Bai, koska bat gorago dago

Castrok dotore irabazi du San Miguel ligako lehen estropada, eta txapela irabazteko faborito nagusia dela erakutsi du

Julen Etxeberria.
2009ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Askatu dira estatxak, eta hasi da San Miguel liga. Ibaizabalen barrena eman dituzte benetako lehen arraunkadak TKE Traineruen Kluben Arteko ligako hamabi ontziek, Telefonica-Bilbo Hiria Banderan. Lehen estropada, aurtengo denboraldiak eman dezakeenaren berri izateko lehen aukera eta lehia hasi aurretik zeuden zenbait zalantza argitzen joateko momentua: nor dagoen indartsu, nor hainbestean eta nor pattal. Pultsumetroa da, azken finean.

Eta lehen palakadek berretsi besterik ez dute egin denboraldia hasi aurretik jakina zena: Castro koska bat gorago dago. Hori dirudi, behintzat, atzo denboraldiko lehen estropadan gertatutakoa ikusita. Kronometroak ez du gezurrik esaten. Denborak hori du, zenbatu daitekeela, objektiboa dela. Eta atzo kronometroak zera zioen: Castro dela azkarrena. La Marinera ontzia nagusi izan zen lehen arraunkadatik azkeneraino. Erlojupekoko lau tarte kronometratuetan egin zuen denborarik onena.

Juan Mari Etxabek zuzentzen duen koadrilak aldaketa gutxi izan ditu iragan denboralditik hona. Beste ontzi batzuek egin ez dutena egin dute Castron: iragan sasoiko bizkarrezurrari eustea. Eta gauza handia da hori, La Marinera ontziak emaitza bikainak izan baitzituen iaz: bigarren izan zen San Miguel ligan zazpi bandera irabazita eta Kontxako Bandera eskuratu zuen. Oinarri horri, gainera, ale onak gehitu dizkio. Horren emaitza, atzokoa.

Castro indartsu, baita San Pedro ere. Libia ontziak oso estropada ona egin zuen, eta iaz egindako lan bikaina -laugarren izan zen San Miguel ligan- kasualitatea ez dela erakutsi zuen. Bost segundo pasatxo bakarrik atera zizkion Castrok, bakarrik, Hondarribia hirugarren sailkatuak irabazleak baino hamalau segundo pasatxo gehiago behar izan baitzituen lana amaitzeko. Ama Guadalupekoa-k iazko urte txarra ahaztu nahi du, eta horretarako lehen urratsa egin zuen atzo. Hala ere, oso urruti izan zuen Castro. Pedreñak bezala. Maria ontzia laugarren izan zen helmugan, Hondarribiak baino 14 ehuneneko eskas gehiago eginda. Bi segundo atzerago geratu zen Orio, bosgarren, espero baino okerrago. Zarautz sailkatu zen gero, lau segundora, txukun, eta espero izatekoa zena emanda.

Baina berea eman ez zuen ontzi bat izan bazen, hori Urdaibai izan zen. Iazko San Miguel ligako txapeldunak estropada eskasa egin zuen, ezinean une askoan. Ondorioa: zazpigarren, helmugan, Castrorengandik 21 segundora. Gertu izan zuen Zumaia, segundo bat baino gutxiagora. Apur bat atzerago sailkatu zen Tiran, eta oraindik atzerago Kaiku, uste baino okerrago. Meira eta Arkote izan ziren azkeneko bi sailkatuak. Galiziarrek 42 segundo galdu zituzten, eta bizkaitarrek minutu bat eta bi segundo. Liga hasi besterik ez da egin, baina ezustekorik ezean, bi ontziok ariko dira guztien atzetik, eta, atzokoa ikusita, Arkotek gogotik egin beharko du lan zuzenean maila galdu nahi ez badu.

Bigarren estropada gaur

San Miguel ligako hamabi traineruak Ibaizabalen ariko dira berriz gaur, 12:00etan (ETB1), Portugaleten (Bizkaia), La Navalen Mendeurrenaren Banderan. Oraingoan ez dira erlojuaren aurka lehiatuko, lau ontziko txandetan baizik. Atzoko sailkapenaren arabera egingo dituzte txandak. Beraz, lehen txandan, Tiran, Kaiku, Meira eta Arkote ariko dira; bigarrenean, Orio, Zarautz, Urdaibai eta Zumaia; eta, hirugarrenean, Castro, San Pedro, Hondarribia eta Pedreña. Txandek baino gehiago, kaleen zozketak izango du garrantzia gaurko estropadan. Izan ere, loteria hutsa da, kaleen artean sekulako aldea izaten baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.