Aurtengo txapelketako bi piloturik sendoenak lehen lerrotik aterako dira gaur Belgikako Sari Nagusian. Eurak dira indartsuenak, eta gainerakoek tokia egiten dietela ematen du. Valentzian Massaren txanda izan zen, eta atzo, Belgikan, Hamiltonek hartu zuen lekukoa. Baina haren pole-a ez da ezeren adierazle. Massak heldutasuna lortu du aurten eta badaki puntuak ez direla larunbatean banatzen. Txapelketa egonkortasun egoeran sartu da urte hasierako gorabeheren ostean. Tokitan geratu dira Raikkonen eta Kubica. Guztiak ere oinarri sendorik gabeko egoerak izan dira, denborak eta emaitzek bakoitza bere tokian utzi baitituzte. Hamilton eta Massa dira erregularrenak, gazteenak izanagatik.
Ferrarin modu guztietan zabaldu dute Raikkonenengan konfiantza osoa dutela eta hark edozein momentutan emango diola egoerari buelta. Baina gidari batek, bere lana ondo betetzen ari denean, ez du kanpoko hainbeste laguntza behar izaten. Raikkonen iparra galduta dabil eta atzo ere laugarren izan zen. Lau auto azkarrenen artean, azkena. Dagoeneko onartu du, behar izanez gero, Massari laguntzeko prest dagoela. Normala, iaz Massak horixe bera egin zuelako Brasilen. Esanguratsua da, edonola ere, Raikkonen aukera horretaz hitz egiten hastea. Garaile batek, zerbait eskura duela ikusten baldin badu, ez du aukera horretarako zirrikiturik uzten. Baina finlandiarra galtzaile paperean dago, eta Valentzian punturik lortu ez zuenez, arrazoi gutxi ditu bestela pentsatzeko.
Lehen lau gidariak estrategia berdinarekin aterako dira, nahiz eta aurreneko geldialdian pare bat itzuliko gorabehera egon daitekeen. Ostiraleko saio guztietan Massak McLaren autoen aurretik amaitu zuen, eta badirudi lasterketan pitin bat azkarragoa dela. Spa Francorchamps txapelketako zirkuiturik ikusgarriena da, benetako gidariena. Irteera beti da garrantzitsua, baina Belgikan gainerako itzuliak ez dira gutxiago. Eau Rouge eta Raidillon aldaparen ondorengo zuzengunea aurreratzeko toki aproposa da. Ferrari motorrak hor nabarituko du abantaila.
Hamilton ongi irteten da, eta, hortaz, lehen postuan iritsi behar luke lehen balaztagunera. Baina hor komeriak izan ditzake Massari eusteko. Lehen itzulian egongo da gakoa. Hor arriskatu beharko dute beharra daukatenek.
Bakarrik geratu dira
McLareneko pilotuak dotore lortu du lehen postua, baina Ferrarik ere erakutsi du ez dagoela lo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu