Munduko Kopa jokatuko duten taldeak zeintzuk izango diren urriaren 12an zehaztuko zela erabaki zuen FIFAk. Iritsi da eguna, etagaur jakingo da 32 taldeetatik 27 zeintzuk izango diren. Sailkapen fasea Afrikan soilikamaitu da, eta oraingoz sailkatzea lortu duten selekzioak 24 dira mundu osoan.
Gaur beste hiru txartel banatuko dira; hirurak, Europan. Ikusmin handiena laugarren eta seigarren multzoetan dago, lehen postuak erabaki gabe baitaude. Sailkapena ziurtatu nahi badute, Frantziak eta Espainiak lehen postuan amaitzea derrigorrezkoa dute, bigarren geratuta ez baitira zuzenean sailkatuko. Zortzigarren multzoan ere erabaki gabe dago zein izango den lehena, baina Kroaziak ziurtatuta dauka sailkatzea, bigarren geratuko direnen artean bi onenetako bat izango litzatekeelako.
Autokritika Frantzian eta tentsioa Espainian
Frantziarrek autokritika egin dute azken egunetan. Zinedine Zidaneren itzulerak ez du selekzioa zuzendu. Suitzaren aurka 1-1 berdindu zuten larunbatean, eta gaur Irlandak eta Suitzak jokatuko duten partidari erreparatu beharko diote (eurek Zipreri irabazteaz gain). Hainbat jokalariren sasoi txarraz gain, Henry eta Trezegueten lesioei egin beharko die aurre entrenatzaileak hamaikako osatzerakoan. Luis Aragones Espainiako entrenatzaileak aldaketa asko egingo ditu, eta Vicente, Joaquin eta Marchenak ez dute jokatuko. Tentsioa sumatzen da Espainiako selekzioan.
Europan gaur banatuko diren hiru txartelez gain, azken hirurak zein taldek jokatuko dituzten ere erabakiko da. Kanporaketa horien zozketa etzi egingo da. Gainera, gaurko jardunaldia erabakigarria da Concacafek eta Asiak alde batetik eta Hego Amerikak eta Ozeaniak bestetik jokatzen dituzten beste bi txartelak zeintzuk lehiatuko dituzten jakiteko. Australiak azken aldiz jokatuko du kanporaketa hori, datorren sailkatze fasetik aurrera Asiako konfederazioan ariko baita.
FUTBOLA
Baloia biribiltzen, beste hiru selekzio
Beste hiru txartel banatuko dira gaur, eta azken bost kanporaketetan zein lehiatuko den erabakiko da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu