Denboraldi honetan oraindik partidarik irabazi ez duen bi taldeetako bat izango du Realak bihar aurkari Anoetan: Deportivo -Zaragoza da bestea-. Liga gaizki hasi arren, ordea, Realarengandik hiru puntura baino ez daude galiziarrak, donostiarrak gaizki aritu direlako etxetik kanpo eta puntu bakarra lortu dutelako jokatutako lau norgehiagoketan. Martin Lasarte Realeko entrenatzaileak aitortu du horrek garrantzi berezia emango diola biharko partidari: «Jaitsiera postuetatik gertu egotea egokituko zaigu agian; mugan ibiltzea, alegia. Baina langatik gora egon nahi dugu beti, eta ez behera, arriskutsua delako putzuan sartzea. Argi dago galtzen duen taldea egoera zailean geratuko dela».
Jokatutako zazpi partidetatik lau berdindu egin dituzte galiziarrek, eta hiru galdu. Hiru gol sartu dituzte, eta 11 jaso. Etxetik kanpo, berriz, hiru partida jokatu ditu Deportivok orain arte, eta horietatik bi galdu egin ditu, eta bestea berdindu, Sevillaren aurka, bigarren jardunaldian (0-0). Gol bakarra sartu du -Real Madrilen aurka, 6-1 galdu zuenean-, eta zazpi jaso. Lasartek, hala ere, Deportivoren arriskuaz ohartarazi du: «Egiten duen jokoagatik, agian, Real Madril eta Vila-real baino talde deserosoagoa da guretzat, zain gelditzen delako, aurkariaren arabera jokatzen duelako eta defentsa ona daukalako».
Zurutuza hasieratik ariko da
Ohi bezala, hamaikakoaren edo eskemaren inguruko argibiderik ez du eman uruguaitarrak, baina Tamudo min hartuta dagoela kontuan hartuta, Llorente hasieratik ariko da, eta oso litekeena da 4-2-3-1eko eskema berreskuratzea, Zurutuza punta-erdi lanetan jarrita. Haren hutsunea asko sumatu zuen Realak Levanteren aurka. Bigarren zatian, berriz, Zurutuza zelairatu zenean, taldeak onerako nabaritu zuen bere jokoa. Horrez gain, Agirretxe deialdira itzuliko dela aditzera eman du entrenatzaileak. Sutil lesionatuta dago, eta Ifran ere deialditik kanpo geldituko da, taldekideekin entrenatzen hasia bada ere.
Azken postuak urrundu ditzake Realak bihar, Deportivori irabazita
Tamudo min hartuta dagoenez, Llorentek jokatuko du hasieratik aurrean, eta Agirretxe deialdian sartuko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu