Vila-realentzat eta Athleticentzat asko aldatu dira gauzak denboraldion. Azken sasoietan oso helburu ezberdinak izan dituzten taldeak arituko dira gaur elkarren aurka. Athletic luzaroan aritu da ezinean, eta nahikoa izan du mailari eustearekin. Vila-Realek, berriz, bere historiako lorpen garrantzitsuenak eskuratu ditu azken hamarkadan. Txapeldunen Ligako finala ere ez zuen aparte izan. Baina ez da erraza beti maila bertsua ematea. Espainiako Ligan lehiakortasun handia dago, eta ondo egin behar dira gauzak onenen artean mantentzeko. Gauzak ondo egiteko ezinbestekoa izaten da jokalari onak izatea. Urpekari Horiko jokalarien maila banan-banan aztertuta, argi dago gorago egoteko taldea dela. Baina krisiak alde guztietan izan du eragina. Azulejuen azpian zegoen dirua agortu egin dela dirudi. Ondorioz, Vila-realek ere aurpegi berri gutxi aurkeztu ditu denboraldion. Horretaz gain, jokalari garrantzitsuenen joko eskasak eta lesioek zuzen-zuzenean eragin diote Fernando Roig presidente duen taldeari. Ernesto Valverdek ere ezin izan du ezer egin. Talde batek ustez eman dezakeena baino gutxiago erakusten duenean jakinekoa da entrenatzailea aldatzea izaten dela hartzen den lehen neurria. Talde guztietan egiten da gauza bera.
Denboraldia espero bezain ona ez izan arren, 26 puntu dauzka, eta datorren denboraldian Europako lehiaketetan aritzeko eskubidea ematen duten postuetatik bederatzira dago Joseba Llorente eta enparauen taldea -txartel pilaketa tartean dela, aurrelari gipuzkoarrak ezin izango du Athleticen kontra jokatu-. Bistan da talde on batentzat ez dela ezinezkoa ia itzuli oso batean galdutako bidea berreskuratzea. «Egun gure aurkari zuzena da Vila-Real», esan du asteon Iraolak. Beraz, baliteke bide horretan Athletic aurkitzea. Baina hori da, hain zuzen ere, zuri-gorriek gura ez dutena. Eta euren ahalegin guztia egingo dute atzean daudenengadik ihes egin, aurrekoengana gerturatu eta aurrea hartzeko. «Etxetik kanpo huts egin dugu azkenaldian. Madrigalen beste aukera bat daukagu. Ez dugu damutu gura», bota du Caparrosek. Aurrerapausoa emateko garrantzitsua izango litzateke oso Madrigalen ez galtzea. Aurrekariak, dena dela, ez dira baikor egoteko modukoak. Aspaldian esku hutsik bueltatu dira lehoiak handik. Puntu barik eta sekulako inpotentziarekin. Galtzea gauza bat delako eta ezinean aritzea beste bat. Buru eta indar barik baloiaren atzetik ibiltzea egokitu zaio Athletici sarri askotan. Aurkariari baloia kentzea da, hain zuzen, zuri-gorriek neurketa irabazi gura badute egin behar duten lehen gauza. «Baloiaren jabe direnean erditik jokatzen ahalegintzen dira. Jokalari guztiak etengabe ari dira mugitzen. Sarri askotan aldatzen dute posizioz», adierazi zuen usurbildarrak. Horri aurre egiteko zelai erdi indartsua zelaraitu beharko du Caparrosek. Baina, era berean, baloia berreskuratzen dutenean zer egin ere jakin beharko du Athleticek. Lehen Mailako taldeen artean baloiaren jabetza gutxien duen taldea dela kontuan hartuta, ezin ba lasai egon. Aukera izanez gero, Caparros gai izango litzateke baloia gorde eta baloi barik jokatzen jarraitzeko.
Madrigalen jokatuko duen neurketa garrantzitsua da zuri-gorrientzat, baina, aldi berean, sasoi honetako erronka garrantzitsuenetako baten aurrean ere badago Caparrosek entrenatzen duen taldea. Datorren ostegunean Europako Ligako final-hamaseirenetako joanekoa jokatuko du Anderlecheten kontra. Jakinekoa da Europan aritzeak motibazio berezia sortzen duela jokalarien artean. Era berean, Athleticek behin baino gehiagotan erakutsi du kanporaketa bidez jokatuta erabakitzen diren lehiaketetan kontrario gogorra dela oso.
Europako Liga gogoan
Horrenbestez, litekeena da Caparrosek aldaketa bat baino gehiago egitea hasierako hamaikakoan. Aurrean, De Marcos gaztea ari daiteke Llorenteren ondoan. Jokalari arabarrak protagonismo gutxi izan du Athleticen azken hilabeteotan, baina teknikariak badauka konfiantza bere jokoan. De Marcos hasieratik aritzen baldin bada, Toquerok galduko du lekua taldean.
Bestalde, bigarren jardunaldiz jarraian deialditik kanpo geratu da Yeste. Basauritarrak oraindik mina dauka orkatilan. Litekeena da gaurko partidan Susaetak eta Gabilondok Muniainek baino aukera gehiago izatea ezker hegalean aritzeko. Bestalde, aipatutako txandatzeen harira, Ustaritzek eta Koikilik ere lekua izan dezakete taldean. Diaz de Zerio, min hartuta, zerrendatik kanpo geratu da.
Baloia kendu eta gorde
Joko zeharo ezberdina egin arren, helburu bera duten aurkari zuzenak dira Vila-real eta Athletic. Elkarren kontra ariko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu