Bai, erabat osatu da

Barriolak bikain jokatuta irabazi dio Bengoetxea VI.ari, eta Retegi Biren aurka ariko da final-laurdenetan

jon eskudero
2010eko urriaren 31
00:00
Entzun
Ekaitzaren ostean, barealdia. Halaxe omen kontsolazioaren esaldia. Bada, honela mintzatu zitzaion Leitzan gizon bat Abel Barriolari, artean min hartuta zegoela: «Lasai, motel, etorriko dituk-eta garai hobeak!». Ez dago zalantzarik, gizon hark bazekien zertaz ari zen. Nonbait, ongi zekien esaeraren berri. Bistan da, behintzat, arrazoi zuela, uda bikaina egin ostean are bikainago ekin baitio denboraldiari atzelari leitzarrak. Kalbario asko igaro ditu, lana gogotik egin behar izan du onenera itzultzeko, baina, zorionez, erabat osatu da.

Eta horren adibiderik garbiena, atzokoa. Erakustaldia eta aldi berean ustekabekoa emanda irabazi zion Oinatz Bengoetxeari, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Dena ongi egin zuen, eta argi dago txapela janzteko hautagai sendoenetako bat dela, horixe lortzea bailitzake jasandako ekaitza baretzeko sendagairik egokiena. Hori bai, final-laurdenetako norgehiagoka ere ez du batere samurra izango, Julen Retegiri egin beharko baitio aurre. Hain zuzen, iaz Aimar Olaizola kanporatu zuen pilotariari.

Astez aste hobera doa Barriolaren jokoa. Gero eta konfiantza handiagoarekin jokatzen du, eta psikologikoki ere nabari zaio hori. Esaterako, Bengoetxea VI.aren beraren aurka jokatu zuen orain hiru aste Nitro torneoko finala Zallan, eta 22-12 galdu zuen. Atzo, ordea, aurkaria markagailuan hurbildu zitzaionean ere, burua altxa eta bere onena eman zuen. Lehen, akaso, horretan zegoen haren gabeziarik nagusia, baina argi dago alor hori ere hobetu egin duela.

Bengoetxea VI.a saiatu zen handik eta hemendik Barriolaren jokoa eragozten, baina ez zuen lortu. Horren errurik handiena, eta irabazlearen jokoari inongo meriturik kendu gabe, Barriolaren pilota batean egon zen. Lau t'erdian aritzeko gehiegizko botea zeukan, eta tantoak aurrera joan ahala, gainera, berotu eta itsusitu egin zen. Bengoetxea VI.ak ere aitortu zuen partida amaieran porrotak aitzakiarik ez zeukala, baina pilota hori gehiegizkoa zela. Bere materialarekin ongi aritu zen aurrelari leitzarra, baina ez zen aski izan. Udan jaun eta jabe izan da, denboraldi hasiera ere ezin hobea egin zuen Nitro torneoa eskuratuz, baina amaitu da bolada ona. Binakako Txapelketari begira jarri beharko du.

Lau t'erdiko lau zerrendaburuak Aspekoak dira, eta atzoko Barriolaren garaipenaren ostean, Asegarcek oso zail dauka txapela enpresara eramatea. Hala ere, pilotari onak dauzka oraindik lehian.

Hirugarren sailkatua, gaur

Pablo Berasaluzek eta Iker Arretxek final-laurdenetarako hirugarren txartela dute gaur jokoan Urretxun,17:00etan. Faborito argirik gabeko neurketa da, bi pilotariak ere sasoiko baitaude. Bizkaitarrak aise kanporatu zuen Olazabal lehenengo fasean, eta nafarrak ere ez zuen aparteko arazorik izan Zubieta mendean hartzeko. Berasaluze VIII.ak eta Arretxe II.ak orain bi urte jokatu zuten kaiolan elkarren kontra, eta orduan beteranoa nagusitu zen, tanto bakar batez. Gaurko irabazleak Titin III.a izango du aurkari final-laurdenetan.

Irujok, berriz, bihar jakingo du nori egin beharko dion aurre estreinako partidan: Aritz Lasari edo Patxi Ruizi. Eibarko Astelenan jokatuko den neurketa honetan ere ez dago faborito argirik, eta dirua parean aterako da.



Barriola 22

Bengoetxea VI.a 15

Iraupena. 53 minutu.

Pilotakadak. 269.

Saketik. Barriolak, lau tanto eta falta bat; Bengoetxeak, bi tanto eta falta bat.

Markagailua. 3-0, 3-4, 10-4, 10-5, 11-5, 11-6, 14-6, 14-9, 15-9, 15-11, 16-11, 16-15 eta 22-15. .

Bestelakoak. Hasieran, dirua Bengoetxea VI.aren alde (100-70). Labriteko harmailak, erabat beteta. Jexux Buldain Barriolaren botillero, eta Asier Garcia Bengoetxearena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.