Oker hasi da lau t'erdiko txapelketa. Hasi aurretik jaso du lehen albiste txarra. Iker Irribarriak, eskuko minez, ezingo du parte hartu. Atzo egin zituzten zozketak aurkezpen ekitaldian, Karlos Argiñanok Zarautzen duen jatetxean, eta Aramakoa ez zen han egon. «Mastersa eskuko minez bukatu zuen, oso justu, eta esan digu ez dagoelatxapelketa jokatzeko moduan», azaldu zuen Iñaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Irribarriak uda gogorra izan du, eta lesio honek ez dio lagunduko. Etzi Biriatun jokatuko zuela erabakita zegoen, baina azken orduko aldaketa egin behar izan du Aspek. Aitor Mendizabal aukeratu du hura ordezkatzeko, iragan igandean Danel Elezkanoren aurkako atarikoko galtzailea. Ez da horrelako zerbait pasatzen den lehen aldia: 2013an, Joseba Ezkurdiak Sebastian Gonzalez ordezkatu zuen azken unean.
Irribarriak ez du parte hartuko, baina, hala ere, txapelketak itxura ederra du. Hamabi pilotarik hartuko dute parte, eta, duela bi urte gertatu bezala, ez da atzelaririk egongo. Hamabien artean bi debutari egongo dira: Erik Jaka iazko Bigarren Mailako txapelduna eta Unai Laso. Parte hartzailerik gazteenak 20 urte ditu, eta Bizkarretakoa da. Zaharrena, aldiz, Aimar Olaizola da: 37 ditu. Zazpi aldiz irabazi du txapela hark.
Txapelketa motza izango da. Enpresek esana zuten binakakoari tokia egin nahi ziotela, eta, neguan bost t'erdiko txapelketa antolatu nahi badute, data libreak behar dituzte. Horretarako modurik onena lau t'erdikoa are gehiago estutzea da. Etzi hasiko da, Biriatun (Lapurdi, 20:00), Julen Retegi eta Danel Elezkanoren arteko final-zortzirenetako partidarekin, eta azaroaren 19an bukatuko da. Lau kanporaketak asteburu honetan jokatuko dituzte. 44 egun eskaseko txapelketa izango da, sei aste pasatxokoa. Enpresek final-laurdenetako azken jardunaldiaren eta finalerdien arteko atseden astea kendu dute, «beharrezkoa» ez delakoan. Finalari dagokionez, aste pare batean argituko dute non jokatuko den. Litekeena da Gasteizen jokatzea. Zaila izango da Bilbon finalerdietatik aurrerako partida bat antolatzea, eta Atanon, Donostian, hobekuntza lanak aurreikusita daude. Litekeena da, beraz, eta iaz bezala, Ogetan erabakitzea nor den txapelduna.
Lau t'erdikoak azken bi urteetako sistema bera izango du. Emaitza onak izan ditu, eta enpresek ez dute aldatu. Final-zortzirenetako kanporaketaren ondoren, hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta bertan daude zain iaz finalerdietarako sailkatu ziren lau pilotariak. A multzoan, txapelduna eta 4. sailkatua daude, Bengoetxea VI.a eta Olaizola II.a. B multzoan, berriz, txapeldunordea eta 3. sailkatua, Altuna III.a eta Urrutikoetxea. Ligaxka urriaren 12an hasiko da —jaieguna da Hego Euskal Herrian—, Iruñean, bi nafarren arteko partidarekin. Ostegunez jokatuko da, larunbat horretan Bengoetxeak eta Olaizola II.ak Bartzelonan jokatu behar dutelako. B emultzoko lehen partida, berriz, Lekunberrin jokatuko da, Altuna eta Urrutikoetxearen artean. Bigarren jardunaldian, lehen jardunaldiko irabazleek neurtuko dituzte indarrak. Urrutikoetxearen bigarren partida Bilbon jokatuko da, hilaren 21ean.
2. Mailakoa, are motzagoa
Lehen Mailako txapelketarekin batera, Bigarren Mailakoa jokatuko da. Azken urteetako txiki eta motzena izango da hura ere: zazpi parte hartzaile baino ez, eta enpresa bakoitzak bi pilotari izango ditu finalerdietako ligaxkan. Aspek Elordi sailkatua du jada, eta Ugaldek eta Errandoneak etzi Biriatun jokatuko duten partidako irabazlea izango du lagun. Asegarcek bi kanporaketa antolatu ditu larunbaterako Iruñean: Agirre Bakaikoaren aurka, eta Peña II.a Urretabizkaiaren aurka. Azken horrek 22-15 irabazi zion atzo Erasuni, Agurainen (Araba). Finala azaroaren 11n jokatuko da. Txapelketak Dario iazko txapeldunordearen hutsune handia du. Ebakuntza bat egin behar diote aurki, eta horrek parte hartzea eragotzi dio. Aspek ez du zehaztu zein ebakuntza den, baina jakinarazi du ez dela larria.
Lau t'erdiko txapelketan beste debut bat egongo da, EPELek pilota hautatzaile berria izango baitu: Martin Alustiza. Kepa Peñagarikanok kargua utzi du, bere lanarekin bateraezina zelako. 2015eko abenduan hartu zuen kargua, eta urte eta erdi iraun du. Alustiza, horrenbestez, EPELek izango duen hirugarren hautatzailea izango da Juan Mari Juaristi Atano XIII.a eta Peñagarikanoren ondoren. Egun, hautatzaileen lana erraztu egin da, finalerdietatik aurrera partidak zeintzuk jokatuko diren erabaki aurretik hautatzen baitira pilota sortak.
Pilotan ibilbide luzea eginikoa da Alustiza. Segurarra da jaiotzez, eta 27 urtez izan zen pilotari profesional, 1980 eta 2007 artean. Lau aldiz jokatu zuen binakako finala, eta behin irabazi. Asegarcen hasitako profesional ibilbidea Frontisen bukatu zuen, eta handik gutxira Aspen hasi zen, intendente lanetan. Enpresa partidetarako pilotak jartzen ohitua dago, eta ondo ezagutzen ditu pilotagintzaren sekretuak.
Azken orduko hutsune batekin
Iker Irribarriak, eskuko minez, ez du lau t'erdikoa jokatuko, eta Aitor Mendizabal ariko da haren ordez. Sei asteko txapelketa izango da. Martin Alustiza izango da EPELen pilota hautatzaile berria

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu