Baloi txikia, lehia itzela

Hogeita lau selekzio ariko dira Alemanian gaurtik otsailaren 2ra, Munduko Eskubaloi Txapelketan

Julen Etxeberria.
Donostia
2007ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Eskubaloiaren NBA. Horrela deitzen diote Alemaniako eskubaloi Ligari. Pabiloi ikusgarriak, 17.000 ikusle baino gehiago zenbait partidatan, dirua barra-barra... Argi dago aukeran datorkiola izena. Izan ere, Alemanian baloi txikia handi egiten da. Ez da harritzekoa, kirol horren sorlekua baita. Erakusleiho aproposena, beraz, Munduko Txapelketa hartzeko.

Hogeita lau selekzio ariko dira lehian gaurtik otsailaren 2ra, Alemaniako 11 hiritan banatuta. Lau selekzio nabarmentzen dira guztien artean: Frantzia, Espainia, Alemania eta Kroazia. Haiek dira txapela irabazteko hautagai nagusiak. Frantziak irabazi zuen selekzioen arteko azken lehiaketa garrantzitsua: Europako Txapelketa, iaz, Suitzan. Txapela irabazita,titulurik gabeko bolada eten zuen. Izan ere, 2001ean etxean Munduko Txapelketa irabazi zuenetik, koska gorenera igo ezinik zebilen. Ekitaldi berezia izan zen Suitzakoa Frantziarentzat, aspaldiko partez Jackson Richardson gabe aritu zelako. Frantziarren urrezko aldiaren ikurrak selekzioan erretiroa hartzea erabaki zuen txapelketa hasi bezperan. Ordurako, hala ere, abian zen belaunaldi aldaketa. Omeyerrek, Guille anaiek, Karabaticek, Narcissek, Fernandezek, Dinartek eta enparauek zeramaten taldea bizkarrean.

Zergatik aldatu ondo dagoena? Hori pentsatuko zuen ziurrenik Claude Onesta hautatzaileak Alemaniako Munduko Txapelketarako deialdia egiterakoan. Izan ere, berritasun gutxi dago taldean. Bizkarrezurra ez da aldatu, baina horri etorkizun bikaineko bi jokalari gehitu zaizkio, hegalekoak biak: Abalo eta Guigou. Ez da parte hartzen duten lehen txapelketa garrantzitsua, baina aurrekoetan izan ez zuten garrantzia dute bi jokalariok orain selekzioan. Jauzia eman dute, eta haien ekarpena erabakigarria izan daiteke Frantziaren jardunean.

Espainiak muturreko ederra jaso zuen Suitzako Europako Txapelketan. Urtebete lehenago Tunisian munduko txapeldun izan ondoren, espainiarrek ia ziurtzat jotzen zuten Suitzan gauza bera egingo zutela. Txapelketa bikaina egin zuten, finalera iritsi aurretik ez baitzuten partida bakar bat ere galdu. Bazirudien txapelak ez ziela ihes egingo. Finalean Frantziari irabaztea besterik ez zitzaien falta. Ez zirudien oztopo handia, astebete lehenago, espainiarrek aise gainditu zituzten frantziarrak lehen ligaxkako partidan. Baina usteak ustel. Betiko historia errepikatu zen, eta partida erabakigarrian huts egin zuen Espainiak. Ezinean aritu zen, eta Frantziak ez zion inolako aukerarik eman.

Porrot horrek, hala ere, ez du ondoriorik izan Espainiako selekzioan. Juan Carlos Pastor hautatzailea ez da aldaketa asko egiten dituen entrenatzailea. Hala, Suitzan aritu zen talde ia bera eraman du Alemaniara. Bere estiloari leial, Juan Carlos Pastorrek beteranoak eta gazteak uztartu ditu. Erasoko jokalari bikainak ditu: Iker Romero gasteiztarra, Chema Rodriguez, Juanin Garcia, eta Rolando Urios, besteak beste. Espainiaren bidea, hala ere, Barrufet eta Hombrados atezainen lanaren araberakoa izango da. Suitzan ikasitako lezioak on egin diezaioke, gehiegizko konfiantza bazter batean uzteko.



ETXEKO BEROTASUNEAN. Etxeko taldea da Alemania, eta horrek egiten du txapela lortzeko hautagaietako bat, horrek eta talde bikaina duela. Eraberritze prozesuan murgilduta dago oraindik. Munduko Txapelketan ariko den taldeak ez du antzik orain hiru urte Europako Txapelketa irabazi zuenarekin. Lesioak eta erretiroak direla medio, jokalari mordoa faltako da: Kretzchmar, Von Behren, Zerbe, Schwarzer, Stephan, Tiedtke...Heiner Brand hautatzaileari uste baino lehenago ari zaio belaunaldi aldaketa kudeatzea. Noiz edo noiz lortuko du, lehengaia soberan baitu. Fritz, Kehrmann, Zeitz, Glandorf, Baur, Velyky, Hens, Jansen, Kraus, Klimovets... Goi mailako jokalariak ditu bere aginduetara Brandek, eskarmentu handikoak guztiak. Haietako batzuk, hala ere, kili-kolo daude, lesioetatik osatu berriak, eta zalantzan dago zein sasoietan ekingo dioten txapelketari. Horrek baldintzatuko du hein handi batean Alemaniaren jarduna. Arazo horiek gainditzen badituzte, alemaniarrak urruti iritsiko dira. Hori lortu ezean, sufritu egingo dute. Babesik, behintzat, ez zaie faltako. 10.000 lagun baino izango dituzte partida guztietan harmailetan jo eta su animatzen.

Kroazia da laugarren selekzioa faboritoen multzo horretan. Kroaziarrek urrezko aldia bizi izan zuten 2003 eta 2004 artean. Munduko eta olinpiar txapeldun izan ziren urtebeteko epean. Ordutik, hala ere, ez dute beste txapelik irabazi. Lan polita egin dute, baina atarian geratu dira azken hiru txapelketa garrantzitsuetan: 2005eko Tunisiako Munduko Txapelketan, finalean galdu zuten, eta 2004ko eta 2006ko Europako Txapelketetan finalerdietan esan zioten agur tituluari. Txakalaldi moduko horrek ez du, ordea, ezinegonik eragin. Inork ez du zalantzan jartzen Lino Cervar hautatzailearen lana.

Cervarrek bi albiste txar jaso ditu azken orduan. Vlado Sola eta Davor Dominikovic beteranoak zerrendatik kanpo geratu dira: atezainak mina du sorbaldan, eta piboteak positibo eman zuen joan zen abenduaren 20ean, bere taldearekin, Portlandekin, Asobal Kopan Ademarren aurka jokatutako partidan. Hautatzaileak berak aitortu du oso zaila izango dela bi jokalariok ordezkatzea, funtsezkoak baitziren taldean, bai pistan, bai pistatik kanpo. Kroaziarren zorionerako, azken urteetako bizkarrezurrekojokalari gehienak sasoiko daude: Balic, Dzomba, Lackovic, Vori eta Metlicic, besteak beste. Horrek eta Jugoslavia ohiko taldeek berezkoa dute izaera lehiakorrak egiten du Kroazia txapela irabazteko hautagaietako bat.

Eta lau talde horien azpitik zer? Hamaika talde, bakoitza bere izarrekin, ezustea emateko prest: Danimarka (Kasper, Knudsen eta Christiansen), Islandia (Stefansson eta Gudjon Valur Sigurdsson), Errusia (Rastvortsev eta Koktxarov), Tunisia (Hmam), Eslovenia (Rutenka eta Vugrinec), Egipto (Zaky), Norvegia (Kjelling)... Badaude ere zeresan gutxi izango duten taldeak: Kuwait, Groenlandia, Australia, Qatar, Angola eta Maroko. Apaingarriak baino zerbait gehiago izaten saiatuko dira. Dena dago prest Alemanian. Etxeko selekzioaren eta Brasilen arteko partidak emango dio hasiera gaur txapelketari. Has dadila ikuskizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.