Azkenean, askatu da korapiloa

Juanfranek lau denboraldi eta erdirako kontratua sinatu du Atletico Madrilekin, eta Osasunak 4,25 milioi euro jasoko dituIbrahima Balde aurrelaria lotu du Osasunak akordioan; orain Numantzian ari da, utzita

Iruñea
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Azkenean egiaztatu da abenduan Simao Sabrosak Atletico Madril utzi zuenetik bolo-bolo zebilen zurrumurrua: Osasuna utzi eta Atletico Madrilen ariko da Juanfran hurrengo lau denboraldi eta erdietan. Osasunak 4,25 milioi euro jasoko ditu eskuin hegaleko erdilaria saltzearen truke. Kontratuan adostutako klausula batzuk betez gero, beste milioi erdi euro ere jaso dezake Iruñeko klubak, eta, diruaz gain, jokalari bat ere iritsiko da Atletico Madriletik Osasunara: Ibrahima Balde, egun Bigarren Mailan Numantzian utzita ari den aurrelari senegaldarra. Numantzian jarraituko du sasoia amaitu arte Ibrahimak, baina ekainean, Osasunako jokalari izango da, gorritxoekin kontratu berria adostu eta gero. Hurrengo bi denboraldietan, gainera, Cedric Mabwati Numantziako erdilari kongoarra fitxatzeko lehentasuna izango du Osasunak.

2006-2007 denboraldian iritsi zen Juanfran Osasunara Real Madriletik. Lehendabiziko sasoian David Lopezek bidea itxi bazion ere, errioxarra Athleticera joan zenetik,ez du izan lehiarik eskuin hegalean, eta lau denboraldi eta erdian Espainiako Ligako 146 partida, Kopako hamabi partida eta UEFA kopako bederatzi norgehiagoka jokatu ditu gorritxoen elastikoarekin. Hamalau gol egin ditu, eta hamazazpi goleko pase eman. 21 urterekin iritsi zen Osasunara Crevillenteko (Herrialde Katalanak) jokalaria, eta 26 urte bete zituen egunean jokatu zuen azken partida nafarrekin, iragan igandean Getaferen aurka. «Osasunari eskerrak eman beharrean naiz. Ni gaur Atletico Madrileko jokalari izateko aukera Osasunak eman dit; bost urte zoragarri igaro ditut Iruñean, eta futbolari eta pertsona gisa asko hazi naiz bertan», aitortu zuen atzo.

Azken denboraldietan, funtsezkoa izan da Juanfran Osasunan. Berak ere bazekien: «Badakit taldeko jokalaririk onenetakoa naizela eta zaleek beti zerbait espero dutela baloia hartzen dudanean, baina presio horrek ez dit kalterik egiten; aitzitik, gustatu egiten zait», adierazi zion sasoi honetan BERRIAri, elkarrizketa batean. Eta Juanfranen hutsa betetzeko lanak izango ditu orain Osasunak. Atzoko entrenamenduan ikusi zenez, Damia jarriko du Jose Antonio Camachok Juanfranen ohiko tokian etzi gorritxoek Vila-realen jokatuko duten partidan. Hain zuzen, Madrigalen irabazi zuen azken aldiz Osasunak etxetik kanpo orain urtebete, eta Juanfranek egin zituen gorritxoen bi golak. Beharbada, postu horretan ariko dira Camuñas eta Masud ere —irandarra Asiako Kopan ariko da otsailera arte — , baina, hala ere, gorritxoek jokalariren bat fitxatu nahi dute hurrengo egunetan, eta hautagai nagusia Las Palmaseko Alvaro Cejudo da. Cejudo datorren sasoirako lotuta dute gorritxoek, baina Las Palmasi 240.000 euro ordaindu eta Cejudo berehala Iruñean izatea da orain asmoa. Atzo, gauzatzear zuten akordioa, eta akaso gaur edo akaso bihar Iruñean izango da gorritxoen jokalari berria.

Real Madrilekin tirabirak

Juanfranen salmenta nahi baino gehiago atzeratu da, besteak beste Real Madrilek salmentaren %20 eskatzen zuelako, 850.000 euro. Juanfran Osasunari eskaini zionean, Real Madrilek ez zuen sosik kobratu, baina lau urteko kontratuan klausula berezi bat baino gehiago ezarri zituen. Adibidez, lehen bi denboraldien amaieran Juanfran berriz ekarrarazteko aukera zeukan, eta jokalariak ezin zituen jokatu Real Madrilen aurkako partidak, Osasunak partida bakoitzeko 200.000 euro ordaindu ezean. Horrez gain, 2010eko ekainean amaitzen zen kontratua bete aurretik Osasunak Juanfran saltzea erabakiz gero, salmentaren %20 Real Madrilek jasoko zuela adostu zuten nafarrekin. Dena dela, kontratua 2012 arte luzatu zioten gorritxoek Juanfrani iaz, eta, Osasunaren ustez, 2009-2010 sasoiaren amaieratik Juanfranek Osasunarekin zuen kontratuan Real Madrilek ez du eskubiderik. Florentino Perezek zuzendutako klubak oraindik ere salmentaren %20 berea duela uste du. Horrek tirabirak eragin ditu azken egunetan, eta horregatik luzatu da dena. Halere, Osasunak argi du Real Madrili ez dagokiola ezer, eta prest da auzia epaitegietara eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.