ERRUGBIA

Baionak iazkoa gainditzea du xede

Lapurtarrek hamabost jokalari aldatu dituzte, eta bigarren urtea egingo dute Maila Nagusian; bihar ekingo dio Top 14 Ligari, Tolosaren aurka

BAIONA
2005eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Mendea da Baiona sortu zela (1904), eta ehun urteko historian hiru aldiz irabazi du Liga (1913, 1934, 1943). Azkenekoa irabazi zuenetik 62 urte igaro dira, baina Liga irabaztea ez da lapurtarren epe laburreko xedea. 2003-2004 sasoia amaitu ondoren lortu zuen Lapurdiko hiriburuko talde nagusiak Frantziako Maila Nagusiko Ligara itzultzea. Hortaz, bigarren urtea beteko du, eta hamalau onenen artean ariko da.

Iazko Top 16an hamabigarren sailkatu zen Baiona, eta behera ez jaisteko kanporaketa saihestu zuen Briveren aurkako azken partidan. Zaleak bikain erantzun zuen, eta Jean Dauger zelaia ikusle gehien bildu zuen Top 16ko seigarrena izan zen.Bihar ekingo diote baionarrek Top 14ari, Tolosa Europako txapeldunaren aurka (21:00, Fr. C+). Abuztuaren 9an egin zuten lapurtarrek aurkezpen ofiziala, Francis Salagoiti lehendakaria falta zela (aita hil zitzaion). Lehendakaria taldearen xedeaz mintzo da: «Iaz mailari eutsita, orain 8. postutik 10.erako tartean sailkatzeko erronka dugu. Urtero ari gara egituraketa osatzen, eta saiatu gara herrialdeko jokalariak etorrarazten, gure nortasunari eusteko.Iazko sasoia amaituta, hamabost jokalarik utzi zuten taldea; besteak beste, Mentieres entrenatzaileak, Larretxeak, Tillolesek, Milfordek, Mitchellek, Arbizuk, Abbadiek, eta Fagoagak. Horien lekua betetzeko beste horrenbeste jokalari heldu dira: Pemeja entrenatzailea, Richard Dourthe, Lhande, Lafaiali'i, Davies, Fraser...

Batez ere, aitzin-multzoa indartu du taldeak

Baionak 6.379 milioi euroko aitzinkontua du eta, iaz bezala, Gilbert Doucet izango da taldeko manager-a. Taldeak herenegun ilunabarrean egin zuen azkenaurreko entrenamendua, biharko ordura egokitzeko, eta han zen Doucet. Aurtengo sasoiaren hasierak baduela iazkoarekin antzekotasunik nabarmendu zuen: «Hala da, eta espero dut gauza bat aldatzea soilik, jaurtiketetan asmatzea, ez baikinen ongi aritu, eta galdu egin genuen Staderen aurka».

Iazko borrokarako grina eta elkartasuna beharko dituztela adierazi zuen. Aitzinean egin dute fitxaketa gehien: «Iaz ohartu ginen larri ibili ginela eta jokalari batzuk partida asko jokatu behar izan zutela lesioengatik; hori saihestu nahi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.