Azken txanpa, Alonso buruan dela

Azken lasterketetan, Lewis Hamiltonek erakutsi du azkar doala; Kimi Raikkonenek, sendo dabilela; baina Ferrariko gidari espainiarra da lider, bera izan baita erregularrena.

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Munduko 1 Formula Txapelketak urte batzuk atzera egin duela dirudi. Orain zazpi urte, Fernando Alonso eta Kimi Raikkonen euren estreinako tituluaren bila zebiltzan. Asko aldatu dira gauzak ordutik. Lewis Hamiltonen arrastorik ez zegoen 2005ean. Alonso Renaulten ari zen, eta Raikkonen, McLarenen. Finlandiarrak zuen autorik azkarrena, baina Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) motorren iraupena luzatu zuen, kostuak jaisteko asmoz. Horixe zen McLaren autoaren punturik ahulena. Horregatik irabazi zuen azkenean Alonsok, autorik azkarrena izan gabe, sendoena zelako harena. Denboran aurrera egin, eta sendotasun horixe izan du lagun aurten espainiarrak txapelketako sailkapeneko lehen postura iritsi eta hantxe sendo eusteko.

Ferrarikoak une oro erabili ditu bere autoaren dohainak. Denboraldi hasieran, ez zuen abiadura, baina bai sendotasuna. Hori izan ohi da lehen lasterketetako gakoa. Azken urteotan batez ere, neguan gero eta kilometro gutxiago egiteko aukera dagoenez, autoak oraindik ondo prestatu gabe iristen dira sasoi hasierara. Ferrarik lehen probetan ikusi zuen arazo serioak zituela autoarekin, eta haien jatorria topatu nahian, ia beste inork baino kilometro gehiago osatu zituen. Mercedesek bakarrik gainditu zuen, hark ere bai baitzuen bere arazo sorta. Italiarrek autoaren abiadura lortu nahian pilatu zituzten kilometroek sendotasuna eman zieten. Horretaz baliatu zen Alonso, eta ez du hutsik egin urte osoan: Belgikan irteerako istripuak harrapatu izan ez balu, proba guztietan lortuko zuen punturen bat.

Orain, Ferrarik bi gauzak ditu: sendotasuna eta abiadura. Taldeko arduradunek Bartzelona jotzen dute goranzko bidea hartu zuten lasterketatzat. Urteko bosgarren lasterketa izan zen hori. Orain hamahiru jokatuak dira; beraz, Ferrarik aspaldi utzi zion patata zaku izateari, bestelakoan Alonsok aspaldi baitzuen galdua lehen postua. Eta hortxe jarraitzen du, autoan segundo eta erdi topatu dutelakoz gain, hutsik egin gabe gidatzen ari delako. Alonso baita aurten huts gutxien egiten ari dena, iaz Sebastian Vettel izan zen bezala. Horri esker, alemaniarrak nahierara irabazi zuen txapelketa. Zeukan aldearekin, bazuen huts egiteko aukera. Guztia ongi egin zuen, ordea: borobil. Aurten, ordea, pneumatikoak aldakorrak izan dira, eta irabazle ugari egotea eragin du horrek. Zortzigarren lasterketan bakarrik etorri zen lehen errepikatzailea. Halako egoera batean, benetan balio duena erregulartasuna da, puntuak han eta hemen pilatzea, irabazi gabe bada ere.

Vettelek hirutan ez du lortu punturik, haietako bitan Renaulten arazo elektrikoen erruz. Hamiltonek beste horrenbeste huts dauzka. Bi horiek dira, teorian, Alonsoren aurkari zuzenak, haien abiadura eztabaidaezina baita. Hamilton indartsu dator, azken hiru lasterketatik bi irabazita. Ez da hori Vettelen kasua, asko landutako lasterketak izan baditu ere, azken emaitzan podiumetik urruti gelditu baita.

Raikkonenen itzulera

Erregulartasuna garrantzitsua izan da denboraldi honetan; beraz, ezin da gidari bat aipatu gabe utzi: Raikkonen. Askorentzat, hura da urteko ezustekoa. Pistan egiten duena erdi ustekabean doa, oraindik ez baitu irabazi lasterketarik. Baina, pixkana, 2007ko txapelduna arriskutsu bilakatzen ari da. Sei podium lortu ditu, eta adi, lasterketa bakarrean ez du lortu punturik. Bi urtez 1 Formulatik at egonda ere, sekulako sasoian itzuli da, eta hobetuz joan da lasterketa bakoitzean. Lotus autoak puntu bat falta du Ferrari eta McLarenen mailara iristeko, baina abiadura gabezia hori bestela orekatzen du. Sendoa da, eta ondo zaintzen ditu pneumatikoak.

Azken txanpan, Alonsok ederki bideratua du ontzia, eta orain arteko bideari eutsiko dio, gainera. Raikkonenek sasoi amaiera oso sendoak egin ohi ditu, halaxe irabazi baitzuen titulua: azken lasterketan, elkarri begira zebiltzan Alonso eta Hamilton, baina aurrea hartu zien. Raikkonenek lasterketa bat irabazi behar du benetako aurrerapausoa emateko, baina zailtasun bat du: hemendik aurrerako zirkuitu gehienak berriak dira harentzat. Horrez gain, Alonsok Felipe Massa berreskuratu du benetako laguntzaile gisa. Brasildarrari lan zikina egitea egokitu zaio, baina horrek saria izango du: kontratua berritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.