Azken orduko zoramena

Australiako Sari Nagusia hasteko bezperan, kezkak pilatzen hasi zaizkio FIAri eskuderia txikienekin

Laurentzi Garmendia
2007ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Oso lasai zihoan 1 Formulako aurredenboraldia orain arte. Gelditu gabe aritu dira kasik talde guztiak azken hilabeteotan, eta zenbait arlotan ezinbesteko aldaketak gertatu badira ere, guztia nahikoa lasai iritsi zen Australiara. Melbournen, baina, eltzeak leher egin du eta osagaiak ziztu bizian bertatik atera. Batzuk, ezezagunak. Urteko lehen lasterketan ohikoa da nolabaiteko zurrunbiloa, baina aurten azken unera arte itxaron du.

Piztia esnatzea bezala izan da. Super Aguri taldeak herenegun aurkeztu zuen autoa, Toro Rosso eskuderiarenarekin batera hainbeste zeresan eman eta emango- duena. Ustez iazko Honda RA06 autoaren garapena izatekoa zenak ez dirudi hala denik, kanpo itxura epaituz behintzat. Haren aurkari nagusi den Spyker taldeak Abu Dhabi-ko bi enpresa nagusiren diru-babesa jaso du egun berean. Eta bien artean akusazio gogorrak jaurti dituzte, nahiz eta momentuz ahozko mehatxuetara murriztu diren. Spyker taldeko Colin Kolles-ek ziurtatu du larunbat eguerdiko sailkapen probak eta gerorako gorde dituztela kontraeraso neurriak.

Giroa bero-bero dago sailkapeneko behealdean. Momentuz FIAk ez du horrekin buruhauste gehiegirik, taldeek ez baitute momentuz idatzizko kexurik aurkeztu Toro Rosso eta Super Agurik hartu duten bidearen kontra. Hala ere, lasterketa aurretik mugimendurik izango dela ziurtzat jo daiteke. Horren esperoan, FIAk beste ideia batzuk jorratzen darrai. Segurtasun neurriak hobetu asmoz, autoek euria ari duenean soilik pizten duten atzealdeko argi gorriari erabilera berria eman nahi diote. Kaleko autoen modura, balaztatzen den bakoitzean piztuko litzateke, atzetik gertu dagoen autoak berehala ikus dezan.



EUROPATIK KANPO, EUROPARA BEGIRA. Gero eta lasterketa gehiago dira Europatik kanpo korritzen direnak, batez ere tabako legedia zorrotzagoa delako kontinente zaharrean, eta bertako zirkuitu gehienak zaharkitu xamarrak daudelako. Horregatik herrialde arabiarrek, ekialde urrunekoek eta beste herrialde aberatsek lasterketak bereganatzen dihardute. Singapur da hurrengo urterako hautagaia. Baina Bernie Ecclestonek, 76 urteak beteak izanik ere, buru argia du. Badaki ikusle gehienak, 1 Formula telebistaz jarraitzen dutenak, europarrak direla, eta Australiako bezalako lasterketetan ikusle kopuruak behera egiten du. Izan ere, Euskal Herrian goizeko lauak direnean emango zaio lasterketari irteera.

Zer egin horren aurrean? Australian egunez denean hemen gaua bada, joka dadila Australiako lasterketa gauez, hemen egunez ikus dadin. Jakina daEcclestonek zerbait dioenean bete egin ohi dela gehienetan, eta lasterketak gauez korrituko dira berandu baino lehen. Aurten ez, azpiegitura asko behar delako, baina hurrengo urteko egutegian sartu nahi duen Singapur-eko ordezkariak Australian dira lasterketa aztertu eta gauez antolatzeko beharko liratekeen baliabideak zerrendatzeko. Antzeko formula erabili da dagoeneko DTM eta IRL txapelketetan, arrakastaz.



ETA KIROL ARLOAN ZER?. Urteko lehen lasterketak duen bereizgarritasun nagusia sorpresa eta ezjakintasun faktorean datza. Talde bakoitzak nahi duena egin du orain artean, eta auto desberdin asko pista berean probatzen aritu badira ere, bakoitza bere kaxara aritu da. Aldiz, orain guztiek baldintza berdinetan korrituko dute, benetako lehen alderaketari aurre eginez. Taldeek berek ere ez dute argi zein ote den bakoitzaren tokia. Nahiko sentimendu zabaldua da Ferrarik lasterketan duen maila, itxuraz azkarrena baita. Baina oraindik Australiako pistara egokitu behar dute autoa, eta hor beti gerta daitezke gora beherak.

Izen nagusiak hiru dira, eta podiuma osatzeko hautagaiak ere bai. Massa, Raikkonen eta Alonso txanpaina astintzera deituak, eta ordena horixe bera izan daiteke. Sorpresa polita emateko moduan dira BMW taldeko Heidfeld eta Kubica, batez ere autoak irauten badie. Williams ere lan txukuna egitekoa da. Makal hasteko itxura dute Honda eta RedBull taldeek. Renaultek ere bi gidariak puntuetan sartu beharko lituzke. Oso garesti dute gainerakoek ezer lortzea. Denboraldia lehen lasterketatik erabakitzen da, eta Ferrari nahiz McLaren horretarako prest daude. Alonsok badu gaitasuna autoaren defizit txikia ezerezteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.