Txirrindularitza

Bardet garaile Mont Blanc gainean

Chriss Froomek segundo gutxi batzuk galdu ditu helmugan, baina ez du arazorik izan lidergoari eusteko. Podiumean aldaketak izan dira: Bardet eta Quintana jarri dira bigarren eta hirugarren, Mollemaren eta Yatesen kaltetan.

Romain Bardet. SEBASTIEN NOGIER
jon eskudero
2016ko uztailaren 22a
17:41
Entzun

Frantziako Tourreko etaparik interesgarriena izan da gaurkoa, Albertville eta Mont Blanc artekoa. Alpeetako azken aurreko eguna zuen tropelak, eta ikuskizuna gailendu da. Besteak beste, euria agertu da, eta hark hankaz gora jarri ditu hainbat kontu. Eguneko ihesaldiak ez du lortu helmugara ailegatzea, eta azkenean faboritoak agertu dira aurrean. Romain Bardet frantziarra (Ag2r) izan da indartsuena; Mont Blanc hasi baino lehenago aurrea hartu eta bakarrik altxatu ditu bi besoak helmugan. Gainera, podiumeko bigarren postua ere eskuratu du.

Atzerago ere izan da ikuskizunik. Besteak beste, Chris Froome liderrak (Sky) estreinakoz sufritu du, baina segundo gutxi batzuk besterik ez ditu galdu azkenean. Indartsu Nairo Quintana (Movistar) agertu da, eta sailkapen nagusiko behin-behineko postua eskuratu du. Kaltetu nagusienak Adam Yates (Orica) eta Bauke Mollema (Trek) izan dira. Yatesek denbora apur bat galdu du, eta orain laugarren dago nagusian. Mollemak, berriz, bigarren postutik hamargarrenera egin du salto. Erorikoa izan du, eta egun txarra ere bai. Berandu ailegatu da helmugara. Froomek berak ere erorikoa izan du, baina ez zaio aparteko ezer gertatu.

Alpeetako azken etapa jokatuko da bihar, eta izango da zer ikusirik eta zer gozaturik. Ikusi beharko da podiuma nola geratzen den, baita Froomek zer nolako eguna izaten duen ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.