik ez du, ordea. Egia esan, erlojuaren kontrako espezialistek aukera gutxi izango dituzte 2009ko Vueltan. Izan ere, azken-aurreko etapako 26ak kenduta, ez dituzte bakarkako lehian kilometro gehiago egingo. «Menditsua» izan arren, lasterketa «Toledoko erlojupekoan» erabaki daitekeela esan zuen atzo Alejandro Valverdek (Caisse d'Epargne). Alberto Contadorri (Astana) erlojupekoak «motzak» direla iruditzen zaio.

Mendia aipatu zuen Valverdek, eta, hain zuzen, lehen erlojupekoaren ondorengo bi egunak menditsuak izango dira. Zortzigarren etapa Aitana luzean amaituko da, eta hurrengoa, berriz, Xorret de Catin, hiru kilometro lehenago izen bereko mendate tente bezain laburretik igaro ondoren.

Caravaca de la Cruzera bidean gauzak lasai hartzeko aukera edukiko dute nagusiaren lehian daudenek, baina lasterketako bigarren eta azken atseden egunaren ondoren, Vuelta erabaki dezaketen etapak jokatuko dira.

2.000 metroren bueltan

Hirurak, Velefiquekoa, Sierra Nevadakoa eta Panderakoa, gainean amaituko dira. Lehen Mailako bost mendate eta maila bereziko bi gainditu beharko dituzte, eta gehienak gainera, 2.000 metroren bueltan dabiltza edo altuera horretatik gaindi, Sierra Nevada kasu (2.520 metro). Hortaz, Pirinioen, edo Asturiasko Angliru edo Lagos de Covandogaren faltan, Andaluziako lurretan gal edo irabaz daiteke Vuelta.

Hortik Madrilerako bidean, Gaztela-Mantxako etapa lauak, eta Avila zein Madrilgo mendietan egin beharreko bi etapak. Avilakoak baino, La Granjan bukatuko denak min handiagoa egin dezake, 19. etapan. Navacerrada bi aldiz gaindituko dute; azkena helmugatik 15 bat kilometrora. Ibilbidea ikusi, eta Vueltak azken egunera arte «emozioari» eutsiko diola esan zuen Samuel Sanchezek (Euskaltel-Euskadi). Azken estutua hartzeko prest baldin badaude, hala izan daiteke.



Mendate gogorrenak

Xorret de Cati: Vueltako mendaterik tenteena igoko dute bederatzigarren etapan. Egia esan, mendatea baino gehiago muinoa da. Lau kilometro da luze, eta %11 inguruko batez besteko pendiza dauka.

Velefique: 12. etapan gaindituko dute; bi aldiz, gainera. 15 kilometro da luze, eta bere batez besteko pendiza %6,5 ingurukoa da.

Monachil: 13. etapan igoko dute, Sierra Nevadarako bidean. 2004an aurrenekoz gainditu zutenetik, ia urtero igaro dute. Mendate laburra da, 6,5 bat kilometrokoa, baina oso tentea. %9 inguruko batez besteko pendiza dauka.

Navacerrada: Vueltako mendate klasikoa. 12 bat kilometro da luze, %6 inguruko batez bestekoa pendiza dauka, baina azken lauzpabost kilometroak tenteagoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.