Talde bat partida asko jokatzen ari denean maratoi bat egiten ari dela esan ohi da. Athletic hala ari da sasoia hasi zenetik. Baina azken hiru asteotakoak antz handiagoa izan du oztopoz beteta dagoen lasterketa labur batekin, iraupen luzeko lehia batekin baino. Denbora gutxian, ahalegin handiak egiten ari da talde zuri-gorria. Eta, orain arte, ondo gainditu ditu aurrean izan dituen traba gehienak. Sendotasuna hartzen ari dela erakusten du horrek. Baina, era berean, kirolean dinamikek duten garrantzia islatzen du Athleticek sasoi honetan daraman ibilbideak. Denboraldia hasi zenean sekulako arazoak izan zituen puntuak lortzeko. Neurketa gehienetan lan ona egin zuen, baina bolada txarra zenez, azken emaitzari begira, egindako hutsek pisu handiagoa zuten, ondo egindako gauzek baino.
Azken hilabetean, ordea, bestelakoak dira kontuak. Athleticek bederatzi norgehiagoka daramatza galdu gabe. Bolada ona da oso. Baina emaitza onak lortu izanak ez du esan gura partida guztietan lan ona egin duenik. Neurketa bat edo beste galdu izan balu ez litzatekeela ezer gertatuko.
Egindakoa eginda dago, eta aurrera dago begiratu beharra. Bada, Athleticek etenaldiaren aurretik gainditu beharko duen azkeneko oztopoa ez da inoren gustukoa. Egun jokatu dezakeen partidarik gaitzena da. Aurkaririk gogorrena izango du aurrean: Bartzelona handia. Azken denboraldiotan Athletic Espainiako Kopa eta Superkopa barik utzi duen aurkaria. Askorentzat historian egon den talderik onenak bisitatuko du Katedrala.
Athleticek etxeko lanak eginda ekingo dio neurketari. Europako Ligan final-hamaseirenetarako sailkatu berri da. Eta Espainaiko Ligan Europarako txartela ematen duten postuetatik hiru puntura dago. Emaitzak onak dira, beraz. Eta zaleen gustukoa da, era berean, puntuak eskuratzeko era. Marcelo Bielsak proposatzen duen joko ausartak erakarri egin ditu jarraitzaileak. «Orain merezi du Athleticen partida bat ikustera joatea», entzuten da sarri bazkide zuri-gorrien artean.
Athleticek erakutsi du denboraldi honetan gai dela arriskuak hartuta aurkari gehienei aurre egiteko. Sasoia hasi zenetik gutxi izan dira zuri-gorria baino gehiago izan diren taldeak. Goi mailako taldeek ere lanak izan dituzte Athletici aurre egiteko: Malagak, Vila-realek, Atletico Madrilek, Valentziak eta enparauek badakite egungo Athletic aurkari gogorra eta arriskutsua dela. Kontuan hartu beharreko kontrarioa, alegia.
Buruz buruko borroka
Baina izango al da gai Bartzelona handia estu hartzeko? Nekeza dirudi. Salto handiegia dagoela dirudi. Bartzelona eginda dagoen taldea izateaz gain, talde bateko eta besteko jokalarien artean alde handia dago. Talentu handiagoko taldea da Bartzelona. Athletic, berriz, hasi da Bielsak gura duena praktikan jartzen, baina oraindik gorabeherak ditu. Hortaz, badirudi bi taldeek proposatzen duten joko erasokor eta ausartean abantaila izango dutela Pep Guardiolaren jokalariek. Zirrikitu txikiena baliatzeko gai den talde apurrenetakoa da-eta Bartzelona. Orain arte atzean sartu eta eusten ahalegindu dira kataluniarren kontra jokatu duten aurkari gehienek. Gutxi batzuk izan dira lan aparta eginda Bartzelonari eusteko gai izan direnak. Zortea ere lagun izan dute.
Hasiera batean ez dirudi estrategia aproposena denik, baina gehienetan Bartzelona bera da beste aukerarik ematen ez duena. Eta behin markagailuan atzean egonda nekeza da jokatzeko era aldatzea. Bielsa apur bat ezagututa, ez du ematen Athletic gaur atzean sartuko denik. Bartzelonaren ukabilkadei aurre egiteko era beste ukabilkada bat ematea izango da. Ez da bere burua babestera zelairatu. Ikusi egin beharko da nola erantzuten duen. Asko dira Athleticek jipoi eder bat hartuta galduko duela uste dutenak. Bistan da Athleticek badaukala kezkatuta egoteko arrazoi bat baino gehiago. Baina badirudi Guardiola ere ez dagoela erabat lasai. Horregatik gorde ote zituen Txapeldunen Ligako neurketan Villa, Iniesta eta Xavi? Ez da seinale txarra hori ere. Athletici dagokionez, Javi Martinezek defentsaren erdian jokatuko du, Ekizaren ordez. Aiegikoaren tokia, berriz, Iturraspek hartuko du. De Marcos, beraz, hasieratik ariko da.
Azken oztopoa da gaitzena
Bartzelonaren kontrakoa izango da azken hiru asteotan Athleticek jokatuko duen zazpigarren partida, guztietan zailenaBielsaren joko ausartak munduko talderik onenari aurre egiteko balio duen ikusiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu