Etxetik kanpo oso kontuan hartzeko taldea dela erakutsi zuen atzo, beste behin ere, Baionak, eta garaipena oso hurbil izan zuen Clermont Top14ko txapeldunaren etxean. Azkenean galtzaile atera bazen ere (24-19), defentsako puntu gehigarria lortu zuen. Heineken Kopako postuetako borrokan, garrantzitsua da astero puntuatzea, eta atzokoak balio handia izan dezake denboraldi bukaeran.
Baionak, etxetik kanpo ohitura duen bezala, orain arte indarra eman dion errezeta aplikatu zuen. Defentsan oso sendo aritu zen, eta edozein aukera baliatu zuen puntuak sartzeko. Hala, Thibault Lacroixek hasitako jokaldi baten buruan, Garth Ziegler hegalekoak entsegua sartu zuen, eta partida hasieratik aitzinetik ezarri zuen Baiona: 0-10.
Lehen zatian aitzinetik aritu zen Baiona, Clermont erreakzionatzen saiatu arren, eta 10-16 joan zen aldageletara. Bigarren zatian Clermontek erritmoa igo zuen, eta Baionak ezin izan zion eutsi fisikoki. Pixkanaka, Brock Jamesen zangoarekin markagailuan aurrea hartu zuen Clermontek, 21-16 ezarri arte.
Bukaeran, berriz partidan sartu zen Baiona, 21-19koa lortuta. Norgehiagokari emozioa eman zion, baina azken jokaldian, Clermontek 24-19koa ezarri zuen, uztartze baten ondorioz lortutako zigor kolpe bati esker.
Baionak ongi eutsi dio Clermonti, eta defentsako puntua eskuratu du
Xuri-urdinak 65 minutuz aitzinetik egon dira, baina, azkenean, etxekoak gehiago izan dira (24-19)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu