Baionak etxean galdutako puntuak berreskuratu nahi ditu Parisen

Aitzinean indarraren alde eginen dute zuri-urdinek, gibeleko lerroko arazoak orekatzeko asmoz

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Joan zen asteburuan Toulonen aurka bi puntu galdu izanak —12na berdindu zuen Baionak, etxean— sentipen bitxiak utzi zituen Baionak. Emaitza ez zen izan espero bezain ona, baina porrota saihestea lortu zuen. «Partida estua izan da. Zailtasunak izan ditugu, jokalari anitz eskas ditugu, eta oraingoz ontzat eman beharko dugu emaitza hau», adierazi zuen Christian Gajan kirol zuzendariak partida ondotik. Baionaren zailtasunaren adierazle dira adierazpen horiek.

Lehen hiru partidak jokatu ondotik, balantze orekatua du Lapurdiko taldeak: partida bat irabazi du, beste bat berdindu eta beste bat galdu. Hala ere, zelaian utzitako sentsazioak txarrak dira. Defentsari esker irabazi zion Tolosari; Bordelen irrigarri gelditu zen; eta, Toulonen aurka, partida itsusi batean berdintzea asmatu zuen.

Top14 hasiera zaila izaten ari da Baiona, Gajanek berak aitortu duenez. «Bolada txar batean gaude. Ez dugu aski ausardia jokaldi batzuetan. Horretarako, konfiantza behar da. Baina jokaldi horiek ez baditugu egiten, konfiantza ez da etorriko...».

Gibeleko lerroan ari da zailtasun gehien izaten Baiona. Harrobia ere txiki gelditzen ari zaio euskal taldeari, gibeleko hutsuneei aurre egiteko. Philips, Heymans eta Rokocoko Zeelanda Berrian daude. Huget zigortuta dago, eta Lagain, Elhorga, Mazars edo Pietersen, min hartuta. Azken hirurek infiltraziopean jokatu zuten Toulonen aurka, baina, horrela etengabe ezin denez ibili, gaurko partidarako eskas izanen dira.

Aldaketak aitzinean

Gibelean herren dagoela jakitun, aitzinean indarraren alde egin du Gajanek. Aldaketak izanen dira pack-ean, eta Baget, Lauaki eta Puricellik hirugarren lerro gihartsua osatuko dute. Asmoa argi dago: partida aitzinean lotu eta kontraerasoei esker bizirik jarraitu. Iragan sasoian errezetak arrakasta izan zuen. Bolada txarrean murgilduta eta Heineken koparako aurkari zuzena den Parisi irabazteko, balio lezake. Aurreko sasoian balio izan zuen, Baionak Staderi 20-24 irabazi baitzion.

STADE-BAIONA

Stade Française. Slimani, De Malmanche, Wright; Van Zyl, Flanquart; Tomiki, Rabadan, Lyons: Dupuy, Warwick; Fainifo, Danty, Turinui, Sacky; eta Rokobaro.

Baiona. Lafond, Da Ros, Boyoud; Linde, Lafitte; Puricelli, Baget, Lauaki; Audy, Boyet; O' Connor, Lacroix, Visensang, Ziegler; eta Gerber.

Lekua. Charlety (20.000 ikusle).

Ordua. 20:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.