Igandean burumakur amaitu zuten Osasunako jokalariek Mallorcaren aurkako partida. Hiru puntuak eskura eduki ostean, berdintzea lortu zuen Mallorcak. Oier Sanjurjo ere penatuta zen amaieran. Hargatik, sasoi honetan lehen aldiz hasierako hamaikakoan jokatu ahal izan zuen Lizarrako futbolariak, eta txukun aritu zen. Bigarren taldean askotan jokatzen zuen euskarri postuan; azken lau denboraldietan, ordea, atzerago jokatu izan du: hegaleko atzelari gisa Osasunan, eta erdiko atzelari gisa Celtan. Jatorriko postuan jokatzeko ohitura falta nabaritu dezake orain, baina, igandekoaren ondotik, hamaikakoan jarraitzea du helburu.
«Arraro samar sentitu nintzen hasieran. Dena den, garrantzitsua izan da niretzat, eta entrenatzaileak postu horretan jartzeak asko esan nahi du». Hala adierazi zion BERRIAri, partidaren biharamunean. Realaren aurkako lagunartekoan euskarri bikoitzean jarri zuen Mendilibarrek. «Pozik nago, meritu handia daukalako entrenatzailearen konfiantza lortzeak. Minutuak pasatu ahala, gainera, gero eta gusturago aritu nintzen, gogotsu, eta gauzak txukun eginez».
Hori bai, ez irabazteak min eman zion: «Partida txukuna egin genuen, baina pena izan zen ez irabaztea. 1-0 aurreratu ginen, zailena egin genuen, baina hiru puntuek alde egin ziguten». Estrategia jokaldi batean lortu zuen gola Mallorcak. «Eta penatuta amaitu genuen, irabaztea bultzada handia izango zelako lehen hiru partidetan punturik ez lortu eta gero».
Berdinketaren arantza ateratzeko, hamaikakoan jarraitzea bezalakorik ez dago. «Hor jarraitzea da orain zailena. Aukera asko ditu entrenatzaileak. Hargatik, ahalik eta partida gehien jokatzea da nire helburua». Futbolean erraz jokatzen saiatu zen Mallorcaren aurka, Patxi Puñal maisuaren antzera. Eta hasieran pase batzuetan hutsak egin bazituen ere, pixkanaka hazi egin zen. Erasora jotzeko indarrik ere izan zuen, taldea hamar jokalarirekin geratu zenean. Mendilibarren esku dago orain haren etorkizuna.
Puñal, Annan, Oier...
Puñalek zigorra betetzen duenean eta Annan taldera egokitzen denean, lehia handia izango du Oierrek euskarri bikoitzean, baina Lizarrakoak ez du etsi nahi. Iragan sasoian, Celtarekin Lehen Mailara igotzea lortu zuen. Protagonista izan zen. Zentral lanetan berria izanagatik, postuaz jabetu zen, eta futbolari gisa hazi egin da. Etxera itzulita, lehen hiru jardunaldietan aulkitik ikusi behar izan zituen partidak. Baina hamaikakoan sartu da, eta ez du hortik atera nahi. Hirugarren jardunaldian, Osasunak Vigon jokatu zuenean, Lizarrakoak ozen entzun zituen zaleen animoak. Iragan asteburuan, etxeko zaleek animatu zuten. Beste inor baino gehiago. Zaleak alde ditu, behintzat, baina jokalariak berak harrotu gabe jarraitzen du.
Badaki ez dela erraza izango hamaikakoan finkatzea. Baina baikor dago. Etzi Romaredan jokatu beharreko partida soilik dauka buruan: «Zaragoza aurkari zuzena izango da, eta behartuta gaude jokorik onena egitera. Puntu bat edo hirurak lortu nahi baditugu, partida ona jokatu beharko dugu». Nafarrak argitu zuen larritasunik ez daukatela oraindik. «Baina badakigu gauzak ondo egin beharra daukagula irabazi ahal izateko». Bera hasieratik zelaian egonez gero, askoz hobe.
Balio anitzeko jokalaria
Postu askotan joka dezake Oier Sanjurjok, eta, lehendabiziko aldiz, euskarri bikoitzean jarri zuen Mendilibarrek iragan igandeanBigarren taldean ohikoa zuen postura itzuli da, azken sasoietan atzelari aritu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu