SASKIBALOIA. EUROLIGAKO LAUKO FINALA

Bakardade goxoa

ANDONI URBISTONDO - MOSKU
2005eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
osku. 18 milioi lagun, 10 milioi ofizialak, zortzi «existitzen» ez direnak. Egon, badaude, baina ez da inon agertzen, daudenik. Eta Lauko Finala? Badago, ala ez dago? Badago, Baskoniak Finala jokatuko du, baina Errusiako hiriburuan asteburu honetan hara eta hona dabiltzanen %99k arrastorik ere ez dute Europan asteburuan jokoan dagoen kirol ekitaldi interesgarrienetakoak Moskun duela hitzordua. Hirian barrena, metroan, Plaza Gorrian... arrastorik ez. Olympyski Arena estadioan, partidak jokatzen diren gune erraldoian ere, kartel gutxi batzuk baino ez.

Ostiral eguerdia. Kalean, paseatzen, hiritar arruntak. Kolkotik zintzilik daramagun akreditazioari jakin-minez begiratzen dio jendeak, metroan-eta, baina ez dakite zertarako den. Gasteizko zale bakar bat ere ez dugu ikusi. Lo egongo dira, bidaian pilatutako nekea gainditu ezinik. 600 bat lagun etorri dira. 18 milioiren artean, galduta egongo dira nonbait. Maccabi Tel Avivekoren bat badabil, galdu antzean. Israeldik 6.000 lagun etorri dira, baina Moskun milaka judutar bizi dira. Plaza Gorriaren ataria. Berez, itxita dago Moskuko harribitxi turistikoa. Munduko agintari ezagunenak datoz Moskura, Bigarren Mundu Gerraren bukaeraren 60. urteurrena ospatzeko, eta segurtasun neurriak handiak dira. Poliziak, zaleak baino gehiago. Kolore guztietakoak, erakunde anitzetakoak: Polizia, Armada, segurtasun pribatua, berdeak, urdinak, txapeldunak... mosaiko polita.Larunbata. Goiza. Plaza Gorrian elkartu dira Tauko jarraitzaile gehienak, bufandak eta ikurrinak dantzan. Gidariak esan die tentuz jokatzeko, Maccabikoak ere han direla, gehiago direla, eta akaso, ez zaiela ondo irudituko euskal zaleen jokaera. Ikurrina haizatzeko eskubidea dutela erantzun diote euskaldunek, israeldarrak ere horrela dabiltzala, harro-harro.Olympysky Arena. Harroak dira israeldarrak, abertzale sutsuak. Lauko Finala jokatu gabe irabazia dutela pentsatzen dute hango kazetariek, eta errespetu gutxiko galderak egin dizkiote Ivanovici. Finalean ere nagusi izango dira kopuruz, oihuz, soinuz, harrotasunez. Partida hasi arte, behintzat. Umilak direnak ere, ordea, harroak izan daitezke, eta 600 zalek harro sentitu nahi dute gaur, harro izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.