Osasunaren zelai erdiko eskuin hegalak jabea dauka azken denboraldietan: Juan Francisco Torres, Juanfran (Crevillent, Herrialde Katalanak, 1985). Jose Antonio Camachorentzat funtsezkoa da, eta beti hasieratik jokatzen ohitu da. Halere, Juanfranek badaki gol gehiago sartzea eskatzen zaiela bere dohainak dituzten jokalari guztiei. Horregatik, ez da konformatzen, eta gehiago eskatzen dio bere buruari.
Malagaren aurkakoa partida garrantzitsua da.
Bai, noski; etxean jokatzen dugu, eta gure zaleen aurrean ezin dugu kale egin. Irabaziz gero, jaitsiera postuetatik aldenduko gara. Motibazioz gainezka gaude.
Malagak zazpi puntu ditu, eta guztiak etxetik kanpo bildu ditu.
Bideoak ikusi ditugu, eta argi dago kontraerasoan min handia egin dezaketela. Aurrelariak oso azkarrak dira, eta etxetik at eroso aritzen dira kontraerasoan.
Malaga ez da etxetik at eta baloiaren jabetza izan gabe erosoago sentitzen den talde bakarra. Hori bai: Zaragozan ordu erdian 0-5 jarri zen. Eraginkortasun hori oso talde gutxiren esku dago gaur egun.
Bai, zalantzarik gabe, baina Malagaren meritua adinakoa izan zen Zaragozaren errua. Defentsan pattal aritu zen, eta gure zelaian halakorik errepikatzea ezinezkoa da. Bosgarren urtea dut Osasunan, eta ez dut uste inoiz inork bost gol sartu dizkigunik.
Nafarroako Erresuman aritzea beste zenbait zelaitan aritzea baino zailagoa dela esan zuen atzo Pandianik.
Eta egia da: ondo jokatzen dugunean eta zaleek gurekin bat egiten dutenean, zelai deserosoa da Nafarroako Erresuma aurkarientzat. Sasoia hasi zenetik ez dugu galdu etxean, eta bolada luzea izatea espero dugu.
Realaren aurka giro ederra izan zen, baina Almeria eta Levanteren aurka giro nahasi samarra izan zen.
Emaitzaren arabera aztertzen dugu dena, eta Realari irabazi egin genion. Zale bakoitzak bere iritzia dauka, eta iritzia ezagutaraztea ondo dago, baina garrantzitsuena taldea animatzea da, eta horretan inoiz ez dute kale egiten gure zaleek. Beste talde batzuek arazo gehiago izaten dituzte zaleekin.
Realaren aurkakoa izan al da zure partidarik onena sasoi honetan?
Goleko pase on bat eman nuen partida horretan, eta beste partida batzuetan ez dut hainbeste asmatu. Golak sartzea eta goleko paseak ematea da garrantzitsuena futbolean, eta Malagaren aurka asmatzea gustatuko litzaidake.
Baloia hartzen duzunean arriskua sortuko duzula espero izaten dute zaleek beti. Gustuko duzu presio hori?
Bost urtean partida onak eta txarrak jokatu ditut, baina gehienetan maila badudala erakutsi dut.Badakit jendeak gauza onak espero dituela nigandik. Batzuetan ez dut asmatzen, eta zaleek gehiago eskatzen didate. Gustatzen zait jendeak nigan fedea izatea; badakit zaleek eskatzen didatena egiteko gai naizela. Badakit taldeko onenetakoa naizela, eta gustuko dut presio hori. Osasunaren elastikoa janzten dudan bakoitzean hala izatea nahiko nuke, gainera.
Iritsi zinenetik zer hobetu duzu? Zer hobetu behar duzu oraindik?
Gauza asko hobetu ditut. Orain lasaiago aritzen naiz futbolean; buruz buruko jokaldiak egiten trebea izan naiz beti, baina orain konfiantza handiagoa daukat. Iragan sasoian lau gol sartu nituen, eta nire markarik onena da orain arte. Hori hobetzen jarraitzea espero dut; badakit gol gehiago sartzen ahalegindu behar dudala.
Ligako 128 partida jokatu dituzu, 113 hasieratik; 11 gol sartu dituzu eta hamalau goleko pase eman.
Emaitza hobeak lor ditzakedala pentsatzen dut nire estatistikak entzutean. Osasuna ez da golak sartzeko erraztasuna duen talde bat, dena dela. Tamalez, ez gara sasoiko 70 gol sartu dituen talde bat. Hargatik, sinetsita nago estatistikak hobetu ditzakedala, eta kontratua amaitu bitartean hobetzen saiatuko naiz.
Kazetari batek gol gutxi sartzea leporatu zizun azke aldian, eta Vila-realera joan eta bi egin zenituen.
Zu ere hori leporatzen ari al zara? [barrez].
Agian komenigarria izango da, ezta?
Kasualitatea izan zen hori, baina egia esatea nahi baduzu, igandero gola egingo dudala pentsatzen dut nik. Eta horretan saiatzen naiz. Nik baino gehiago inork ez du nahi hori. Sasoiko hamabost gol eginez gero, munduko hogei talde onenen eskaintzak izango nituzke mahai gainean. Pozez zoratzen egongo nintzateke, eta horretarako egiten dut lan, baina ez da erraza. Inork ez dit esango ilusioa eta gosea ez dudanik.
Zure postuan ez omen duzu lehiarik.
Entrenatzaileari ez diot inoiz esan, baina argi dago asko eskertzen diodala nigan duen fedea. Asko eskertuko diot hori, beti. Baina lehiarik ez dudala izan esatea ez da bidezkoa. Plasil, Camuñas, Masud, Jokin...: lehiakide on asko izan ditut.
«Badakit taldeko onenetakoa naizela; gustuko dut presio hori»
Ezinbesteko jokalaria da Jose Antonio Camachorentzat. Hala ere, berak bere ekarpena hobetu nahi du: gol gehiago sartu eta goleko pase gehiago eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu