Granada. Roberto; Nyom, I. Lopez, Diakhate, Siqueira; Mikel Rico (Jara, 83. min.), Fran Rico, Jaime (Abel, 55. min.), Dani Benitez; Ighalo eta Geijo.
Reala. Zubikarai; De la Bella (Llorente, 73. min.), I. Martinez, Ansotegi, Cadamuro; Demidov, Mariga, Pardo (Zurutuza, 81. min.), Prieto, Estrada; Ifran (Agirretxe, 67. min).
Golak. 1-0. Siqueirak (19. min., penaltiz.). 2-0. Geijok (66. min.). 2-1. Agirretxek (83. min.).
Epailea. Mateu Lahoz. Txartel horiak Granadako Benitez eta Geijorentzat, eta Realeko Iñigo Martinezentzat (penaltia egin zuen eskuz).
Bestelakoak. 20.000 ikusle inguruko Granadako Los Carmenes futbol zelaian.
Ez zen atzo espero zenik gertatu. Realak ongi bideratuta zeukan kanporaketa ongi kitatu, emaitza bolada eta jarrera aldaketari eutsi eta jarraipena eman —sei partida zeramatzan jarraian galdu gabe—, eta urtea arnasa lasai hartuta bukatzea espero zelako atzo, baina ez zen espero zenik gertatu atzo. Sailkatu da Reala final-zortzirenetara. Gainditu du Espainiako Kopako madarikazioa, eta biharko zozketan izango da. Bai. Hori horrela da. Baina zalantzak bueltan datoz berriro. Zalantzak jokalari batzuk atzoko partidan izandako jarreraren inguruan, zalantzak jokalari batzuen sasoi puntuaren inguruan, zalantzak Philippe Montanier entrenatzaileak egindako planteamenduaren inguruan. Joan eta etorri dabiltzan, uxatu ezinda dabiltzan zalantzak.
Joanekoa 4-1 irabazi ondoren atzo Realak Granadan horrenbeste sufrituko zuenik ez zuen inork espero. Konturatu Granadak gol bakarrera izan zuela kanporaketari sekulako buelta eman eta talde txuri-urdina Kopatik kanpora uztea. Gol bakarrera, joanekoan 4-1ekoa galdu ostean. Eta partida ikusi zuenak badaki une hori oso hurbil izan zela atzokoan.
Partida egin zuen Realak kaskarra, baina lehen zatia negargarria. Jakina zen Granada kale edo bale irtengo zela bere zelaian, baina Reala horren koldar hasiko zenik ez. Partidak zer gerta abiatzea ez da sekula konponbide ona izaten, eta atzo ere ez. Baloiari muzin eginda, izu eta uzkur hasi eta aritu zen atzo Reala. Ez da konponbide txarra horrelako emaitza batekin ekimena kontrarioari utzi eta kontraerasoan min egitea, baina Realak ez zuen horretan sekula asmatu, inoiz asmoa hori izan bazen. Atzean sartu zuen lehen unetik kontrarioak. Ito egin zuen, eta lotu. Aukera batekin, eta bestearekin. Geijok zutoinera bidali zuen harekin lehenengo, eta 17. minutuan Siqueirak penaltiz lortutako gol harekin ondoren. Berehala hasi zela atzokoa itxura txarra hartzen, alegia.
Lehenaz gainera egin zuen atzera Realak eta lehenaz gainera aurrera Granadak. Ez zuten txuri-urdinek erauntsiari eusten asmatzen. Zelai-erdirik ez zeukaten, sakontasunik ere ez, eta arriskurik are gutxiago. Benitezek, Fran Ricok eta Mikel Ricok —euskal selekzioarekin ariko da Tunisiaren kontra— estutu zuten ongi Zubikarai atsedenaldira joan aurretik.
Eta egia da bigarren zatian beste asmo batekin itzuli zela Reala. Zelaian jarri eta tokia hartu nahian, partidari patxada eman eta kontrarioa estuago hartu nahian, baina hori lortzen ari zela zirudienean sartu zuen Geijok bigarren gola —harritzekoa da nolatan egin zuen Benitezek Realeko atzelarien artean aurrera Geijori buruan baloi hura jartzeko— eta jarri zuen hankaz gora partida, hankaz gora kanporaketa.
Agirretxeren gola
Eta orduan erreakzionatu zuen Montanierrek. Berandutxo, aukeran. Kendu zuen Ifran eta atera zuen Agirretxe. Kendu zuen De la Bella eta atera zuen Llorente. Kendu zuen Pardo eta atera zuen Zurutuza. Zelai-erdian behar zuen Realak laguntza. Jokoari eta baloiari eusteko, sakontasun apur bat lortzeko. Baina ez zegoen horretarako Granadaren bigarren golaren zain egon beharrik.
Agirretxek atera zizkion atzo ere heltzetik babak Realari. Unerik erabakigarrienean, kanporaketak alde batera edo bestera egin behar zuen unean, orduan sartu zuen gola usurbildarrak. Eta orduan hartu zuten txuri-urdinek arnasa. Sakon hartu ere. Kanporaketa jada gaindituta zutela jakitun, baina egindako partida kaskarraren ondorioz, gehiegi sufritu zutela eta zalantzak bueltatu egingo direla jakitun.
Granada 2. Reala 1
Baina zalantzak bueltan datoz
Realak partida kaskarra jokatu du Granadan, eta joanekoan lortutako 4-1ekoari esker sailkatu da final-zortzirenetara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu