Badator trena

Athleticek emaitza ona lortu gura du Sanchez Pizjuanen, Espainiako Kopako finalerdietako joaneko partidan

haritz gallastegi
2009ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
«Jokalari batzuentzat aukera bakarra izan daiteke. Baliteke trena behin baino ez pasatzea». Joaquin Caparrosek atzo egindako adierazpenek argi eta garbi erakusten dute Athleticek gaur Sanchez Pizjuan futbol zelaian jokatuko duen norgehiagokaren garrantzia. Lau urte sufritzen egon ostean, berriz ere Espainiako Kopako finalerdiak jokatuko ditu talde zuri-gorriak. Orduan ere talde andaluziar bat izan zuen aurkari: Betis. Baina orduko kanporaketak ez du zerikusirik oraingoarekin. Orduan oso kanporaketa parekatua iragarri zuten adituek. Hala izan zen. Azkenean, penalti jaurtiketetan erabaki zuten finalerako txartela norentzat zen. Betisek egin zuen aurrera, eta Athletic bidean gelditu zen.

Oraingoan, berriz, faborito garbia dago: Sevilla. Punta-puntakoa da Manolo Jimenezek zuzentzen duen taldea. Athletic baino hobea dela esan daiteke.

Inoizko momenturik gozoena bizitzen ari da. Sevilla iraupen luzeko lehiaketetan zein kanporaketa bidez erabakitzen direnetan da indartsua. Konpromiso handiko norgehiagokak jokatzen ohitu da. Esperientzia handia hartu du gisa horretako egoerei aurre egiteko. Lehiatzen ez ezik, irabazten ere ikasi du. Hori gutxi ez, eta Athletici neurria hartu dio. Sanchez Pizjuanen jokatu dituzten Ligako azken sei partidetan irabazi dio. Gehienetan Kopako kanporaketa bat erabakitzeko adinako aldearekin, gainera. Beraz, normala da talde zuri-gorriko jokalariak kezkatuta egotea.

Arrazoi askogatik da faborito Sevilla. Horregatik, joaneko partidan aurrera egiteko aukera barik ez geratzeko ahalegina egingo du Athleticek. «San Mameseko neurketan bizirik egon gura dugu. Horretarako, oso garrantzitsua izango da golen bat sartzea. Bat baino gehiago sartuz gero, hobeto, noski», adierazi zuen atzo Caparrosek.

Orain arte emandako arrazoiak, gutxienez, kezkatuta egoteko modukoak izan dira. Baina Athleticen inguruan baikortasuna da nagusi. Finala jokatzea ametsa ez dela pentsatzeko arrazoiak dituzte. Besteak beste, Sevilla ez delako azken bost denboraldiotan futbolzale ia guztiak aho zabalik utzi dituen taldea. Talde ona da, oso ona, baina ez da garaiezina. Pauso bat atzera egin du bere jokoan. Athleticek, berriz, pauso bat egin du aurrera. Beraz, duela hilabete batzuk bi taldeen artean zegoen aldea txikitu egin da. «Guztiok gurea ematen badugu, talde ezerosoa gara. Gaitza da gu mendean hartzea. Gurea ematen badugu, baikor egoteko arrazoiak ditugu. Talde gisa hazten ari gara», esan zuen Caparrosek.

Gabilondo, deialditik kanpo

Athletic eta haren ingurukoak sinetsita daude ezustekoa eman dezaketela eta finalean muturra sartu, eta aurkaria estutzeko gai direla sinestea ona da, baina oinak lurrean izatea komeni da. Etor daitekeen erauntsiari aurre egiteko modurik egokiena da. Izan ere, Sevillak lehen minututik estutuko du Athletic. Azkar jokatzen duen taldea da, arnasarik hartzen lagatzen ez duten horietakoa. Hegalak aprobetxatzen ditu aurkariak txikitzeko, eta, Alves galdu arren, hegaleko jokalari on bi zelairatzeko aukera dauka Jimenezek. Ezkerretik Diego Capel edo Adriano osatu berria ari daitezke. Ezaugarri ezberdinak dituzte, baina biak arriskutsuak dira oso. Brasildarra bi oinekin moldatzen da ondo. Ezkerretik zein eskuinetik egin dezake aurrera. Harrobiko gaztea, berriz, azkarra da oso. Eskuinetik Navas gazteak jokatzen du. Espainiako Ligan egun dagoen jokalaririk erabakigarrienetakoa da. Artista da aurkarien armiarma sareak txikitzen. Ligan jokatutako partidan onena izan zen. Erotu egin zuen Balentziaga. «Navas oso jokalari ona da. Milani, Bartzelonari edota Real Madrili egin diezaioke zuloa. Baina Sevilla Navas baino gehiago da. Palopek, esaterako, nortasuna ematen dio taldeari», zehaztu zuen Caparrosek.

Navas izan daiteke, hain zuzen ere, Caparrosek zelairatuko duen hasierako hamaikakoa baldintza dezakeen jokalaria. Azken neurketetan Yeste aritu da Athleticen ezker hegalean. Ondo, gainera. Aurretik Gabilondok ere ezin hobeto bete zuen bere lana. Hala ere, ezustean, donostiarra deialditik kanpo geratu da. Hegalari erasoko jokoan eta defentsan oreka emateko jokalari aproposa izan zitekeela zirudien, aurrera zein atzera begira gauza baliotsuak egiteko gai baita. Ondorioz, orain artekoari eutsiz gero, Yeste izan beharko litzateke hegal horretan jokatzeko aukeratua. Eta Balentziagak jokatzen badu? Koikilik eta berak elkarrekin jokatu zuten Valentziaren aurkako azken minutuetan. Joaquin eta Anguloren erasorako grina zaintzeko erabili zituen Caparrosek. Gauza bera egingo ote du Navas zaintzeko?

Bilbon, gogoz gainezka, eta Sevillan, larunbat honetan Betisen aurka jokatu beharreko partidari begira. Ez da harritzekoa atzo Jimenezek gaurko partidari begira giro handiagoa eskatu izana. «Giro handiago izatea nahi dut. Pena ematen dit Sevillan Bilbon bizi duten bezala ez bizitzeak. Historiako partidarik garrantzitsuena da. Zazpigarren aldizjokatu nahi dugu Kopako finala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.