Txirrindularitza. Italiako Giroa

Bakarrik ere badaki

Mark Cavendishek irabazi du Giroko 13. etapa, esprintean atzetik aurrera eginda. Joaquim Rodriguezek jarraitzen du liderFaborito nagusiak gaur hasiko dira mugitzen, tropela Alpeetan sartuko baita

jon eskudero
Donostia
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Mark Cavendish (Sky) da egungo esprinterrik onena. Britainiarrak agerian utzi zuen atzo beste behin azken metroetan ez duela parekorik. Haren taldekideek huts egin zuten azken bi erreleboetan, eta aurreko muturretik at geratu zen garailea. Ordea, nahikoa izan zen bera babak eltzetik ateratzeko eta helmugan bi besoak jasotzeko. Aleksander Kristoffi (Katuxa) eta Mark Renshawi (Rabobank) aurrea hartuta, aurtengo Giroko hirugarren garaipena lortu du. Guztira hamar etapa irabazi ditu Italiako errepideetan. Etapak bakarrik ehizatzen ere badaki Cavendishek.

Atzoko etaparako idatzirik zegoen gidoia bete egin zen. Hasieran ihesaldia osatu zen. Hain zuzen, Martijn Keizer (Vacansoleil) eta Francesco Failli (Farnese) aritu ziren jo eta su. Zituztenak eta ez zituztenak eman zituzten etapa irabazteko, baina alferrik. Tropela eurekin jolasean ibili zen, nahi zuenean gerturatuz eta nahi zuenean aldenduz. Hogei kilometro falta zirela irentsi zituzten.

Hortik aurrera esprinterren taldeak aritu ziren lanean. Dena den, aldapa txikiak baliatuta izan zen alde egiten saiatu zenik. Ordea, atzokoa ziklista azkarrentzat diseinatutako etapa zen. Azken zuzenbidea bi kilometrokoa zuten, eta ez zen erortzeko arriskurik izan. Mugimendu handia izan zen pelotoiaren aurreko muturrean, baina erregea Cavendish izan zen, berriz ere.

Giroko etaparik motzena eta lasaienetakoa izan zen atzokoa. Gaurtik, baina, izango da zer ikusia. Izan ere, tropela Alpeetan sartuko da, eta faborito nagusiak aurrean ibiliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.