Futbola

Bana berdindu dute Athleticek eta Malagak

Athleticek ez du lortu partidan gailentzea; defentsan hutsak egin ditu, eta ez du erasoan asmatu. Bigarren zatiaren erdialdean zuri-gorriek aurre hartzea lortu duten arren, Malagak berehala ezarri du berdinketa.

Athletic-Malaga partidaren une bat. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
haritz gallastegi
2015eko urtarrilaren 25a
19:23
Entzun

Athletic Asier Illarramendi fitxatzeko egiten ari den ahalegina da asteko gai nagusia. Talde zuri-gorriak Mutrikuko euskarriaren inguruan jarri duen interesa zeresan handia ematen ari da: onerako eta txarrerako. Baina, batez ere, Athletic egoera zailean dagoela islatzen du. Kosta egiten baita Josu Urrutiak egun duen apustua barneratzea. Hala ere, jokalari batek ez du talde baten ibilia aldatuko. Fitxaketa batek ez du Athletic itxuraldatuko. Beti gertatu den legez, egun taldean dauden futbolariek atera beharko dituzte babak eltzetik. Orain arte erakutsi duten baino askoz gehiago dira, baina zelaian eman beharko dute euren dohainen berri. Horretarako, arlo guztietan hobetu beharko dute. Denbora badute. Malagaren aurka egin beharko da lehen urratsa.

Athleticek bigarren itzulian lehiakor izateko berreskuratu behar duen lehen gauza konfiantza da. Autoestimua galdu duten futbolariak ditu egun behar aginduetara Ernesto Valverdek. Orain artekoa hobe dezaketela sinesteko garrantzitsua da entrenatzailearen lana. Psikologoarena egitea egokitu behar zaio Valverderi. Egoerak hala eskatzen du. Bestalde, futbolariek ere ezinbestean dute aurrerapauso bat eman beharra. Eurak dira protagonista nagusiak. Aspaldian itsututa daude. Ez zaie ezer ateratzen. Horri buelta emateko eguneroko lana da giltza. Gogor behar eginda lortzen dira emaitzak. Beraz, Lezaman hasi beharko da itxuraldaketa.

Entrenamendu onak egitea ezinbestekoa da irabazteko, baina batzuetan ez da nahikoa izaten. Dinamika txarretik onera pasatzeko beste faktore batzuk ere hartu behar izaten dira kontuan. Zortea eta zaleen babesa, esate baterako. Athleticen historia luze eta loriatsuan, arrakastaren giltza nagusietako bat taldearen eta harmailen arteko lotura estua izan da. Azken norgehiagoketan hotz egon da San Mames. Besteak beste, taldeak ez duelako gauza handirik erakutsi. Baina Athleticek sasoi amaiera lasaia izan gura baldin badu, ezinbestean izan beharko da gotorleku Katedrala. Lehen itzulian hiru partida baino ez ditu irabazi etxean. 11 puntu guztira. Bide beretik segituz gero, ezinezkoa izango da zulotik irtetea.

Orekaren beharra

Bada, San Mamesen puntuak irabazteko joko orekatua egin beharko du talde bizkaitarrak. Defentsa lanean hainbestean ari dela esan daiteke. 25 gol jaso ditu hemeretzi partidatan. Ez dira gol asko. Hala ere, tartean banakako akats larriek eragindako golak egin dizkiote Athletici. Garesti ordaindu dituen okerrak izan dira. Ezin dira errepikatu. Atea ondo zainduta hasiko da zuri-gorrien gorakada. Baina, era berean, erasoan sakontasun eta freskotasuna behar du Athleticek. Azken hiru hamarkadetako lehen itzuli pobreena egin dute zuri-gorriek. Batez beste gol bat baino gutxiago ari da sartzen. Eta, hala ere, erdiko aurrelaria ari da izaten taldeko izarra. Aritz Adurizek bere gain hartu du zama. Baina, erdiko aurrelariarentzat zail daude gauzak taldeak ez baitu aukerarik sortzen. Ez du errematea egiteko aukera garbirik izaten. Eta, horrela, ia ezinezkoa da irabaztea. Horregatik, behar-beharrezkoa da zelai erdiko futbolariek ardura hartzeko eskatzea. Nora begira daude Ander Iturraspe, Beñat Etxebarria, Markel Susaeta, Iker Muniain eta enparauak? Adurizek inolako laguntzarik gabe atera behar al du taldea zulotik?

Gazteek ez lukete Athletic zulotik ateratzeko ardura izan beharko, baina zuri-gorrien ibili okerraren albiste on apurrenetakoa bigarren taldetik azken urratsa egin duten futbolarien agerraldia izan da. Pozgarria da Unai Lopez eta Iñaki Williams lagundu guran ikustea. Kostatzen ari zaie gorengo mailak eskatzen duen erritmora egokitzea, baina apurka-apurka ari dira maila ematen. Epe ertainean, Athletici asko lagundu diezaioketen bi futbolari dira. Eta, egun, gutxien-gutxienik freskotasuna eman diote taldeari. Ez dira kikildu. Ez dute taldea salbatuko, baina orain arte oso ondo aritu ez diren zenbait futbolari esnarazten laguntzen baldin badute, gaitz erdi. Dena dela, Athleticek lan handia dauka egiteko oraindik. Halaber, hiru lehiaketa jokatzeko aukera ere bai du. Zein baino zein erakargarriagoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.