Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Bakarrik ez omen zen gai...

Klasikozale onenen pare irabazi du Mark Cavendishek Frantziako Tourreko bosgarren etapa, Philippe Gilberten aurretikBi erorketa gogor tarteko, erretiratu egin dira Janez Brajkovic eta Iban Belasko

unai zubeldia
2011ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
«Mark Cavendishek ez daki etaparik irabazten taldekideen laguntzarik gabe». Erantzuna, errepidean. «Mark Cavendish itota geratzen da aldaparik etzanenetan ere». Erantzuna, errepidean. «Mark Cavendishek etsi egiten du aurkariren batek metro batzuk hartzen dituenean». Erantzuna, errepidean. Mark Cavendishek (Highroad) kritika hots guztiak ixiltzen jarraitzen du. Handi samarrak entzuten ditu sarritan. Baina errepidean hitz egiten du. Atzo bezala.

Highroadeko esprinterrak aurrerantzean ere entzun beharko ditu kritikak, huts txikiren bat egiten duenean. Baina Cavendishek atzo erakutsi zuen badakiela talderik gabe etapak irabazten, badakiela aldapa etzan samarrak aurrekoen erritmoan igotzen, eta badakiela aurkariek aurrea hartu arren, ez etsitzen. Esprinter peto-petoa da Man uhartekoa, baina klasikozalerik onenaren pare irabazi zuen atzo Frantziako Tourreko bosgarren etapa.

Klasikozalerik onenaren pare, Philippe Gilbert handia (Omega Pharma-Lotto) atzean uzteko gai izan zelako. Gorako joera zeukaten atzoko etapako azken metroek, eta ez zuen ematen Cavendishentzat amaiera aproposa zenik. Baina inork espero ez zuenean, eskuin aldetik potentzia erakustaldia eman zuen Highroadekoak. Aurretik lan egin zuen taldeak, txukun lan egin ere. Baina azken metroetako aldapak aldrebestu zuen taldekideen lan ona.

Tony Martinen (Highroad) atzean jarrita, Cavendish gurpiletik kanpo zeramatela ohartu zen Matthew Goss taldekidea. Erritmoa baretuta, Martini pare bat metroko aldea hartzeko aukera eman zion. Baina azkar ohartu ziren Edvald Boasson Hagen (Sky), Gilbert, Jose Joaquin Rojas (Movistar) eta gainerako esprinter eta klasikozaleak. Ezerezean utzi zuten Highroadeko txirrindularien aztikeria. Indarra eskatzen zuen atzoko etapa amaierak, eta Boasson Hagen, Gilbert, Rojas... horiek ziren irabazteko hautagai argiak. Baina bakarrik ezer egiteko gai ez zela ziotenak ixiltze aldera, kolpea emateko gai izan zen Cavendish. Lurrean eserita, lehertuta amaitu zuen etapa. Hori bai, zoratu beharrean jaso zuen Tony Martin taldekidearen zorion keinua.

Contadorren erorikoa

Atzoko etaparen amaiera ikusgarria izan zen hori, baina aurretik nahikoa komeria izan zuen Tourreko bosgarren etapak. Haizeak tentsioa sortzen du beti tropelean, eta tentsioak erorketak eragiten ditu. Eta haizea-tentsioa-erorketak lotura izan zuen atzoko etapak ere. Erorikoak batean eta erorketak bestean. 90. kilometroan izan zen larrienetakoa. Besteak beste, Robert Gesink, Juanma Garate (Rabobank) eta Janez Brajkovic (RadioShack) joan ziren lurrera, eta azken hori anbulantzian eraman zuten ospitalera. Bi kilometro geroago, Alberto Contador (Saxo Bank) erori zen, nahiz eta urradura batzuk besterik ez zituen izan. Eta Euskaltel-Euskadik helmugara iristeko kilometro gutxi falta zirenean jaso zuen albiste txarra, Iban Belasko erori egin zelako. Ospitalera eraman zuten berehala, eta eskuin lepauztaia hautsita daukala ikusi zuten. Erorketek itzalean utzi zuten Jose Ivan Gutierrez (Movistar), Tristan Valentin (Cofidis), Sebastien Turgot (Europcar) eta Anthony Delaplaceren (Saur Sojasun) eguneko ihesaldi antzua.

Dinan eta Lisieux artean, seigarren etapa jokatuko da, Tourreko luzeena (226,5 km). Esprinta beharko luke gaurko etapak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.