Lebron Jamesi azalera ongi itsasi diote Michael Jordanen ondorengoa izatearen etiketa. Haren pareraino ailegatzeko, ordea, hutsune handia du betetzeko: NBAko eraztuna irabaztea. Bihar hasiko dituzte titulurako kanporaketak, eta Jamesen Cleveland Cavaliersek prest du zalditeria guzia. Denboraldi erregularrean onena izan da, eta taldearen historiako lehen titulua irabazteko gogotsu dator. Ekialdean, Orlando Magicek dirudi finalerako bidean kontrariorik gogorrena. Mendebaldean, berriz, Los Angeles Lakers da faboritoa, baina Dallas Mavericksekin kontuz ibili behar luke.
Denboraldi hasieran zalaparta sortu zen Clevelanden, James ez omen zegoen-eta gustura, haren aburuz taldea ez zelako indartu nahikoa. 2007an finala galdu zuen Clevelandek, eta iaz, denboraldi erregularreko talde onena izan ondotik, konferentziako finalean kanporatu zuen Orlandok. Denboraldiko jokalari baliotsuenaren saria eman zioten lehenbizikoz Jamesi, eta Lakerseko Kobe Bryantekin batera lehiaketako izar nabarmenena izan da azken urteetan. Hala ere, eraztuna falta du, eta urtero kale egin ondotik, estu sentitu da. Clevelandek izarra lasaitu, eta, bide batez, alde egiteko tentaziorik izan ez dezan, talde handia osatu du. Shaquille O'Neal beteranoa fitxatu zuen, adibidez. 38 urterekin, O'Nealen zifrak kamustuz joan dira denboraldiz denboraldi, baina Zydrunas Ilgauskasekin batera, saskipean behar zuen ahalmen sendoa eman dio taldeari. Denboraldi erdian, gainera, bertze jokalari erabakigarri bat ekarri zuen Clevelandek: Antawn Jamison hegal-pibota. Mo Williamsek, Anthony Parkerrek, Anderson Varejaok, Delonte Westek eta enparauek talde bikaina osatu dute, eta denboraldi erregularrean ez dute izan parekorik (61-21). Eraztuna kosta ahala kosta irabazi nahi dute, eta jabeek hori espero dute, hala izan ezean uda honetan Jamesek ospa egiteko arriskua baitago. Hasteko, lehen kanporaketan Chicago Bulls izanen du aurkari.
Orlando, berriz, ez zaio gelditu hagitz gibelean Clevelandi. Denboraldi erregularreko bigarren taldea izan da, Lakersen aitzinetik, eta iazko balentria berritzeko badu nahikoa baliabide: Dwight Howard, Vince Carter, Rashard Lewis, Jameer Nelson... Jason Williams Txokolate Zuria ere hor du aulkian Nelsoni atseden emateko. Lehenbiziko kanporaketan Charlotte Bobcatsen aurka jokatuko du.
Ekialdeko gainerako bi kanporaketak Boston Celtics eta Miami Heaten artekoa eta Atlanta Hawksen eta Milwaukee Bucksen artekoa dira. Bostonek eta Miamik azken hamarkadan txapeldun izan diren taldeak dira, eta jokalari handiak eduki arren, jada ez daude hori lortu zuteneko maila berean. Bertzalde, Atlantak eta Milwaukeek azken urteetan hobera egin dute, eta lehia interesgarria jokatuko dute.
Mendebaldea, estuago
Mississipi ibaiaren bertzaldeko konferentzian, berriz, iazko txapelduna da faboritoa: Lakers. Bryanten eta Pau Gasolen taldeak, sorpresarik ezean behintzat, konferentziako finalean behar luke. Hala ere, Mendebaldea Ekialdea baino lehiakorragoa da; horren adibide, Lakersen lehen kontrarioa: Oklahoma City Thunder. Ongi zaindu beharreko jokalari batek jokatzen du han: Kevin Durant denboraldiko saskiratzaile onenak. Bertzalde, Dirk Nowitzkiren eta Jason Kidden Dallas Mavericks da adar honetako bertze hautagai nagusia. San Antonio Spursen aurka jokatuko du lehenik. Azkenik, Denver Nuggets-Utah Jazz eta Phoenix Suns- Portland Trail Blazers dira gainerako kanporaketak.
Badator zalditeria
Bihar hasiko dituzte NBAko titulurako kanporaketak, eta Lebron Jamesen taldea da irabazteko faborito nagusia, Cleveland
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu