Errugbia

Baionako jokalariek 'Txoria txori' abestuz ospatu dute Tolosan lortutako garaipena

Top14an mailari eusteko lehian dabil Aviron, eta ezusteko garaipena eskuratu du liderraren zelaian.

Baionako jokalariak Tolosan (Okzitania), atzo, garaipena ospatzen. AVIRON
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 16a
15:47
Entzun

Jaitsiera postuetatik irten zen Baiona atzo, ezustean, Tolosaren zelaian irabazita (28-32). Hala, Top14 liga osatzen duten hamalau taldeetatik hamabigarrena da Aviron, eta azken bi jardunaldietan erabakiko da nork galduko duen maila: haiek edo Pauko Stade Paloisek. Azken postuan den Agenek ez du Top14an jarraituko datorren urtean.

Hiru porrot jarraian izan berria zen Baiona, eta jokalari lesionatu asko zituen, gainera. Beraz, Tolosan (Okzitania) irabazteak meritu handia du; izan ere, Top14ko liderra da etxeko taldea, eta lehen postua eskuratzeko lehia estua du Arroxelako Stade Rochelaisekin. Hori gutxi balitz bezala, bi talde horiek elkarren aurka jokatuko dute Europako Kopako finala, datorren astean. Tolosak aurten etxean galdu duen hirugarren norgehiagoka da.

Dena den, atzo lortutako defentsako puntu gehigarriari esker, titulua eskuratzeko kanporaketetarako txartela ziurtatu du Tolosak. Liga erregularreko lau talde onenek jokatzen dituzte garaikurra eskuratzeko kanporaketak.

Baionaren garaipenak zeresana eman du, baina baita jokalarien ospatzeko moduak ere. Izan ere, taldeak sare sozialetan zabaldu duen bideoan ikus daitekeen moduan, euskaraz ospatu zuten aldageletan: Mikel Laboaren Txoria txori kantu ospetsua abestuz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.