Xanti Zabaleta. Zumaiako entrenatzailea

«Azken postua saihesteak lana emango digu»

BALEIKE ALDIZKARIA.
Aitor Manterola Garate.
2012ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Bigarren urtea du entrenatzaile lanetan Xanti Zabaletak (Orio, Gipuzkoa, 1968). Iaz egundoko lana egin zuen, Zumaia onenen artean utzi baitzuen uste baino errazago, arraun egiteko modu berritzaile bat erabilita. Aurtengo lanak zailagoak izango direlakoan dago.

Zein da Zumaiaren helburu nagusia denboraldi honetan?

Iazko bide beretik, San Miguel ligan jarraitzea da gure helburua. Joan zen urtean baino zailagoa izango da, igo diren biak [Portugalete eta Zierbena] diruz indartsuak direlako, eta fitxaketak egin ditzaketelako taldea hobetzeko. Aurkari gogorragoak ditugu aurten; azken postua saihesteak lan handia emango digu.

Aurreko denboraldiko taldearen aldean, zer aldatu da?

Iaztik, hiru arraunlari falta zaizkigu, eta, haien ordez, gazte mailako hiru igo dira, eta lehen ibili zen bat berriz hasi da. Lantzen ibili gara horiekin, berriekin, traineruan sartzeko moduan jartzen. Pixka bat hobeto gaude iazkoaren aldean, baina, gero, hori ikusi egin beharko da uretan, eta hori da nire kezka.

Iazko aldean, ez da ikusten traineru pare bat atzean geratuko direnik hasieratik. Uste berekoa al zara?

Bai, hala ematen du. Aurten, gaitzagoa izango da. Hiru ontzi ibiliko dira goian; gero, multzo handi bat erdian; eta atzean, bestea. Atzetik erdirako tartea ez da hain handia izango, eta borroka gogorra egongo da. Goiko hirurak Hondarribia, Kaiku eta Urdaibai izan daitezke; Tiranek zer egingo duen ikusi egin beharko da, eta ezin da jakin San Juan eta San Pedro ere nola ibiliko diren. Kantabriako hiruren inguruan ere [Astillero, Pedreña eta Castro], beste hainbeste pentsatzen dut.

Zer moduzko lana egin duzue negu partean?

Iazkoaren ildotik joan gara. Klub apala da gurea; badakigu lana non egin behar den, eta iazko estrategia bera erabili dugu.

Bigarren urtea izango duzu hau entrenatzaile lanetan. Iaz bezala zaude, ala lasaiago?

Beste ikuspuntu batekin; baina lasaiago, ez. Erronka zaila daukagu. Eta ez guk daukagunagatik, liga hau asko indartu delako baizik. Lan handia egin behar da.

San Miguel ligakoaz gain, zer beste helburu edo asmo dauzka Zumaiak?

Ez daukagu beste helburu jakinik lehiari dagokionez. Talde lana osatzea eta mutilek kirol honetan gozatzea; hori da gure asmoa. Zaila da lehen mailan egon eta gozatzea, maila handia dagoelako; presioa dago, premia sortzen da, eta estresa ekartzen du horrek. Ez da erraza izaten lanak ateratzea.

Entrenatzaile eta psikologo?

Entrenatzaileon lana teknikoa eta psikologikoa da; ikusten ez dena izaten da psikologikoa, baina garrantzitsua izaten da lan hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.