Ezin zuen huts egin, eta ez zuen huts egin. Hori bai, sufrimendutik dezente eduki zuen Kukullagak Gijonen jokatutako partidak. Azkena azken-aurrekoaren aurka. Tentsio handiko partida zen atzokoa, galtzailea jota geratzeko arrisku handia zegoelako. Eta bizkaitarrek ABF ligan jarraitzeko pauso garrantzitsua eman zuten. 11-13 ziren atsedenaldian, eta 18-21 amaitu zen azkenerako partida. Sufrituta, baina bizkaitarrek lortu zuten helburua.
Itxakok eta Bera Berak lortu zuten modu berean. Nafarrentzat, erabat ohikoa da irabaztea. Murtzia seigarren sailkatua zeukaten aurrean, eta estutasun handirik gabe gailendu ziren. Espainiarrek arazo dezente izan zuten bidaiarekin, eta partida hasi aurretik ordu eta erdi eskas izan zuten atseden hartzeko. Espero zen bezala, estu hasi zen partida. Baina neke handia pilatzen dute beti Itxakoren aurkariek, eta horixe gertatu zitzaion Murtziari ere.
20. minutuan 10-7 ziren aurretik etxekoak, eta 14-9 iritsi ziren atsedenaldira. Aldageletatik bueltan desagertu zen bisitarien amets oro. Nafarrek 8-1eko partziala lortu zuten bigarren zatiko lehen bost minutuetan, eta hortxe apurtu zen partida. Defentsako lanean oso fin ibili ziren Lizarrakoak, eta aipagarria izan zen oso Milenkovic atezainaren lan ona. Oso geldiketa onak egin zituen partida guztian. 31-20, garaipen erosoa lortu zuten azkenerako nafarrek. Etzi Kukullagaren kantxan jokatuko dute.
Bera Berak, berriz, arazo gehiago izan zuen Elda bederatzigarren sailkatua menderatzeko. 2-2, 5-5, 6-6, 11-11... Kanpotarrek asmatu egin zuten donostiarren erasoko jokoa ezerezean uzten, eta 11-12 aurretik zirela iritsi ziren atsedenaldira. Aipagarria da datu hori, ligan, atzo arte, Alacant soilik izan zelako gai Bera Beraren kantxan lehen zatian aurretik joateko (11-13).
Ziarsoloren partida ona
35. minutuan bi goleko aldea ere izan zuen Eldak (12-14), baina kontraerasoari eta Matxalen Ziarsoloren lan onari esker, partida iraultzeko gai izan ziren etxekoak, 25-22. Oso garaipen landua eta garrantzitsua izan zen atzokoa. Etzi Murtziaren kantxan jokatu beharko dute Reyes Karrerek zuzentzen dituen jokalariek.
Azkenaren aurka, bai
Kukullagak partida garrantzitsua irabazi du Gijon azken sailkatuaren kantxan, eta mailari eusteko urratsa egin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu