Baionak galdu egin du Irlandan, eta defentsako puntua baino ez du lortu

Baionarrek irabazteko moduko lehia galdu dute Connacht ideia gutxi baina gogo handiko taldearen aurka (16-13)

Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Baiona esku-hutsik itzuli da Irlandako Galway hirira egindako bisitatik, Connachteko probintziaren aurka 16-13 galduta. Porrot horrekin, Christian Gajanen jokalariek lehen postuan sendotzeko aukera galdu dute, eta, bide batez, irlandarrak sailkapenerako borrokan sartu dituzte berriz.

Gajanen helburua, hedabideei egindako adierazpenetan, ligaxkan aitzina egitea da, eta ahal bada final-laurdena etxean jokatzea. Porrot honekin, baina, hipotesia hori urrundu zaio Aturri eta Errobi bitarteko taldeari, eta lehen postua lortzeko, Ingalaterrako Harlequins eta Irlandako Connachtekin borrokatu beharko du.

Baionarrek, atzo, irabazteko moduko partida zuten. Zelaian argi ikusi zen etxeko taldea baino hobeak zirela, eta lehen zatian 3-6 ezarri ziren aitzinetik. Atsedenaldiaren atarian, baina, Bageten aitzin pasa batengatik Connachten entsegua etorri zen.

Entseguak konfiantzan ezarri zuen etxeko taldea, eta bigarren zatian bigarren entsegua sartu zuen, Gavin Duffyren eskutik. Irlandako taldea 16-6 ezarri zen aitzinetik. Partidak itxura txarra zuen Baionarentzat, baina bost minutu berantago Roumieu aztalkariak aitzineko euskaldunen dortoka bat baliatu zuen entsegua sartzeko: 16-13.

Azken hamar minutuetan, etxekoen grinak aukera gabe utzi zuen Baiona, eta, saiatu arren, lapurtarrek ez zuten arrisku handirik sortu. Azkenean, defentsako puntu gehigarriarekin konformatu beharko du Baionak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.