Jendetza bildu zen atzo Urretxuko Ederrena pilotalekuan, eta zale gehienak pozik irten ziren pilotalekutik. Santa Luzia egunean murgilduta, harmailak lepo zeuden, eta txalo artean agurtu zuten ikusleek Aritz Lasa etxeko kutuna. Lasak, baina, bizkartzain bikaina izan zuen, Abel Barriola izan baitzen partidako onena, eta bien artean 22-13 irabazi zieten Juan Martinez de Irujo eta Jose Javier Zabaletari. Hasiera orekatua izan zen, eta 6nako berdinketara arte galtzaileak izan ziren aurretik. Hortik aurrera, baina, Barriola agintzen hasi zen, eta irabazleek 7-0 partziala lortu zuten (6-13). Aurrea hartuta, ondo kudeatu zuten abantaila bukaerara arte. Irujo eta Zabaletaren hutsek ere mesede egin zieten lan horretan. Azken bi tantoak Aritz Lasak egin zituen, biak ala biak ezker gantxoz.
Bestalde, gaur hasiko dira binakako txapelketako pilota aukeraketak. Aurrenekoa goizean izango da, Iruñeko Labriten (11:30), eta Irujo-Barriola eta Titin III.a-Merino II.a elkartuko dira han. Arratsaldean, berriz, Sestaon (15:00) ikusi ahal izango dira pilotariak. Han, Berasaluze VIII.a-Albisuk eta Olaizola II.a-Beroizek egingo dute bat. Astebururako beste biak bihar egingo dituzte.
Barriola izan da onena Urretxuko Santa Luzia eguneko jaialdi jendetsuan
Leitzarrak eta Aritz Lasak 22-13 irabazi diete Irujori eta Zabaletari; partida ikusgarria izan da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu