Golak: 1-0: Webok (9. min.).Epailea: Estrada Fernandez. Txartel horiak Mallorcako Webori eta Aouateri eta Athleticeko Martinez, eta Iraolari. Bestelakoak: 11.000 ikusle inguru Mallorcako Iberostar estadioan. Zelaia lehor eta egoera txarrean zegoen.
Harresia kolpetik erori zen Mallorcan. Caparros lemazain duen ontziak ziztu bizian nabigatu du azken asteetan, eta aspaldiko garaipen boladarik onena kateatu. Asteburu luzean asko izan dira ganbaran gordetako egunkari orrialde horituetara jo duten athleticzaleak antzeko egun gozoak azkenekoz noiz bizi izan zituzten bilatzera. Baina atzo, Iberostar estadioko harmaila ia famelikoetan, barealdia harrapatu zuen Athleticek. Uhartean ez zegoen haizerik, lehen zatian bereziki, eta ontziko oihalak ez ziren puztu. Hori gutxi ez, eta zuri gorriek erraztasun asko eman zituzten atzean. Bigun aritu ziren, eta Nsue zein Webo nahi bezala iritsi ziren Iraizozen aurrera. Gol bakarra sartu zuten, baina gehiago merezi izan zituzten.
Athleticek ez du larritzeko arrazoirik. Noizbait bukatu behar zuen boladak, eta azken asteetako puntu uztak Europan aritzeko postuetan jarraitzea ahalbidetzen diote. Mallorcan, larriena, itxura izan zen,eta erasoko kamuts aritu izana bainoago, atzeko lerroko zuloak. Mallorcak ez zion erraztasunik eman, eta gola hasieran lortuta are lotsagabeago giltzapetu zen. Etxean jokatuagatik kontraerasoa bilatu zuen partida osoan, eta jokoaren ekimena eraman behar izatea kalbario bilakatu zen Athleticentzat. Ontzi bat barealdian geldirik dagoenean marinelek arraunak hartu behar izaten dituzte, eta Athleticek ez zuen gorputzaldirik onena. Bilboko taldeak deseroso jokatu zuen: erritmorik gabe, zelai kaskar batean, astelehen gauez, beroarekin... Eta hori gutxi ez balitz, etxekoen jokalari beteranoen azpijoko txiki, ostikadatxo eta falta plantek are gehiago ernegatu zituzten zuri gorriak. Eskarmentua da hori, Lehen Mailan bizirauteko ezinbesteko bertutea.
Aurreneko minutuak eromena izan ziren. Partida hasi eta berehalaCastro bakarrik gelditu zen Iraizozen aurrean (3.min.), baina gehiegi gurutzatu zuen jaurtiketa. Bost minutu geroago Toquero izan zen, buruz korner baten ondoren, baloia sareetara bidaltzeko zorian egon zena, baina Kevinek atepetik atera zuen. Baloia ez zen irten, eta hurrengo jokaldian, kontra erasoan, lortu zuen gola Mallorcak. De Guzmanek pase luzea eman zion Nsueri, eta Realeko jokalari ohiak, hondoko marran, trebe egin zion iskin Koikiliri.Burua altxa eta pase ona eman zion Webori baloia sareetara bidal zezan.
Mallorcak lana egina zuen. Kontra erasoan jokatzea zilegi bihurtu zuen, eta ekimena utzi zion Athletici. Arraun egiteko garaia zen, baina Mallorcak ez zion utzi. Atzean oso sartuta Nunesek eta Ramisek ondo zaindu zuten Llorente. Urruneko jaurtiketak eta kornerrak onartu zizkion Athletici, baina ez zituen baliatu. Erasoan, berriz, Nsue izan zen mehatxua. Partida bikaina egin zuen pase luzeak zuloetan kontrolatuz. Hala ere, Webo izan zen aukera onena izan zuena, 40 minutuan, Pereiraren jaurtiketaren aldaratzea area txikian baliatu ez zuenean.
Setio kamutsa
Athleticek irudi hobea eman zuen bigarren zatian. Hein handi batean Mallorca are gehiago itxi zelako. Lehen zatiko joerak nabarmendu egin ziren. Etxekoek lotsagabeago utzi zuten baloia Athleticen oinetan, eta zuri gorriek bide errazena bilatu zuten erasoan: erdikoa. Joaquin Caparrosek erasoa bilatu zuen aldaketekin, eta Gabilondo zelairatu zuen bigarren zatiaren hasieran. Jokoari abiadurarik eman ezinik, erdiraketa eta joko zuzena izango ziren bidea.
Eta saiatu zen Athletic, baina ez zuen asmatu. Nahi beste korner eta erdiraketa izan zituen, Aouateren atea setiatu zuen, baina ez zuen fruiturik lortu. Mallorcaren atezainak geldialdi bikainak egin zituen, baina zuri gorrien joko emaria ez zen nahikoa. Urruneko jaurtiketak eta aurrelariek buruz jaitsitako baloiekin ez zen aski, Mallorcak sendo jarraitzen zuelako atzean. Tartean Nsue izan Athletic izutu zuena, korrikaldi luze eta biziekin, baina Ekizak ondo zaindu zuen.
Azken txanpan setioa areagotu egin zen. Mallorcak arazoak zituen aireko jokoari aurre egiteko, eta Urko Vera Athleticen azken fitxaketa izan zen aukera onenak izan zituena. Hamabost minutu baino ez zituen egin zelaian eta bi aukera ona izan zituen. Aurrenekoa 87. minutuan izan zen, area barruan buelta eman eta jaurtiketa gora joan zitzaionean. Bigarrena, berriz, luzapenean, eta area txikitik jotako burukada modu ikusgarrian urrundu zuen Aouatek. Aurrelari garaiak area barnean ondo mugitzen dela erakutsi zuen, etataldeari lagun diezaiokeela. Baikorrentzako kontsolamendua da, porrotaren alde onena.
MALLORCA 1. ATHLETIC 0
Barealdian geldirik
Athleticek itxura kaskarra emanda galdu du Mallorcan: atzeko lerroak erraztasunak eman ditu, eta irudimena falta izan zaio erasoanBigarren zatian hobeto aritu da, baina joko zuzenak ez du fruiturik eman ate aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu