Azken koska falta zaio

Sebastian Vettelek poltsikoan dauka jada bigarren titulua, eta, ondo bidean, Japonian eskuratuko du

Laurentzi Garmendia
Donostia
2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Sebastian Vettelek (Red Bull) aurkari guztiak ezereztu zituen herenegun, Singapurko Sari Nagusia irabazita. Jenson Button (McLaren) bakarrik gelditu zaio erdibizirik. Aurreko denboraldian Red Bulleko bi gidariak titulua lortzeko aukerekin iritsi ziren azken probara, Lewis Hamilton (McLaren) eta Fernando Alonso (Ferrari) bezala. Baina aurten ez da halakorik gertatuko, Vettelek 124 puntura baitauka Button bigarren sailkatua, eta 125 puntu soilik baitaude jokoan.

Jakina da ezerk ez duela eragotziko Vettelen bigarren titulua. Puntu bakarra aski du, baina punturik gabe ere berea izango da titulua. Izan ere, falta diren bost lasterketak irabaztea da Buttonen aukera bakarra, eta Vettelek punturik ez lortzea. Ezinezkoa. Red Bull taldeak Japonian ospatu ahal izango du titulua.

Hori bai, Vettelek titulua esku-eskura duen arren, oraindik ez du lortu, eta ezin zaio garaikurra garaiz aurretik eman. Gertatzen dena gertatzen dela ere, alemaniarrak sasoi honetan ezin hobeto egin ditu lanak, aurreko sasoiko bertuteak sendotuta eta iraganeko hutsak ahaztuta. Taldeak ere berdin jardun du, abiadura aldetik aurrekoa gaindituta, baina sendotasun arloan aurrerapauso itzela emanda. Erraza da esatea Vettelek autorik onena izan duela, eta ziur hala dela. Baina hori esatea ez da nahikoa. Lehen edo bigarren izan da orain arteko lasterketa guztietan, Silverstonekoa salbu. Bederatzi garaipen, lau aldiz bigarren, eta behin laugarren.

Lider baten jarrera erakutsi du, bere adinerako ezohikoa dena. Taldea bere alde zuen aurreko denboraldian, edo bere aldera eraman zuen. Webber taldekidea dagoeneko ez da arazoa, eta autoa bere esanetara jarri du. Ikusi besterik ez dago nola gidatzen ari den; Vettelek eta autoak elkar ezin hobeto ulertzen dute. Gidariak badaki autoak nola erantzungo duen, eta ederki ematen ditu aginduak. Berea da autorik azkarrena, baina ziurrenik beste inork ez du hark bezain ondo gidatuko. Hori baita haren meritua: autoa bere neurrira moldatzea.

Munduko txapeldun izango da berriz ere, baina pistan badira gehiago. Haien artean nabarmendu beharrekoak dira Michael Schumacher (Mercedes) eta Hamilton. Batak zein besteak ez zuten oso lasterketa dotorea egin Singapurren. Schumacher goraka doa, eta Nico Rosberg taldekidearen mailara gerturatzen ari da. Belgikan eta Italian bosgarren egin zuen. Hobetzen ari dela ikusita, hazi egin da, eta, berez erasokorra denez, are erasokorrago ari da orain. Hori bai, bere mailako gidari batek ezin du egin herenegungo hutsik.

Hamilton da nabarmendu beharreko beste txapelduna, baina ez dabil oso fin. Lasterketa bakoitzean bere alderik onena eta txarrena erakusten ari da. Dagoeneko makina bat aleroi txikitu ditu, eta gehienetan zigorra jaso du, gainera. Zigor horiek kasu guztietan ez dira merezitakoak izan, eta herenegungoa eztabaidagarria izan zen. Neurri batean, justizia egin zuen zigorrak, Massak, gurpila zulatuta, denbora asko galdu zuelako boxetara bidean. Hamiltonek, gutxienez, denbora hori bera galtzea merezi zuen. Baina 1 Formulan beti izan dira lasterketako istiluak, eta, nahita eragindakoak ez diren bitartean, bere horretan utzi beharko lirateke.

Bi aste barru, Suzuka.

Fukushimatik 500 kilometrora dago Suzukako zirkuitua (Japoniako Sari Nagusia), baina ez da horren inguruko kezkarik izan gidarien artean. Zirkuitu ederra da, baina aurreko sasoian Vettel-Webber bat-bikoa izan zen. Zaila izango da hori eragoztea, batez ere Vettelek jarrera bera mantenduko duela aurreratu duelako. McLarenek, berriz, argi esan du Buttonen alde egingo duela. Gerlaria da ingelesa, eta garaipena lehiatuko dio Vetteli.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.