Aspaldiko partez, zaharrak ez dira berri Agileran. Asteak eta asteak garaipenik gabe pasatu ondoren, Miarritzek Touloni irabazi zion joan zen astean (25-6). 2011ko azken orenetan lortutako garaipen horrek poza ekarri du Lapurdira, eta behar-beharrezko izanen duen indarra eman dio Miarritzeri 2012a beste bide batetik hartzeko.
Toulonen aurkako garaipenak haize ufada handia eman dio Miarritzeri. Jokalari eta entrenatzaileek lasaitua hartu dute, etxean berriz galduz gero zango eta erdi izanen baitzituen Bigarren Mailan. Pozteko motiborik badute miarriztarrek, aise irabazi baitzioten joan zen ostiralean Touloni. Garaipenak lasaiago lan egiteko aukera eman die. «Aste honetan lasai egin dugu lan. Kalitatezko lana egiteko aukera ematen du horrek», dio Benoit Guyot hirugarren lerroak.
Afera ez da erabat trenkatua, ordea. Irabazi arren, Miarritzek Top14ko azken postuan jarraitzen du, 19 punturekin. Puntu bat gutiago dauka Lyon azken-aurrekoak baino, eta hiru puntu ateratzen dizkio Baionak, jaisteko postuetatik hurbilen dagoenak. Puntuak behar ditu zulotik ateratzeko. «Agenera ahal bezainbat puntu lortzeko helburuarekin goaz. Aitzinatzen jarraitu behar dugu, eta, horretarako, astero punturen bat lortu behar dugu», jarraitu du Guyotek.
Urtarril bihurria dauka zain Miarritzek. Top14an postura txarrean da, eta Heineken kopa ate-joka du. «Top14an, partida guztiak izanen dira garrantzitsuak, eta Heineken kopan, etxetik kanpo irabazi egin beharko dugu, sailkatu nahi badugu», azaldu du Patrice Lagisquet Miarritzeko Kirol zuzendariak.
Partida garrantzitsu horiei begira, pixkanaka Miarritze min hartutako jokalariak berreskuratzen ari da. Toulonen aurka Dimitri Yachvili eta Damien Traille zelaian izateak on handia egin zion. «Bizpahiru liderren beharra dugu. Imanol, Damien eta Dimitri zelaian direnean gauzak zuzen egiten ditugu. Haietatik bi falta direlarik, peto inozoak egiten ditugu, eta ez dugu gehiago deus kontrolatzen». Traille eta Yachvili zelaian izanen dira, baina Hariñordoki oraindik ez da osatu, eta ez da sartu deialdian. Berri onen artean, Fabien Barcellaren eta Romain Terrainen itzulera aipatu behar. Lehen lerroko bi jokalariak aulkian izanen dira.
Horien beharra izanen du Miarritzek, Agen aurkari sendoa baita. Bosgarren postuan dago; Heineken kopako postuetan, alegia. Iaz, Bigarren Mailatik igo berritan, denboraldi ona egin zuen, eta aldi honetan sasoiko ezustekoa ematen ari da. Halere, Agen zuhur agertu da Miarritzeren etorreraren aurretik. «Oso jokalari onak dituzte. Trailleri eta Yachviliri kosta zaie Munduko Kopa ondorena gainditzen, baina beren maila onenera itzuli dira. Sasoi honetan etxean izanen dugun partida zailena izanen da», aitortu du Christian Lanta Ageneko entrenatzaileak. Eleak ele, gaurko partida irabazteko faboritoa Agen izanen da, eta horrek zama pixka bat kenduko dio Miarritzeri.
Presio eskas hori, hala ere, tentuz eraman beharko du. Lagisqueten iduriko, taldearen gabezia nagusia «buruan» dago. «Partida anitz behar bezala prestatzen ez dugu asmatu. Jokalariak ez dira beti jakitun izan errugbian irabazteko zer indar ezarri behar den. Parisen, Racingen aurkakoan, etsita atera nintzen. Eskarmentuko jokalariak baditugu, baina jokalari gazte anitz ere bai. Uztartzea lortzeko bide bakarra joko honen oinarriak errespetatzea da: borroka, elkartasuna eta grina». Toulonen aurkako partidan hiru osagaietatik erruz ibili zen Miarritze. Ikusteko dago astero-astero inplikazio hori gordetzeko gai den. Agenen emaitza ona lortzeak prezio hori izanen du.
Helegitea derbiaren aferan
Bestalde, Miarritzek atzo jakinarazi zuen derbiaren inguruko istiluen haritik jaso zuen zigorraren aurka helegitea aurkeztuko duela. Ligako agintariek Miarritzeko Aguilera estadioa partida baterako itxi zuten, Lucien Hariñordoki zelaira sartzeagatik. Partida hori otsailaren 10ean jokatzekoa da, Tolosaren aurka. Egun horietan Baionaren eta Paueren estadioak ez daude libre, eta segur aski horrek bultzatu du Miarritze helegitea aurkeztera.
AGEN-MIARRITZE
Txapelketa. Top14ko 15. jardunaldia.
Agen. Schwlger, Narjissi, Scelzo; Fa'aoso, Senekal; Monribot, Fono, Badenhorst (kapitaina); Machenaud, Barnard; Dulin, Ahotaeiloa, Robinson, Vaka; eta Tian.
Miarritze. Marconnet, Hegi, Kodela; Thion, Taele; Lauret, Faure, Guyot; Yachvili, Bosch; Bolakoro, Traille (kapitaina), Gimenez, Ngwenya; eta Balshaw.
Sailkapena. Agen bosgarren da (36 puntu), eta Miarritze, azkena (19 puntu).
Epailea. Romain Poite.
Lekua. Armandie estadioa (14.000 ikusle).
Ordua. 20:45 (Canal+ Sport).
Azkena izateari utzi nahi dio
Miarritzek partida zaila izanen du Agenen, baina irabazi beharra du jaisteko postuak atzean uzteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu