Bakarrik geratuko da

Jorge Lorenzok lortu du Moto GPko 'pole'-a; Dani Pedrosa erori egin da, eta anbulantzian eraman dute

Erredakzioa
Donostia
2010eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Munduko Txapelketa Jorge Lorenzok (Yamaha) irabaziko duela esatea baino zuzenagoa izango da, agian, aurkariek galduko dutela esatea. Mallorcako pilotuari ez zaio meriturik kendu behar, aurkari guztiak ondoan zeuzkanean ere bera zelako onenetakoa. Baina Valentino Rossi (Yamaha) taldekidea erori zen lehenengo, orain hamabost egun, Italiako Sari Nagusian, Mugellon; eta Dani Pedrosa (Honda) aurkari zuzena atzo, Britainia Handiko Sari Nagusiko entrenamendu ofizialetan.

Sailkapenean hirugarren zela, Luffield bihurgunean erori zen kataluniarra, eta anbulantzian eraman behar izan zuten, bi hankak minduta. Lurrera erorita, atzeko gurpila hanketako baten gainetik pasatu zitzaion, eta hor hartu zuen min. Bere kabuz jaitsi zen anbulantziatik, baina min keinu nabarmenak egin zituen. Hirugarren postuan amaitu zuen azkenean atzoko entrenamendu saioa, baina ikusi egin beharko da gaur lehiatzeko moduan dagoen edo ez. Hasiera batean, kolpeak besterik ez dauzka, baina gaur egingo du azken proba.

Pilotuak berak adierazi zuenez, zulo batean sartu zitzaion gurpila, eta horregatik erori zen. «Baina bihar [gaur] irtengo naiz». Bigarren egunean izaten da minik handiena, baina pilotua baikor zegoen atzo. Lorenzok lortu zuen azkenean pole-a (2.03,308), eta Randi de Punietek (Honda) bigarren postua, saio ikusgarria eginda -126 ehunenera geratu zen-. Azken ahalegina egiten ari zela erori egin zen, eta istripu horrek utzi zuen pole-rik gabe.

Ducati etxekoak, makal

Andrea Dovizioso (Honda) irtengo da laugarren postuan gaur Britainia Handiko Sari Nagusian, eta Ducati etxeko bi pilotuak bosgarren eta seigarren postuan. Nicky Hayden estatubatuarra irtengo da bosgarren postuan, eta Casey Stoner australiarra seigarren postuan. Silverstoneko zirkuitu berrian izango da gaurko Britainia Handiko Sari Nagusia, eta, beraz, ezin esan daiteke lasterketan zein pilotu izango den azkarrena. Lorenzok ez luke arazo handirik eduki beharko proba irabazi eta txapelketa erabakitzen hasteko. De Punietek sendotasun handia erakutsi zuen atzo, eta gaur frantziarra bera izango da, agian, Lorenzoren aurkaririk gogorrena.

125 cc-ko proban, bederatzigarren postu apalarekin etsi behar izan zuen Efren Vazquez bilbotarrak (Derbi). Marc Marquez kataluniarra (Derbi) izan zen azkarrena (2.14,667), eta goizeko entrenamendu libreetako denbora hobetu ezinik geratu zen Vazquez. Irteera bikainak egin zalea da, ordea, bilbotarra, eta gaur, beste behin ere, indartsu ekin beharko dio lasterketari, aurreko taldearekin bat egin, eta podiumerako lehian sartu ahal izateko. Marquez aterako da lehen postuan, Bradley Smith (Aprilia) bigarrenean, eta Pol Espargaro (Derbi) hirugarrenean.

250 cc-ko proban, berriz, Claudio Corti italiarra (Suter) izan zen azkarrena, Jules Cluzel frantziarraren (Suter), Stefan Bradlen alemaniarraren (Suter) eta Julian Simon espainiarraren aurretik (Sauter).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.