Azkenean, ezustekorik ez

Erniopek eta Huartek egin dute aurrera BERRIA Txapelketako bigarren jardunaldian

Erredakzioa
2008ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan jokatuko dira BERRIA Txapelketako bigarren jardunaldiko kanporaketak. Hernaniko pilotalekuan jokatu ziren biak. Larunbatean bata eta igandean bestea. Larunbatean Alkizako Erniopek egin zuen aurrera Mallabia mendean hartuta (35-49), eta igandean Huartek lortu zuen hurrengo kanporaketan aritu ahal izateko txartela, Gernikako Arkupe mendean hartuta (62-38). Jardunaldi horretako bi talde indartsuenak ziren Erniope eta Huarte, eta aurrera egiteko aukera gehien zituztenak. Ez zuten kale egin, nahiz eta azken orduko lesioek izan zuten eragina markagailuan. Hirugarren jardunaldiko kanporaketak larunbatean eta igandean jokatuko dira Legution (Araba) eta Hernanin (Gipuzkoa). Galdakaoko Adiskide eta Amurrio ariko dira batean, eta Azpeitiko Ilunpe eta Legutio bestean.



MALLABIA 35

ERNIOPE (Alkiza) 49

KADETEAK: Gonzalez-Aginaga3

Urbieta II.a-Zinkunegi22

GAZTEAK: Olalde-Garitagoitia 22

Urbieta I.a-Urruzola5

NAGUSIAK: Garcia-Aldape10

Axpe-Lopetegi 22



Alkizako Erniopek talde indartsua osatu du aurtengo BERRIA txapelketarako. Kadeteen mailan du bikote bikaina, eta behin baino gehiagotan gelditu da agerian maila horretan lortutako tantoak, adin horretan bikote batetik bestera dagoen koska, erabakigarriak izaten direla txapelketa honetan. Hori da joan den larunbatean jokatutako kanporaketan gertatu zena. Erraz irabazi zuten gipuzkoarrek (3-22). Saiatu zen Mallabiako bikotea handik eta hemendik, baina ez zuen tanto aldea jaterik izan. Zinkunegiren menpe aritu behar izan zuten Mallabiakoek, nahiz eta partidako pilotari onena Urbieta II.a izan zen.

Gazteen partidan espero zen Mallabiako pilotariak Erniopekoak baino gehiago izatea, baina ez 17 tantoko aldea ateratzea. Olalde eta Garitagoitia atzelariak dira biak izatez, baina primeran moldatu ziren Urbieta I.a eta Urruzolaren kontra. Erniopekoek ez zuten euren mailarik eman, eta kontrarioak kanporaketa euren alde jartzear izan ziren azken partida hasi aurretik.

Ez zen batere partida ona izan nagusien mailako hirugarren eta azken norgehiagoka hori. Axpe eta Lopetegi apartekorik egin gabe nagusitu ziren Garcia eta Aldaperen kontra (10-22). Garcia aurrelaria min hartuta egon da, eta berriki hasi da jokatzen. Nabaritu zuen. Aldapek, aldiz, ohi baino huts gehiago egin zituen. Ez zen ezustekorik izan azkenean.



HUARTE 62

ARKUPE (Gernika)38

KADETEAK:Bendoiro-Mina18

Bidaburu-Irusta 22

GAZTEAK: Kortabarria-Garcia22

Azkarai-Arronategi9

NAGUSIAK: Errea-Linzoain 22

Oar Arteta-Zubiaga7



Hernaniko frontoian jokatutako beste kanporaketan, igandekoan, azkenean izan zena baino oreka gehiago izatea espero zen. Kadeteen mailakoa izan zen hiru partiden artean onena. Lau pilotariak aritu ziren maila onean. Bendoiro aurrelari nafarra lotsagabe aritu zen erasoan, eta Mina lagunak ongi lagundu zion, nahiz eta partidan sartzea lagunari baino gehiago kostatu zitzaion. Norgehiagoka, dena dela, Irusta atzelari bizkaitarrak erabaki zuen. Behar zenean gogor astindu zuen pilota, eta bestetan bikain egin zuen aurrera. Polita izan zen norgehiagoka.

Gazteen partidak kolore bakarra izan zuen: Huarteko nafarrena. Arkupeko bikotean ez zen bestetan aritzen den atzelaria aritu, min hartuta dagoelako. Erabakigarria izan zen hori. Haren faltan, egia da Azkarai aurrelariak hartu zuela erantzukizuna. Borrokatu zen, erremate ikusgarriak ere egin zituen, Hernanin bildutakoek eskertu zuten haren ahalegina, baina alferrik izan zen. Nafarrek oso bikote sendoa osatzen dute, eta gorabeherarik gabeko jokoa erakutsi zuten berriro.

Nagusien partida ere lesio batek baldintzatu zuen. Aiok ez zuen jokatzerik izan -Munduko Kopako txapelduna izan da hura orain dela gutxi-, eta Oar Artetak hartu zuen haren tokia. Aldaketak, dena dela, ez zuen partidaren funtsa guztiz aldatu: Errea eta Linzoain profesionaletara urratsa noiz egingo jokatzen ari diren pilotariak dira, eta Oar Arteta eta Zubiaga profesionaletan aritutakoak dira Besagain enpresarekin. Nafarren freskotasuna eta grina izan ziren nagusi. Ez zieten kontrarioei batera aukerarik eman, eta Linzoain izan zen lauren artean onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.